Andy Murray

Pilotarik zailena eraman du

Aldakako lesio baten erruz, erretiroa hartzeko asmoa zuela iragarri zuen urtarrilean Andy Murrayk. Baina lan isil bati esker, pistetara itzuli, eta Anberesko torneoa irabazi berri du.

JULIEN WARNAND / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Gorenean zenean hasi zen Andy Murray tenislariaren sufrikarioa, 2017an. Artean lehen postuan zen ATPren zerrendan, eta Novak Djokovicekin, Roger Federerrekin eta Rafa Nadalekin lehia estua zuen postu horri eusteko. Izarra zen, eta alde zuen. Aldakako lesio batek, ordea, haren ibilbide loriatsua eten zuen. Bi ebakuntza egin eta gero, ordea, gai izan da bere kirol ibilbideko pilotarik zailena eramateko. Bi urte eta erdiko lan nekaezin eta isil bati esker, eta aldakan protesi bat jarri eta gero, berak ere ia ezinezko ikusten zuena lortu du: berriro ere ATPko titulu bat irabaztea: Anberesko Torneoa (Flandria).

Herenegun izan zen. Stan Wawrinka hartu zuen mendean: 3-6, 6-4 eta 6-4. «Titulu honek zeresan handia du niretzat. Ziurrenik, nire kirol ibilbideko garrantzitsuena da. Izan ditudan arazoak izan eta gero, ez nuen espero horrela egotea. Oso harro nago aste honetan egin dudanarekin». Finalean aurkari izan zuen Stam Wawrinkak berak Murrayk lortutakoa txalotu zuen: «Denak pozik gaude Andy itzuli delako; txapeldun handi bat da, eta merezi du». Garaipenaz gain, 243. postutik 127ra igo da ATPren zerrendan.

Malko artean zen Murray. Hunkituta zegoen, baina baita amorratuta ere, azken bi urte eta erdi hauetan pasatutako sufrimenduaren isla. 2017ko martxoaren 4an Fernando Verdascori Dubaiko Torneoa irabazi eta gero, aldakan mina izaten hasi zen. Egunetik egunera min hori handituz joan zen jasanezina bilakatu arte. Horrenbestez, uztailean amaitutzat jo zuen denboraldia. 2018an sei torneo baino ezin izan zituen jokatu.

Urte hartan egin zioten aldakako lehen ebakuntza, baina emaitzak ez ziren esperotakoak izan. Nahi eta ezin batean zen. Buruak eta bihotzak jokatzeko esaten zioten; gorputzak, ordea, ez. Txapeldun baten gainbeheraz hitz egiten zen hedabideetan.

Aurten, urtarrilaren 11n, Murray lehertu egin zen. Australiako Irekia hasi bezperan egindako prentsa agerraldian izan zen.Wimbledongo Torneoa jokatu eta gero tenisa uzteko asmoa zuela iragarri zuen:«20 hilabete daramatzat sufritzen, aldakako lehen ebakuntza egin zidatenetik. Ahal dudan guztia egin dut, baina mina jasanezina da, eta ez da desagertzen. Wimbledon arte jarraitu nahiko nuke, horretarako borrokatuko naiz. Baina ez dakit minak utziko didan».

Hiru Grand Slam, bi urrezko olinpiar domina eta Masters mailako hamalau torneo irabazitako tenislari batentzat ezinezkoa zen hala jarraitzea. 2013an ere lesio larri bat izan zuen bizkarrean, baina aldakakoa «are gogorragoa» zela zioen. «Ezin ditut oinarrizko bi gauzak egin: jokatu eta entrenatu, eta nik hori maite dut. Ezin badut hori egin, etxera joan beharko dut».

Handik bost egunera, bost orduko partida bat jokatu eta gero, Roberto Bautistak kanporatu egin zuen Australiako Irekiko lehen kanporaketan. «Aste gutxi barru berriz ebakuntza egingo didate aldakan, eta ikusiko dugu zer pasatzen den. Hau izan bada nire kirol ibilbideko azken partida, esan dezaket dena emanda utzi dudala. Neronek ere ez dakit nola izan naizen gai bost orduz halako mina jasateko». Aurkariek ere agur mezuak idatzi zizkioten sare sozialetan. Hunkigarrienetakoa Juan Martin del Potrorena izan zen. «Segi saiatzen. Zoriontsu eta ondo ikusi nahi zaitugu».

Ebakuntza, urtarrilean

Txapelduna amore ematear zen, eta hori ez zen ohikoa. Baina oraindik ere azken aukera bat zuen; bigarren aldiz ebakuntza egitea. Urtarrilaren 28an egin zioten. Zorionez, ondo atera zen. Protesi bat jarri zioten aldakan. Handik aste batzuetara ondorengoa onartu zuen. «Gutxienez ez dut minik, eta horregatik bakarrik merezi izan du. Bizimodu normal bat egitearekin konformatzen naiz. Ikusiko dugu zer pasatzen den tenisarekin».

Hortxe zuen bere kirol ibilbideko partidarik garrantzitsuenari buelta emateko pilota. Errehabilitazio eta entrenamendu ordu amaigabeen ostean, ekainean berriro ere erraketari heldu, eta Queen's torneoa jokatu zuen binaka. «Nire torneo kutunetako bat da. Hemen lortu nuen ATPko lehen titulua. Zentzuzkoena binaka hastea da, ahalegin fisikoa txikiagoa delako. Neure burua probatu nahi dut». Feliciano Lopezekin batera jokatu zuen, eta proba balekoa izan zen, torneoa irabazi baitzuen.

Baina berriro ere bakarka lehiatu nahi zuen, eta 2017an hasitako amesgaiztotik guztiz esnatu. Cincinnatin eta Winston Salemen (AEB) aritu zen, baina ez zuen lehen kanporaketa gainditu ez batean eta ez bestean.

Hala, Rafa Nadalen akademian Challenge mailako torneo bat jokatu zuen irailean. Hortik aurrera hobeto hasi zen jokatzen, eta hilabete hauetako lanaren fruituak orain jaso ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.