Arnaud Duplantis

Pertika izanda, zertarako hegoak

Arnaud Duplantis suediarrak astebetean bitan hobetu du pertikako munduko marka: 6,16 metrotik 6,18 metrora eraman du. 20 urte besterik ez dituela kontuan hartuta, zaila da jakiten non duen muga. Bihar berriro ariko da.

EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Red Bull edari energetikoen multinazionalaren irudia darama elastikoan Armand Duplantisek. Bi hego ageri dira bertan. Enpresaren leloari erreferentziari egiten diote: hegoak ematen dizkizugu. Aukeran datorkio leloa Duplantisi: hegan egiten du berak. Baina inoiz ez du hegorik behar izan. Pertika du horretarako.

Bazetorrela Duplantis, eta zerbait handia egingo zuela. Aspaldi ari ziren adituak horretaz ohartarazten. Eta Duplantisek arrazoia ematen zien pertika hartzen zuen bakoitzeko: 18 urterekin, 6,05 metro saltatu zuen. Inork ez zuen egin halakorik, ezta Sergei Bubka handiak ere. Baina jada handia zen hura txiki utzi berri du. Astebetean bitan hobetu du munduko marka. Hilaren 8an, Torunen (Polonia), zentimetro bat ondu zuen Renaud Lavilleniek sei urte lehenago egindako marka: 6,16 metrotik 6,17era eraman zuen. Joan den larunbatean, berriz, Glasgown (Eskozia), beste zentimetro bat hobetu zuen: 6,18 metro.

Zentimetroz zentimetro ari da munduko marka hobetzen. Beste horrenbeste egin zuten aurretikBubkak eta Jelena Isinbaievak: ukrainarrak 35 aldiz ondu zuen munduko marka ,1984tik 1994ra; eta errusiarrak, 30 aldiz, 2003tik 2012ra. Diru kontuak daude horren atzean. Antolatzaileek eta babesleek dirutza ordaindu ohi dute munduko marka bakoitzeko. Sinplea da funtzionamendua: zenbat eta gehiagotan hobetu, orduan eta diru gehiago jasotzen du atletak. Bada, oraingoz, horrela ari da Duplantis, eta, kalkuluen arabera, 25.000 euro inguru jaso ditu munduko marka hobetu duen bakoitzeko. Ikusteko dago zentimetroz zentimetro jarraituko duen, edo egunen batean koska handi bat emango dion. Argi utzi du hori egiteko moduan dela, alde handiz gainditu baitu listoia. Bihar ikus daiteke zein asmo duen, berriro ariko baita, Lievinen (Frantzia).

Ez da garaia —1,81 metro— , ez indartsua —79 kilo—, ezta gihartsua ere. Horrek guztiak traba izan beharko luke bost metroko eta bi kiloko pertikari beharrezko indarra eragin, hura tolestu, aireratu eta listoia pasatu behar duen atleta mehe batentzat. Baina bost axola horrek guztiak Duplantisi. Ikustekoa da zein azkar egiten duen korrika, zein erabakitasunez sartzen duen pertika zuloan, eta zein indartsu eta maisutasunez egiten duen hegan, eta listoia pasatu.

Geneek eragina izan ohi dute, eta Duplantisek bikainak ditu kirolean aritzeko. Puntako atleta izandakoak ditu gurasoak: aita, Greg Duplantis, pertika jauzilaria izan zuen —5,82 metro du markarik onena—; ama, berriz, Helena Hedlund, heptatloian eta boleibolean aritu zen. Biek kirolerako, eta bereziki, atletismorako maitasuna transmititu zieten lau seme-alabei, guztiak baitira kirolariak. Lauren artean hirugarrena da Armand. Anaiarik zaharrena ere, Andreas, pertika jauzilaria du—5,42 metroko marka du—; bigarrena, Antoine, beisbol jokalaria da; eta arreba ere, Joanna, pertika jauzilaria du —3,66 metroko marka du—. AEBetan jaio ziren guztiak, baina Suediarekin lehiatzen dira, amaren sorterria ordezkatuz.

Baina ezer gutxirako balio dute geneek lana egin gabe, orduak sartu gabe. Eta Duplantisek zerbait egin badu, hori pertikarekin orduak sartzea izan da. 4 urterekin jada ari zen pertikarekin jauzi egiten, etxean. Erratz baten makila zerabilen pertikatzat, eta koltxoi zahar bat, lastaira. Berehala txiki geratu zitzaion aitak atondutako azpiegitura. Eta txiki ari da uzten orain arte pertikan lortu den guztia ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.