Charles Leclerc

Erretirora bideratu du Vettel

Charles Leclerc Ferrariko gidari monakoarrak denboraldiko bigarren garaipena lortu du, non eta taldearen etxean, Monzan. 21 urte besterik ez ditu, eta etorkizun bikaina.

DANIEL DAL ZENNARO / EFE.
Laurentzi Garmendia
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Charles Leclercek Ferrariren denboraldia salbatu du azken bi lasterketak irabazita. Monakoko gidaria Sebastian Vettelen laguntzaile eta ikasle gisa fitxatu zuen Ferrarik, iaz, Sauber-Alfa Romeo taldean debuta egin ostean. Baina bi ezaugarri izan ditu aurten Ferrariren jardunak, eta guztiz aldatu dute hasierako plana: bata, Vettelen beherakada, iaz hasi eta aurten hondoa jo duena; bestea, Leclercen argi izpia, abiaduragatik nahiz izaeragatik talde osoa bereganatu duena. Berehala egokitzeko bertutea du Leclercek, eta, Ferrarin daramatzan bederatzi hilabeteek horretarako epe laburra badirudite ere, haren ibilbidea ikusita, askotxo da. Edo litekeena da bestela zereginaren handitasuna erakusten dutela.

Monakon jaio eta hazitako mutiko horrek ez du gaztaro zaila izan. Aitak bultzatu zuen kart lasterketetan hastera, eta hura izan zen aurrenekoa semearen gidatzeko abilezia antzematen. Munduko txapelketa batean, Max Verstappen izeneko beste gazte baten atzetik amaitu zuen, bigarren. Maila apaletan ibili arren, bi izen horiek ozen entzun ziren 1 Formulako bulegoetan. Verstappenek berehala jaso zuen Red Bullen deia, eta taldeak sustatu egin zuen; Ferrarik, aldiz, presarik gabe hartu zuen Leclerc.

Itxura apaleko mutiko hark ez zuen lasterkari itsu eta lehiakor itxurarik. Irudi horrek, baina, aurkariei ziria sartzeko balio dio. Leclercek autotik kanpo duen irudia ez baitator bat auto barruan duenarekin. Igandean Lewis Hamiltoni lasterketa guztian emaniko lanak oso gutxiren esku daude. Hamilton bost aldiz izan da munduko txapeldun, eta garaipenaren usainak erotu egiten du. Hura ispiluetan segundo eskasera itzuliz itzuli ikustea edonor kikildu dezake, ia automatikoki amore emateko moduko mehatxua da. Ferrariko gazteak pisu horri aurre nola egin zion ikusita, argi dago bere itxura hauskorra horixe dela, itxura. Altzairuzkoa baita barrutik.

Aurreko mailatan, erraz

Elitera iritsi eta lehen urtean irabazi zituen 3F eta 2F mailak, 1 Formularen atarikoak. Iaz ere modu ikusgarrian egokitu zen 1 Formulara Alfa Romeorekin. Beste edozein mailatan egokitzea baino gogorragoa da 1 Formulara jauzi egitea. Egokitzapena ez baita teknikoa edo mekanikoa soilik. 1 Formula ez da munduan dagoen auto lasterketarik azkarrena bakarrik; inguruan dituen atmosfera, erakunde, presio eta politika zama oso astunak dira. Onena izateko, osagai horiek guztiak kudeatzen jakin beharra dago. Ferrarik ondo babestu du orain arte, eskailerak banaka igoz. Orain jasotzen ari da apustuaren fruitua.

Erosotasuna, baina, 1 Formulan halakorik baldin badago, ez dator bat-batean. Bere grina kontrolatu ezinda ibili da zenbaitetan. Azken garaipenek ez dituzte ezabatuko urte hasieran egindako hutsak: Bakun sailkatzean izandako istripua, Monakon lasterketatik at utzi zuena, edo Alemanian lasterketako buru zela izandakoa. Leclercek, gainera, orain are gorago igo dio langa bere buruari, halako hutsak kasik errukirik gabe zigortuak izango diren puntura arte. Garaipenak emango dion konfiantza horretarako erabili behar du: irabaztea posible dela sinetsiz eta bere grina kontrolatuz. Hasiberri askoren akatsa izaten baita berehala irabazi nahia, berehala zerbait erakutsi nahia. Monakoarrak hori lortu du.

Langa bat gainditu du, baina orain azterketa zailagoak izango ditu. Belgika eta Italia plaza aproposak ziren Ferrarirentzat. Itsaspen gehiago eskatzen duten zirkuituak datoz orain, non auto gorriek ez duten hain ongi erantzuten. Edozer gertatzen dela ere, badirudi gauza batzuk ez dutela atzera biderik. Azken zortzi sailkatzeetan, Vettel baino hobea izan da, eta taldearen garaipen bakarrak harenak dira. Vettelek ez du lehengo abiadurarik erakutsi, eta ez hori bakarrik, hasiberri baten hutsak egin ditu. Ferrariko bigarren gidari bati onartuko ez lizkiokeenak egiten ari da.

Gutxi iraungo du taldean hurrenkera ofizial horrek, Leclercek bi asteotan bereganatu baitu lidergoa. Ez bakarrik irabazi duelako, baizik eta nola eta nori irabazi diolako. Bere nahia argia izango da, igandean lerro artean bota zuen bezala: «Garaipenak askoz errazagoa izan beharko luke Vettelen laguntzarekin». Berak ezereztu du Vettel, eta haren erretiro zurrumurruak biziarazi. Tiffosi-ek badute behar zuten nagusi berria, eta nahikoa dute harekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.