Irma Iglesias. Sukaldaritza lehiaketako antolatzailea

«Lehiaketa gero eta herrikoiagoa da»

Iglesiasek uste du parte hartzeak goranzko joera duela, eta gastronomia beharrezkoa dela jaietarako. Aurten, antolatzaileek tortilla tradizionalak bakarrik onartzeko erabakia hartu dute, «erroetara itzultzeko».

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Aste Nagusiko klasikoetako batda patata-tortilla lehiaketa. Gastronomiazale kuadrillek urtero betetzen dute Bilboko Areatza. Irma Iglesias da antolatzaileetako bat.

Aurten zenbat tortilla aurkeztu dira?

Laurehun tortilla, gutxi gorabehera. Uste dugu goranzko joera dagoela; lehiaketa gero eta herrikoiagoa da. Kuadrilla askok, gainera, hainbat tortilla egiten dituzte, haien artean lehia moduko bat sortzeko; borroka bat, ikusteko nork egin duen tortillarik onena.

Jende gaztea ere erakartzen duzue?

Bai, bai. Hori nabaritzen dugu lehiaketa guztietan, jende gaztea agertzen dela, eta Euskadiko gastronomia asko gustatzen zaiela.

Irabazteko aukera gehiago daukate tipula erabiltzen dutenek?

Normalean, hiru parametro ebaluatzen ditugu: itxura, zaporea eta puntua. Kontua da puntua ebaluatzerakoan nabaritzen dela tipula erabili den edo ez, eta tipulak beste puntu bat ematen dio. Batzuek badakite, eta ondo ateratzen zaie.

Osagai tradizionaletatik kanpo, erabil daiteke beste ezer? Kuiarekin ere egin dituzte...

Beste urte batzuetan bai, utzi dugu, baina aurten erabaki dugu ezetz, erroetara itzultzea eta tradizionalagoak izatea. Bakarrik tipula, gatza, patatak eta arrautzak.

Badago tortillarik onena lortzeko trikimailuren bat?

Oso garrantzitsua da nola egiten duzun patata. Niretzat ezin da egon ez frijituta, ez egosita. Bitarteko zerbait izan behar da. Horrez gain, osagaiek oso onak izan behar dute; hau da, arrautza eta patata onak, tokikoak posible bada. Oso garrantzitsua da, eta nabaritu egiten da.

Epaileek zelan proba ditzakete hainbeste tortilla?

Kanporaketa aurreko bat egiten dute: mahai bakoitzean tortilla batzuk jarri, eta onena zein den deliberatu. Gero, aukeratutakoen artean onena zein den erabakitzen dute.

Giro ona egoten da egunean zehar, ala lehiakortasun asko ere bai?

Giro oso-oso ona egoten da. Gastronomia oso garrantzitsua da guretzat, eta herritarrentzat ere bai, eta beharrezkoa da jai herrikoiak egiteko. Areatza osoa dago jendez beteta eta edonor etor daiteke, umeak zein zaharrak.

Bilbotik kanpoko jendea ere etortzen da?

Bai, Mungiakoak, Karrantzakoak... Edozein lekutakoak, atzerritarrak ere bai. Extremadurako talde bat daukagu, Andaluziako bat... Turista batzuk ere etortzen dira, eta, ikusten badugu norbaitek egiteko gogoa duela, gure taldeetan sartzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.