Erling Haaland

Ez da sekula asetzen

Hemeretzi urte eskasekin, Europako futbola astintzen ari da Erling Haaland Borussia Dortmundeko aurrelari norvegiarra. Berrogei gol sartu ditu jada sasoi honetan; hamar, Txapeldunen Ligan. Bihar PSG izango du jomugan.

DAVID HECKER / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira erabakitzen Txapeldunen Ligako final-zortzirenak, itzulikoak jokatuta. Irekita daude kanporaketa gehienak; beraz, arretagune ugari egongo da. Hori bai, Europako ikuskari nagusiak Parisera begira daude, bihar hantxe ariko baita Erling Braut Haaland. Borussia Dortmundeko aurrelariak txikitu egin zuen Paris Saint-Germain joaneko lehian, bi gol sartuta. Itzal egin zien, besteak beste, PSGko Kylian Mbapperi eta Neymarri, eta Jadon Sancho taldekideari. Eta ez da denboraldi honetan egin duen lehen erakustaldia. 19 urte baino ez ditu, baina jada Europako aurrelaririk eraginkorrenetakoa da. Baloiak behin eta berriro sareratu arren, ez da sekula asetzen.

Red Bull Salzburgon egin zuen eztanda, sasoi honen lehen erdian. 28 gol sartu zituen austriarrekin 22 partida eskasetan. Horietatik zortzi, Txapeldunen Ligan sartu zituen, besteak beste Liverpool eta Napoliren gisako aurkari ahaltsuei. Hala, urtarrilean Borussia Dortmundek aurrea hartu zien Europako talde ahaltsu nagusiei, eta 20 milioi euroren truke fitxatu zuen Haaland. Sekulako mauka topatu zuten alemaniarrek, ia ezinezkoa baita golak egiteko halako gaitasuna duen jokalari bat prezio horretan erostea. Norvegiarra azkar batean egokitu da Alemaniako futbolera, hamar gol sartu baititu aurreneko bederatzi partidetan. Horiei, Europan PSGri egindako biak batu behar zaizkie. Hortaz, hamar daramatza kluben arteko txapelketa nagusian. Soilik Robert Lewandowski du aurretik, ale bat gehiagorekin.

Aurrelari klasikoaren eta garaikidearen ezaugarriak uztartzen ditu Haalandek. Area barruan, sen handiko harrapakaria da. Mugimendu sorta zabala dauka atzelarien zaintza gainditzeko, eta oso oportunista da: beti dago behar den tokian, taldekideen paseak eta aldaratzeak baliatzeko. Erremateari dagokionez, zirujauaren zehaztasuna dauka ezker hankarekin. Odol hotzez gainditzen ditu atezainak, apaingarririk gabe, jaurtiketa azkar eta indartsuekin. Ordea, ez da area gizon hutsa. Izan ere, oso garaia izan arren 1,94 metro da luze, mugikorra eta ahalmen atletiko handikoa da. Espazioak sortu eta irakurri egiten ditu, eta, gero, abiada handiz baliatu. Sky Sports Italia katearen arabera, PSGren aurka, 6,64 segundoan egin zituen 60 metro.

Horren azkarra izanik, kontraerasoetan mehatxu handia da aurkariaren atzelarientzat, eta presioan ere gogaitu egiten ditu. Bizkarrez, ordea, hobetzeko tartea du oraindik. Paradoxikoa dirudi, horren garaia izanik. Haatik, badu bere zergatia: umetan kosta egin zitzaion haztea, eta hala, talka fisikoari uko egin eta modu teknikoagoan jokatzen ikasi zuen.

Orandik gaztea da, beraz, denbora sobran dauka are aurrelari osoagoa bihurtzeko. Anartean, golak bata bestearen atzetik sartzen jarraituko du. Hirunaka egiten ere badaki, sasoi honetan dagoeneko sei aldiz erakutsi duenez. Esaterako, Genken aurka, Txapeldunen Ligako estreinakoan; eta Augsburgen kontra, Dortmundekin jokatu zuen aurreneko partidan. Sasoi honen hasieran, bost milioi euroko balioa zuen, eta 60koa du orain. Normala, baloi bat sareratzen baitu 53 minutuko.

Bederatzi gol Hondurasi

Txikitatik izan du lotura futbolarekin eta kirolarekin. Haren aitak, Alf-Inge Haalandek, erdilari gisa jokatu zuen Ingalaterrako ligan, eta ama Gry Marita Norvegiako heptatloi txapeldun ohia da. Erling Leedsen (Ingalaterra) jaio zen, aita han zebilela, baina norvegiar herritartasuna du, eta bertako selekzioan jokatzen du. Azpiko mailetan, nahieran aritu da.

Esaterako, bederatzi gol sartu zituen iaz Hondurasen aurka, 20 urtez azpikoen Munduko Kopan. Ordurako jada Red Bull Salzburgon zebilen. Lehen urratsak Norvegiako ligan egin zituen, Molden nagusiki. Han, Ole Gunnar Solskjaer izan zuen entrenatzaile. Romelu Lukakuren antza ikusi zion egun Manchester Unitedeko teknikari denak.

Martxa honetan, alderaketa guztiak txiki geldituko zaizkio. Bihar, beste erakustaldi bat egiten saiatuko da. Ikuskariek, hori bai, telebistaz ikusi beharko dute haren jarduna; lehia ateak itxita jokatuko da, koronabirusaren mehatxuaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.