Estatus politikoa. Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea

Ezberdintasunetan ere antzekoak

EAEko estatus politiko berri baterako ekarpenak aurkeztu dituzte. Legedia errespetatuz erabakitzeko eskubidea praktikara nola eraman jaso dute EAJk eta EH Bilduk
Autogobernu Lantaldeko kideak, atzoko bileran.
Autogobernu Lantaldeko kideak, atzoko bileran. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu. Enekoitz Esnaola -

2018ko otsailak 8
Lantaldea sortu eta hiru urtera, mahai gainean jarri zituzten atzo estatutu berri baten oinarriak adosteko proposamenak Eusko Legebiltzarreko taldeek. Oinarrizko testua osatzeko garaian sartu dira, baina proposamenen xehetasunek, hauteskunde estrategiek eta egutegiak oztopatu dezakete bidea. Gainera, lantaldeak ez du zehaztuta noizko egin behar duen ondorioen txostena. Hurrengo pausoa litzateke testu artikulatua idaztea, baina hori nork egingo duen ere ez dute erabaki. Bai, ordea, azken urratsa: testu hori egiteko agintzen denetik zortzi hilabeteko epea dute. Ikusteko dago, baina, legealdia amaitu baino lehen egongo ote den. Atzo aurkeztutako proposamenen arabera, oinarri batzuetan ados jartzeko aukerak agerikoak dira. Eta bereziki, EAJ eta EH Bilduren artean. Hona hemen antzekotasun eta alde batzuk.

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA







EAJ: Espainiako Konstituzioan jasota dauden eskubide historikoetan oinarrituta, EAJk dio euskal herritarrek eskubidea dutela beren «etorkizun politikoa» erabakitzeko —xedapen horrek, baina, «irakurketa berritua» behar duela dio—. Horrez gain, azpimarratzen du erabakitzeko eskubidea «praktikara» eramateko «akordioa eta ituna» beharrezkoak direla, tokiko alderdien artean, aurrena, eta Espainiako Estatuarekin, gero; eta gauzatzerakoan, euskal herritarren «pluraltasuna bermatu» behar dela.

«Euskal autogobernua berritzeko» tresna gisa aipatzen du erabakitzeko eskubidea EAJk, ez autodeterminazio eskubidearen adiera klasikoan, bere proposamena ez delako Espainiako Estatuarekin «hausteko». Dena den, EAJren iritziz, herritarren gehiengoak berretsitakoak «balio arauemailea» izan behar du; alegia, balio juridiko-politikoa, ez da kontsulta soila izan behar. Erabakitzeko eskubidea ez du bigarren horretara mugatzen. EAJren estatutu proposamenak eskumenen alorra handitzea aurreikusten duenez, horretarako «iturri gisa» ere hartzen du erabakimena.

Baina autogobernua berritzeko prozesu horretan eskubide hori praktikara noiz eraman ez du zehazten: prozesuaren amaieran, erreferendum bidez, testua berresteko, edota estatuarekin negoziatu aurretik, galdeketa «gaitzaile» moduan. Bigarren aukera hori jaso zuen EAJk 2016ko hauteskunde programan, eta oraingo proposamenean ez da ageri.

EHBildu: «Estatus» berrian «autonomiatik subirautzarako» pausoa eman nahi du EH Bilduk, betiere erabakitzeko eskubidean oinarrituta. Haren proposamen osoaren edukia kontzeptu horrek ardazten du, eta propio darabil erabakitzeko eskubidea, eta ez autodeterminazioa.

Ezinbestekotzat jo du itun politiko berriak erabakitzeko eskubidea jasotzea. Koalizioarentzat legezkotasunaren printzipioa ez da printzipio demokratikoa garatzeko muga, «baizik eta bidea». Aitortzen du «zaila» dela Espainiako Konstituzioaren erreforma egitea, eta, grina berezirik erakutsi gabe, «bideragarria» ikusten du haren atariko tituluan biltzen den printzipio demokratikoaren «interpretazio ireki eta integrala» egitea, Gernikako Estatutuaren eta 1978ko konstituzioaren xedapen gehigarrietan jasotako eskubide historikoen printzipioarekin eta xedapenarekin batera.

PROZEDURA







EAJ: Estatutuaren «erreforma» bat proposatu du EAJk; «legala, irekia eta demokratikoa», konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian eta estatutuaren Xedapen Gehigarri Bakarrean «aitortuta eta babestuta» dauden eskubide historikoetan oinarrituta.

Jeltzaleen «akordioaren eta itunaren metodologiak» eskatzen du akordio zabal bat Eusko Legebiltzarrean, eta testu artikulatu bat. Baina ez du aipatzen ondoren horrekin zer egin. Estatutua berritzeko prozedurari jarraituz gero, Espainiako Gorteen oniritzia beharko luke lehenik, eta, azkenik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren berrespena, erreferendum bidez —baina proposamenak ez dakar xehetasunik galdeketei buruz—.

Izan ere, estatutuaren edukiek aldaketa garrantzitsuak eskatzen dutenez, ezinbestekoa litzateke, EAJren arabera, estatuarekin akordioa. EAJk proposatzen duen estatus berria «kontzertu politiko bat» izango litzateke, «izaera konfederalekoa», eta horrek eskatzen ditu bi aldeen konpromisoak; Espainiaren kasuan, bere legedia aldatu edota bestela interpretatzeko gai batzuk. Epeei dagokionez, aipamen bakarra azaltzen da testuan: estatus berria onartu eta hiru hilabetera hartuko lituzke bere gain eskumenak «subjektu politiko-juridiko berriak».

EH Bildu. «Prozedura zehatz eta eraginkor baten» bidez, erkidegoaren estatus juridiko-politikoa hiru fasetan gauzatzea proposatu du EH Bilduk. 1. Eusko Legebiltzarrak ontzat jotako testu artikulatuari buruzko kontsulta gaitzaile bat egitea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean. Juridikoki ez litzateke bete beharrekoa. EH Bilduk 2016ko hauteskunde autonomikoetako programan jaso zuen hori. Biharko egunerako ere erabiliko lukete, edozein estatus motaz galdetzeko. 2. Kontsulta gaitzailean baiezkoa aterako balitz, orduan ordezkaritza batek «negoziazioa» hasiko luke Espainiako Estatuarekin, «berdintasunean oinarrituta», eta «erabakitzeko eskubidea barnean hartuko duen ordenamendu berria erabakiko da». 3. Estatuarekin negoziatu eta akordio bat lotu ondoren, erreferendum lotesle baten bidez berretsi eta gauzatuko litzateke estatus berria. «Etorkizunean, sezesioari buruzko erreferenduma estatuarekin adostutako terminoetan egitea bideragarria izan beharko litzateke, eta Europako zehaztasun arau baten menpe».

BERMEAK







EAJ: «Ez dago itunik berme sistemarik gabe», dio EAJk, eta adostutakoaren «interpretazioa eta betetzea» ezin direla alde bakarraren irizpidearen araberakoak izan. Horretarako, proposatzen du egungo estatutuak jasotzen dituen eskumenak «berritzea», eta estatuarekin «itunpeko eremu» bat edo batzuk zehaztea horiek negoziatzeko: sortzea, adibidez, Kontzertu Politikoaren Batzorde bat eta maila anitzeko foroak.

Eskumenen transferentziak eta horien garapena lehia politikotik edo garaian garaiko beharrek bultzatutako negoziazioetatik kanpo uztea galdegin du EAJk. Horretarako, eskumen mailaketa berri bat proposatzen du. Lehen blokean «kontzertatutako gaiak» agertu behar direla dio; «euskal izaerarekin lotura berezia adierazten dutenak»: kultura, hizkuntza, hezkuntza, segurtasuna, enplegua, ekonomia, justizia... Horiek «behin betiko ixteko» eta horien garapena esku sartzerik gabe bermatzeko akordioa proposatzen du estatuarekin. Arloz arlo berritu ahal izango litzateke hori, kontzertu sistemaren bidez.

Halaber, Justizia eskumena eskualdatzea proposatzen du, eta egungo EAEko Auzitegi Nagusiak hartzea Espainiako Gorenaren funtzioak. Horrek ez lukeela Espainiako Botere Judizialaren batasuna apurtuko dio. Eta, bereziki, aldaketak eskatzen ditu Konstituzionalean, «alde biko sistema berrira egokitzeko».

EH Bildu. Koalizioak dio erkidegoak ezin duela «estatuaren botere zentralaren esleipenen mende» segitu, ezin dela onartu «kanpoko edo barruko betorik», eta, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera izateaz gain, berme sistema bat aldarrikatu du. Ez du hitzez hitz, EAJk bezala, Kontzertu Politikoa aipatu, baina tankerako izaerako proposamena egin du: «Estatus berriak Espainiako Estatuaren eta Euskal Estatu Erkidegoaren arteko harremanetan molde konfederaleko aldebikotasun bat ziurtatzen duen berme sistema bat arbitratuko du». Aldebiko Batzorde paritarioa sortzeko eskatu du. Eskumenen artean dakar Euskal Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eratzeko proposamena.

LURRALDETASUNA







EAJ: EAJk dio konstituzioak eta estatutuak «izaera historikoko naziotasun» gisa identifikatzen dutela Euskadi. Euskal Herria, berriz, «nazioa» dela, «zuzenbide konparatuan ezarritako irizpide guztiak betetzen dituelako, eta, horrez gainera, halaxe aitortu eta identifikatzen dutelako herritar gehienek». Hori hala, alderdi jeltzaleak uste du azken testuak adierazi beharko lukeela «Euskal Herria berezko nortasuna duen herria» dela, zazpi lurraldetan dagoela «kokatuta», eta horiek, egun, hiru eremu instituzionaletan. Jeltzaleek nahi dute testuak jasotzea modu batzuk «euskal lurraldeen arteko harremanak bideratzeko». Horrekin loturik, gogoratzen du konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak aitortu eta babesten duela hori EAE eta Nafarroaren kasuan, eta Europako araudiek ahalbidetzen dutela mugaz gaindiko erakundeak sortzea. EAJk euroeskualde propio bat nahiko luke Euskal Herriarentzat. Europako erakunde politikoetan parte hartzeko esparruak ere adostu nahi ditu estatuarekin —eta horrekin loturik kirol taldeen ofizialtasuna ere aipatzen du—.

EH Bildu. Koalizioak bere proposamena «botere politikoaren lurralde egituran gertatzen ari den paradigma aldaketaren barruan» kokatu du, eta hor dakar «naziotik herrira» pasatzea. Tokian tokiko «herritarren borondate librean» oinarrituta osatu nahi du lurralde artikulazioa. «Euskal Herriko lurraldeen arteko artikulazio instituzional eta funtzionalak eredu konfederal bati erantzungo dio». Proposatu du Euskal Herri osorako proiekzioa luketen molde federaleko esparru juridiko-politikoak adostea. Halaber, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren arteko euroeskualdea.

ERKIDEGOAREN IZENA







EAJ: Subjektu berriak «politikoa eta juridikoa» izan behar duela dio EAJk, horren burujabetza maila azpimarratzeko. Eta hainbat izen proposatu ditu horrentzat: Euskal Foru Erkidegoa, eskubide historikoekin loturik; Euskal Erkidego Nazionala, nazio izaera azpimarratuz; Euskal Estatu Autonomoa, 1931ko estatutu proiektuarekin eta eredu federal-konfederalekin loturik; edota Foru Estatua, aurrekoen nahasketa moduan.

EH Bildu. «Autonomia Erkidegotik Euskal Estatura» pasatu nahi du EH Bilduk, eta, estatus politiko berriarekin, izena aldatu nahi dio EAE Euskal Autonomia Erkidegoari. Proposamena: EEE Euskal Estatu Erkidegoa. «Euskal Estatua edo Euskal Estatu Erkidegoa izenak kualitate juridiko-politiko ukaezina adierazten du. (…) Euskal Autonomia Erkidegoa erabakitzeko esparru politiko subirano gisa artikulatzen da, Euskal Estatu Erkidego gisa eratuta».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna