Frantziako Gobernua. 'Macron legea'

Igandea, asteko pausa ala asteko mauka

Dendak urtean hamabi igandetan irekitzeko baimena eman nahi du 'Macron legeak'. Alde agertu dira Lapurdiko dendari batzuk, baina langileen eskubideaz kezkatuta azaldu da LAB sindikatua.
Familia bat jostailu denda baten aurrean, Baionako alde zaharrean.
Familia bat jostailu denda baten aurrean, Baionako alde zaharrean. BOB EDME

Itxaso Cuevas -

2014ko abenduak 11
Eguneroko bizitzari gehien eragiten dion atala izanik, saltokiak igande gehiagotan irekita edukitzeko aukerak eragin du eztabaida gehien Macron legearen inguruan. Hala da Ipar Euskal Herrian ere, egoera eta interes oso desberdinek elkar jotzen duten lurraldea delako. Ez da berdin kostalde turistikoa eta barnealdea, eta ez dira berdin nagusien eta langileen arrangurak.

Frantziako Ekonomia ministroak proposaturikoaren erabat aurka daudenen artean dago LAB. Nahiz eta Macronek kontrakoa azaldu, Frank Herve sindikatu abertzaleko ordezkariak dio legeak ez duela langileen erosteko ahalmena handituko: «Langileek egun irabazten duten soldata bera irabaziko dute bihar, eta betiko erosmen ahalmena izanen dute. Gaur egun ehun euro gastatzen ahal baldin badituzte, dendak igandeetan zabaltzeagatik ez dituzte 110 euro gastatu ahal izango».

Turismo herrietan, igandeetan saltokiak irekitzeko aukerak ez du aldaketa handirik ekarriko, urteko egun guzietan irekirik egon daitezkelako jada. Haien artean daude, esaterako, Donibane Lohizune eta Miarritze.

Sindikatu abertzalea beldur da lege horrek herri turistikoetan zer bilakaera izango ote duen. «Igandeetan lan egitea normaltzat jotzen hasten bada, eta hemendik bost edo hamar urtera nagusiak langileari esaten badio ezin diola doble pagatu eta beste era batera eginen dutela esaten badio, zer?», dio Hervek. Langileak igandean lan egiteari loturiko eskubidea urratua izatea kezkatzen du LABeko ordezkaria.

Baionako Merkataritzako Batasuneko presidente Cathy Dupratek, aldiz, baikorki baloratu du «betiere langileari kalte egiten ez bazaio». Dupratek begi onez ikusten du Baionako saltokiak igandeetan irekiak egotea, baina ez urteko igande guziak, «horrek ez baitu interesik». Donibane Lohizune edo Miarritzeko herrien kasuan normalagoa iruditzen zaio. «Denden itzulia egin ostean, hondartza inguruan ibiltzeko aukera duzu, eta egun osoa baliatzeko aukera dago».

Dupratek bi saltegi ditu Baionan. Abenduko hiru igandetan eta udako bitan irekitzen ditu. «Urteko hamabi igandetan zabaltzeko aukera baldin badut, abenduko hiru igandeez gain, uda osoa eta pazkoko oporretan ere irekiko ditut nire saltegiak. Turismoa edota jendea erakarria izanen den egunetan irekitzeko baliatuko nuke aukera hori», dio.

Boluntario «mozorrotua»

Macronen lege proiektuak langileak igandeetan lan egiteko prest egon behar duela nabarmentzen du. Baina, Herveren ustez, borondate «mozorrotua» da. Langilea, lan egitera bultzatua izanen dela dio. «Kontratu mugatuan diren langileei, igandeetan lan egitea proposatuko zaie, kontratu mugagabe bat lortuko dutela sinetsaraziz», esplikatu du.

Duprat ez da iritzi berekoa. Haren ustez, igandeetan lan egitea, diru gehiago irabazteko aukera bat da. «Nire ustez, ikasle asko ados egon daitezke igandeetan lan egiteko. Igandea lan egiteko duten egun bakarra da».

Duprat bezala, Donibane Lohizuneko Coup de Fil dendako saltzailea ere igandeetan lan egitearen alde da: «Ongi iruditzen zait igandeetan lan egitea, lansari doblea irabazten dugu». Are gehiago, igandeetan irekiak izateagatik bezero fidelak dituztela gaineratu du.

Coup de Filen parean, Hitzak liburu denda dago; hura ere igandeetan irekia izan ohi da. Haren gerente Peggy Ray ere igandeetan lan egitearen alde da. «Igandeetan beste egunetan baino diru gehiago irabazten dugu. Errentagarriagoa da igandea, asteko beste edozein egun baino».

«Igandea, pausa eguna»

«Igandea haurrak kirolera eramateko baliatzen duzu, edota familian egoteko», dio Hervek. Baina ez dira denak iritzi berekoak. Donibane Lohizuneko etxerako oihalak saltzen dituen Olaria dendako saltzailearen ustez, «igandeetan ez dago ezer egiteko». Saltzaile horrek nahiago du igandeetan lan egin eta asteko beste edozein egunetan pausatu. «Aukeran nahiago dut astearte edo ostegun batean ez lanik egin. Igandeetan baino gauza gehiago daude egiteko egun horietan», dio saltzaileak.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, lege proiektuak kostaldean eraginen du gehienbat, Frank Herveren ustez. «Barnealdean beste mentalitate bat dago», gaineratu du. Kostaldean, «kontsumoaren logika» garatuagoa dela dio, eta jendeak dioela igandeetan irekiak diren komertzioei lana eman behar zaiela. Are gehiago, «igandeko borroka galdu dugu» dio. Frantzian egindako inkesta batek dioenez, herritarren %60 saltegiak igandeetan ere irekitzearen alde daude, eta kopuru berak dio ez duela lan egin nahi. «Beren saskia bete nahi dute lan egin gabe».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna