Salbuespena ohiko denean

Giza eskubideei eta espetxe politikari buruz aritu dira Juan Jose Ibarretxe, Joseba Azkarraga eta Iñigo Iruin, Sarek eta Agirre Center fundazioak Azkoitian antolatutako hitzaldian.

Azkarraga Sareko bozeramailea, Iruin abokatua eta Ibarretxe lehendakari ohia, Azkoitian, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Azkoitia
2015eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Garaipen politiko-ideologiko bat bilatzen du Espainiako Estatuak: «Presoak, kontakizunaren truke». Eta horretarako erabiltzen du zigor zuzenbidea, salbuespen legediak aplikatuz; besteak beste, espetxe politikarekin. Hala azaldu du Iñigo Iruin abokatuak, Joseba Azkarraga Sareko kidearekin eta Juan Jose Ibarretxe Agirre Center fundazioko presidente eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiarekin batera egindako hitzaldian. Ehundik gora lagun elkartu ziren atzo Azkoitiko (Gipuzkoa) Floreaga ikastetxeko aretoan, Giza Eskubideak eta espetxe politika. Humanismoa, bizikidetzarako printzipioa izenburu zuen hitzaldia entzutera. Azkoititik bertatik sortu zen ideia, mahai inguruan aurkezle lanetan aritutako Naroa Iturri kazetariak azaldu zuenez. Azkoitian orain urtebete hasi ziren antolatzen Sare, eta urtebetetze hori ospatzeko antolatu da hitzaldia. «Begi bistan dira emandako aurrerapausoak», esan zuen Iturrik: «Besteak beste, sentsibilitate ezberdinetako jendea biltzea lortu dutelako».

Aniztasun hori ikusi zen hizlarien artean ere. Munduan giza eskubideek duten egoera aztertzen hasi zen Ibarretxe, larritasuna agertuz. «Eta horren aurrean, 'Bakea nahi baduzu, egizu gerra' printzipioa da nagusi, baina alderantziz behar du: 'Bakea nahi baduzu, egizu bakea'». Euskal Herrian izandako kasuak ere ekarri zituen gogora, «zigor zuzenbidea nahieran» erabili dela gogora ekartzeko. «Egin, Egunkaria, Eusko Legebiltzarreko mahaiko kideak auzipetu zituztenekoa...». Segiko kide izatea egotzitako 40 gazteen kasua ere aipatu zuen Ibarretxek, komunikabideen papera nabarmentzeko: sarekada egin zutenean azalean nola jarri zuten, eta absolbitutakoan ia aipatu ere ez zutela egin.

«Etsaiaren zigor zuzenbidea» eraiki dela aipatu zuen lehendakari izandakoak, eta gaur egun ere horrek funtzionatzen duela. «Etorkizuna, ordea, giza eskubideen defentsa, elkarrizketa politikoa, erabakitzeko eskubidea eta gizartea eratzea dira». Giza eskubideen arloan, hainbat neurri hartu behar direla aldarrikatu zuen; besteak beste, «ideia politikoengatik kartzelatutakoak askatzea, eta presoei dagozkien espetxe onurak onartzea».

«Etsaiaren zuzenbidea»

Ibarretxek aipatutako «etsaiaren zigor zuzenbide» hori zertan den xehatu zuen Iñigo Iruin abokatuak, batez ere, espetxeen arloari dagokionean. Hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortzeko zailtasunak, gaixo larrien inguruko legeak... Salbuespen legediak zuen «balizko arrazoi justifikatzailea» galdu duela nabarmendu zuen; alegia, ETAren jarduera. Gaur egungo egoeraren oinarrian, PPren gobernuak, 2003ko zigorrak osorik betetzeko legearen bidez, «espetxe eredu berri bat» ezarri izana dela azaldu zuen, «mendekuan oinarritua». Eta «oso zaila» dela gaur egun salbuespen legedia horiek indargabetzea. «Euskal presoak, inoiz baino gehiago, bahitu politikoak dira. Ezin gara zain egon, gaur bertan hasita bide juridiko eta politiko guztiak erabili behar dira euskal preso politikoak Euskal Herriratu eta haiek askatzeko», azpimarratu zuen Iruinek.

Presoen egoerari eta Sareren lanari buruz aritu zen Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua ohia. Sakabanaketaren eta urruntzearen datuak eman zituen, esaterako. «Horren aurrean, gizarteak ezin du beste aldera begiratu», esan zuen. Hori bukatzea dute lehentasunezko helburu Saren, baina harago ere joan zen Azkarraga: «Sakabanaketa bukatzea pauso bat da, baina pauso bat da hori. Helburua izan behar da: presoak etxera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.