Euskarazko haur eskola lotzeko katea

Iruñeko Alde Zaharrean euskarazko haur eskola behar dela aldarrikatzeko, giza katea egin dute. Iruñeko auzo guztietan euskarazko hezkuntza bermatzeko eskatu dute.

Euskarazko haur eskolen aldeko giza katea, Iruñeko Alde Zaharrean barrena, atzo. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Adin guztietako jendea bildu zen atzo Iruñeko Descalzos kaleko haur eskolaren parean; haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak. Denak, gauza bera aldarrikatzeko: «Haur eskola, euskaraz». Iruñeko Alde Zaharrean barrena egin zuten giza katea, elektrotxarangaren doinu eta kantuei jarraituz Nafarroako Gobernuari «aldaketa, gizarte justizia eta eskubideen bermea» eskatzeko.

Descalzos kaleko haur eskolaren paretik, Nafarroako Parlamentuaren aurreraino luzatu zen giza katea. Iruñeko euskalgintzak, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek eta Sasoia pentsiodunen elkarteak antolatu zuten protesta, Alde zaharrean haur eskola euskaraz! lelopean.

Nafarroako Parlamentuaren aurrean irakurri zuten oharra Zaloa Basabek eta Mario Zapatak, Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformako kideek. Nafarroako Gobernuari eskatu diote akordio programatikoan haur eskolei buruz aipatutakoa betetzeko eta «eskubideak bermatzeko». Ikasturte honetan Iruñeko Udalak euskarazko eskaintza bi eskolatara zabaldu badu ere, Iruñeko «auzo guztietan» euskaraz ikasi ahal izateko aukera bermatzeko eskatu dute: «Iruindarrei euren haurrak elebidunak izateko aukera eskaini eta hizkuntza bazterkeriari amaiera ematen hasteko urrats txalogarria egin du udalak. Hala ere, lehen urrats gisa ulertzen dugu».

Basaberen eta Zapataren hitzetan, bide horretan jarraitzea «ezinbestekoa» da, eta uste dute«lan handia» dagoela egiteko etorkizunean hiztunen arteko aukera berdintasunera iristeko; izan ere, haien ustez, erakundeek, oraingoz, gizarte desberdintasun hori «elikatzen» jarraitzen dute.

Maite Inda Iruñeko Euskalgintzako kidearentzat, UPNk zuzendutako gobernuak urteetan erabili zuen ingelesa euskara baztertzeko: «UPNk euskaraz ikasteko eskaerak estaltzen zituen, euskarazko hezkuntza ez eskaintzeko». Indarentzat, PAI sistemaren helburu nagusia ez da zilegizkoa, beste hizkuntza bat, euskara,«baztertu» nahi duelako. Hori ez ezik, sistema horren ezarpena pedagogikoki okerra dela uste du: «Ongi prestatutako hezitzaileak eta irakasleak behar dira PAI sistema ongi ezartzeko».

Indak Nafarroako Gobernuari eskatu dio UPNk ereindakoa amaitzeko, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko: «Nafarroako Gobernuak bost haur eskola ditu, eta horietako bakar batean ere ez da eskaintzen euskarazko hezkuntza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.