Harresiak ez dira denentzat berdinak

Mugak Zabalduz karabanak Bilboko Portuan bukatu du bere ibilbidea. Hantxe salatu dute portutik Saudi Arabiara armak erraztasunez bidali direla, baina pertsonen migrazioa galarazteko harresi bat eraiki dutela.

Atzo giza kate bat osatu zuten Zierbena eta Santurtzi lotzen dituen errepidean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Asier Arrate Iruskieta.
Zierbena
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Historikoki portuak pertsonen eta ondasunen abiapuntu eta sarbide izan dira. Egungo errealitatea, ordea, bestelakoa da. Ondasunak inoiz baino erraztasun gehiagorekin lekualdatzen diren arren, pertsona batzuen mugimendua mugatuta dago. Hain zuzen, hori salatu nahi izan zuen Mugak Zabalduz karabanak atzo, Bilboko portuan: Saudi Arabiara armak inolako arazo barik bidaltzen dituzten bitartean, harresi bat eraiki dutela Erresuma Batura joan nahi dutenen mugikortasuna galarazteko.

Larunbatean abiatu zen Mugak Zabalduz karabana, Hendaiatik (Lapurdi). Hiru egunez, migratzaileek nahiz errefuxiatuek izaten dituzten mugak identifikatu eta salatzeko geldialdiak egin dituzte. Karabanaren azken egunerako, Bilboko portua aukeratu zuten. Izan ere, antolatzaileen esanetan, hantxe batzen dira euren «aldarrikapenei zentzua ematen dieten bi errealitateak»: armen trafikoa, eta pertsonen migrazioak galarazteko harresiak. Itxaso Astobiza karabanako parte hartzaileak berretsi zuen Bilboko portuan armen garraioak ez duela «inolako oztoporik», baina pertsonei ez zaiela uzten sartzen: «Portuan gerrek lotutako bi errealitateak aurkitzen ditugu».

Bi zutabe, arazo berbera

Bi errealitate horiek salatzeko, karabanako kideek bi giza kate osatu zituzten Bilboko portua gurutzatzen duen errepidean. Zutabeetako bat Santurtzitik abiatu zen, eta bestea Zierbenako portutik. Bi zutabeek 17:00 aldera hasi zuten martxa. Eguraldi euritsuari eta aurreko egunetako nekeari aurre eginez, elkarri eskutik heldu, eta bi herrien arteko bost kilometroak ibili zituzten ehunka pertsonak.

Zierbenatik atera zen zutabearen helburua izan zen, hain zuzen, portuan pertsonen migrazioa oztopatzeko egindako harresia salatzea. Era berean, portu inguruan bizi diren gazte errefuxiatuen egoera ezagutarazi nahi izan zuten; hala, Erresuma Batura doan ontzira sartzeko zain dauden gazte albaniarrek ere hartu zuten parte. Buruan, berriz, Zierbenako Sarea taldea izan zen. Talde horretako kideak arduratzen dira kanpalekuan dauden pertsonen premiak asetzeaz. Salatu zuten ostiralean berriz hustu zutelakanpalekua, eta, inor atxilotu ez bazuten ere, euren gauzak kendu zizkietela han zeudenei. Harresiaren aurretik igaro zirenean, «inor ez da ilegala» eta «kanpora lotsaren harresia» aldarriak oihukatu zituzten.

Aldiz, Santurtzitik atera zen armen salerosketa deitoratzea helburu zuen zutabea. Bazuten pozik izateko arrazoirik. Izan ere, armen garraioaren aurka egindako kanpainen ondorioz, Bilbotik armak bidaltzeari utzi diote. «Orain Santandertik bidaltzen dituzte, baina garaipen txiki bat lortu dugu», azaldu zuen Astobizak.

Bi zutabeek bidearen erdian topo egin zuten. Portua azpian zutela, «talde besarkada» bat egin zuten, bi salaketak lotzeko, eta erakusteko «elkarrekin» gaindituko dituztela: «Gerrari lotutako errealitatea ez da desagertu, eta gugandik oso hurbil dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.