Heriotza. Dolua suizidioetan

Lotsaren eta erruaren armairuan, zirrikitu bat

Urtebeteren bueltan, gertuko suizidio batek mindutakoek eraturiko elkarte bi sortu dira Euskal Herrian: Besarkada eta Biziraun. Abaroa eskaini nahi dute, eta arazoaren larritasunaren berri emateko ere altxatu nahi dute ahotsa.
BERRIA

Arantxa Iraola -

2017ko azaroak 12
Orduak eta orduak egiten genituen solasean, gogoeta etengabean: ez ginen nekatzen». Elena Aisa mintzo da; 20 urte zituela bere buruaz beste egin zuen gazte baten ama da. Ezustean hartu zituen heriotzak —«guretzat existitzen ez zen zerbait zen suizidioa»—, eta azaldu du antzeko egoeran zeuden beste hainbat familiarekin izaniko elkarrizketak zinetan lagungarriak izan zirela min horri erantzuteko. Nafarroan bizi dira, eta herrialde horretako beste bi familiarekin elkartzen hasi ziren. Gainerakoan, zaila da inguruan jarrera ulerkorrak aurkitzea. «Gai tabua da, eta hori zama handia da; gizarteak zu bakartzera egingo baitu». Eta, hain justu, horri aurre egiteko, elkartzea erabaki zuten; orain urtebete, Besarkada elkartea eratu zuten. Besteak beste, antzeko egoeretan daudenei lagun egiteko.«Izan ere, guk bakardade handia sentitu genuen suizidioari aurre egitea tokatu zitzaigunean». Sentipen hori zer den badaki Agustin Erkiziak ere; orain lau urte bere burua hil zuen 17 urteko mutil baten aita da. Berriki, emaztearekin eta gertuko suizidio batek mindutako beste pertsona batekin, Biziraun elkartea eratu du. Horiek horrela, balirudike zirrikitu bat irekitzen ari dela lotsaren, izuaren eta erruaren kezka izanda suizidioak tapatzeko erabili izan den armairu ilunean.

Premia gorritik sortutakoak dira bi elkarteak. «Halako baten aurrean, bakartuta geratzen zara: babesik gabe», adierazi du Erkiziak. Oroitzen da, esaterako, nola egiten zituen Madrilerainoko bidaiak emaztearekin batera, gaiari buruz solastatzeko era ematen zieten saioetan parte hartzeko. Hantxe lortzen zuten baretasun pixka bat zauriarentzat: «Horiengana hurbiltzen ginenean, jabetzen ginen hizkuntza berean hitz egiten genuela, sufrimenduaren hizkuntzan. Bakanen batzuek esaten ziguten: 'Nola arraio joaten zarete haraino bi ordu bakarrik egoteko?'. Ba, pentsa zer balio ematen genion horri». Sentimendu horixe pasatutakoa da Aisa: «Zuk badakizu zer den zuk sentitzen duzuna beste baten ahotan entzutea? Hori partekatzea? Eta ez inor izutzea?».

Aldagai askok egiten dute zailagoa gertuko suizidio batek mindutakoen dolua. «Oro har, beste edozein heriotzatan baino luzeagoa eta konplexuagoa da dolua», nabarmendu du Aisak. «Izugarria da. Zenbaitetan hilabete batzuk ere behar dira, benetan jazotakoaz jabetzeko. Suizidioari lotutako doluetan, askotan, denbora pasatu ahala, okerrera egiten dugu; eta normala da, baina jendeak ez du ulertzen».

Ezaugarri aski bereziak

Zama gehiegi daudela dio Aisak. Errua: «Errua atzean dabilkizu beti: ahitu egiten zaitu, zeure kontra. Profesionalek esaten dizute: 'Zuk ahal zenuena egin zenuen'. Baina denok ditugu akatsak, eta denok ditugu datu objektiboak erakusteko gauzak hobeto egin genitzakeela». Lotsa: «'Bere burua hil du' esateak publikoki kostu bat dauka. 'Zer gertatuko ote zen familia horretan?', galdera hori hor dago... Ulertezina da, eta, ondorioz, epai bat egoten da». Tabua: «Usu aipatu ere egiten ez den gai bat da, baina hortxe dago, ezpata baten moduan». Izua: «Beldurra ikusten duzu jendearen begietan; beldur handia». Inoiz erantzunik izango ez duten galderak: «Suizidio baten ostean, saihetsezina da gogoetaldi eta obsesio fase bat. Ulertu egin behar dugu zer gertatu den, eta zergatik. Noski, hasieran mundu guztiak ulertzen du. Gero, hasten dira: 'Zergatik ematen dizkiozu hainbeste buelta?'. Baina prozesua integratzeko bidean, garrantzitsua da». Uste okerrak: «Tabuaren parte batek dio suizidioa motiboren batengatik gertatzen dela, kausaren bat duela. Ba, ez. Faktore asko egon ohi dira. Gizarteak usu bilatzen du kausa bat: 'Zer gertatu zitzaion?'. Ba, hori baino konplexuagoa da». Bat dator Erkizia hainbat aurreiritzik itzal beltza dutela. «Suizidioa da heriotza mota bakarra non epaitzen dugun hil den pertsona; besteetan ez da inor epaitzen, baina bere buruaz beste egin duena oraindik epaitu egiten du gizarteak». Eta izututa antzematen du jendea, deseroso: «Suizidio hitza aipatzen duzunean, jendea tente jartzen da».

Arta psikologikoa bideratzen dute Besarkadan, banakakoa eta taldekakoa. Biziraunek ere bidea ireki du premian direnei lagun egiten hasteko. «Ez dugu nahi gu ibili garen bezala inor ibiltzea», azaldu du Erkiziak. Zergatik? galderan ainguratuta egin zituzten hilabete asko; mina ezin askatu. Erantzunik gabeko galdera izaten da gehienetan. Zertarako? galderan jarri nahi dute orain indarra. Gaiari buruzko «sentsibilizazioa» sustatzea ezinbestekoa iruditzen zaie bide horretan. Esaterako, hainbat hedabidetan agertzeko hautua egiten dute, eta hainbat topaketatan ere izan dira. Udan, halaber, gaiari buruzko ikastaro bat egin zuten EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan. Gaiaz aratz mintzatzera bultzatu ditu horrek, deus ezkutatu gabe. «Nik inoiz ez dut ukatu nola hil zen Joseba, eta aukera eman didatenetan, horri buruz hitz egin dut; nire eginbeharra dela sentitu dudalako». Eta atzemandako gabeziak erakustea ezinbestekoa iruditzen zaiolako.

Bide horretan jardutea aski garrantzitsua dela uste du. «Konponbidea gaiari buruz ez hitz egitea balitz, horrekin kopurua desagertuko balitz... Ikusten duguna da, ordea, okerrera ari dela». Informazio falta ere badakar suizidioaren inguruan dagoen isiltasunak, eta halako erabakiren bat hartzekotan egon daitezkeen pertsonen premiak atzeman ezinik, haiei lagundu ezina. «Horregatik, erakunde publikoei eskatzen dieguna da aurrez aurre begiratzeko arazo larri honi, beldurrik ez izateko begiratzeko. Badira zenbait gauza hobetu beharrekoak». Eta konponbideak osoa izan behar du; hezkuntza, osasuna eta segurtasuna hartu behar ditu aintzat. Eta pertsona bakoitzaren ingurunerik gertukoena: «Lagunek-eta hor egon behar dute; sarri sare sozialen bidez detektatzen dira halakoak. Eta gurasoak. Askotan, gu gara gutxien enteratzen garenak. Gure katalogoetan sartu behar dugu suizidioa; kirolaz, zinemaz, kulturaz, osasunaz... denetarik hitz egin behar da. Heriotzaz, gure etxean heriotzaz ere hitz egiten zen; suizidioa ere aipatu daiteke. Guk inoiz ez genuen hitz egin suizidioaz». Horiek denak kontuan hartuko dituen plan bateratu bat ondu beharraz ohartarazi du.

Bat dator Besarkada elkarteko ordezkaria. «Osasun publikoko arazo bat da. Jende asko ari da sufritzen, eta OME Osasunerako Mundu Erakundeak berak dio indarra jarri behar dela suizidioa prebenitzeko planetan; prebeni daiteke; ez guztiak, jakina. Baina prebeni daiteke. Hau serio hartu behar da. Beraz, prebentzio horren alde ere egin nahi dugu lan. Ez dugu nahi jende gehiago egotea gure egoeran. Sufrimendua izugarria da». Hain zuzen ere, gertuko suizidio batek mindutakoen elkarteetan, nazioartean, bizirik iraun dutenak izenarekin izendatzen dira partaideak. «Hainbat ikerketak erakusten dute, traumaren osteko estresaren sintomatologia aztertuta, horiek direla kontzentrazio esparru batean egon izan direnenen oso antzekoak... Sentimendu uholdea basatia izaten da». Hasi dira ekitaldiak egiten nazioartean batzen dituen eguna gogora ekartzeko; azaroko hirugarren larunbata izaten da egun seinalatua. Hainbat ekitaldi egingo dira heldu den astean, horren harira.

Aurre egin nahi diete suizidioaren banalizazioa ekar dezaketen mezuei ere. Buelta asko emanda ere, oinazea besterik ez dute ikusten maite zituzten horien heriotzan. Erkizia: «Jendeak zenbaitetan askatasunarekin lotzen du, baina ez da. Kontrakoa. Hark [semeak] irtenbide bakarra hor ikusi zuen. Hor ez da askatasunik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna