Besteak isilarazteko, ozenenak mututu

Martxoan Ameriketan erail dituzten hiru emakumeren heriotza salatu du Emakumeen Mundu Martxak, Bilbon. «Giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako erasoak» direla ohartarazi du.

Atzo Bilboko Arriaga plazan egindako elkarretaratzea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Joan den martxoaren 14an hil zuten tiroz Marielle Franco, Brasilen. Emakumea, beltza, lesbiana, eta, azken udal hauteskundeetan, Rio de Janeiron gehien bozkaturiko zinegotzietan bosgarrena izan zen. Martxoaren 20an agertu zen Maria Guadalupe Hernandezen gorpua, Mexikon, tortura zantzuekin. Hilaren 11n ikusi zuten azkenekoz bizirik, autobus batera igo zenean. LGTBI komunitateko kideen eskubideen alde egindako lanagatik zen ezaguna. Burua estalita zeramaten gizonezko batzuek erail zuten Maria Magdalena Cruz Rojas, Kolonbiako bere etxaldean; martxoaren 30ean izan zen, eta bere senarra eta semea izan ziren lekuko. Nekazari andreen eskubideen alde egin zuen borroka. «Ez dira elkarrekin loturarik gabeko heriotzak. Giza eskubideen aldeko ekintzaileak direlako hil dituzte hiru andre hauek», ohartarazi du Emakumeen Mundu Martxako kide Naia Torrealdaik.

Heriotzen berri izateak sortu dien «ezinegona eta haserrea» azaleratzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Bilbon. Gure bizitzek balio dute. Sistema kapitalistaren sorgin ehizak eraildako emakume guztiak gogoan lelopean, dozenaka lagun elkartu ziren Arriaga plazan. Urrian nazioarteko urteroko bilera egingo du Emakumeen Mundu Martxak Bilbon. Egunotan Euskal Herrian daude mundu osotik etorritako ordezkariak, bilkura prestatzeko asmoz. Hori aprobetxatu dute protesta egiteko: «Mugimendu feminista eta internazionalista garen heinean, nolabait erantzun egin behar genuen».

Hiru hilketak ez dira salbuespena. Francoren heriotzaren berri eman zutenean, Brasilgo mugimendu feministak salatu zuen urtero 100.000 andratik 4.3 hiltzen dituztela euren herrialdean. Baina ez da herrialde hartako kontua bakarrik: «Latinoamerikan, Asian eta Afrikan ekintzaile feministak hiltzen ari dira etengabe».

Torrealdaik onartu du Euskal Herritik begiratuta «harridura» sortzen duela muturreko indarkeria horrek. Baina mundu osoan emakumeek sufritzen duten zapalkuntzaren parte dela zehaztu du. «Herrialde horietan ezegonkortasun politiko itzela dago, eta horrek zigorgabetasun egoeran jartzen ditu boterea dutenak». Azaldu du gizartea mugitzeko indarra dutenak «begiz jota» dituztela, eta indarkeria erabiltzen dutela haien kontra.

Aitortu du heriotza hauen ondorioz ekintzaileek egindako salaketak nazioarte mailan ozenago entzun daitezkeela. «Baina horrek ez ditu boteretsuak kezkatzen. Badakite inork ez duela ezer egingo euren kontra». Torrealdairen ustez, beste ekintzaileak beldurtu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.