«Segurtasun falta izugarria transmititzen diegu pazienteei»

jokin sagarzazu
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Egun, zahar egoitza batean egiten du lan Ina Idarretak. Tolosako (Gipuzkoa) lehen arreta zerbitzuko medikua da, baina leku aldaketa eskatu zuen, «presioagatik».

Egunero zenbat paziente artatu behar dituzue?

Hori izaten da herrien tamainaren arabera: hirietan, 35etik gora. Eragina ere badu zentroa zein auzotan dagoen: han bizi direnen baldintza sozioekonomikoak, adinak... Baina, oro har, leku denetan nabari da lan karga.

Zeintzuk dira ondorioak?

Lehen arreta da gaixo batek duen sarbidea osasun sisteman, eta oso inportantea da denbora eskaintzea horri. Tarte gutxi izateak ekartzen du segurtasun falta izugarria pazienteentzat: hori transmititzen diegu. Era berean, gaixoaldiak ugaritu dira langileon artean, eta postuak ez dira ordezkatzen. Harrerakoengan, erizainengan... denongan eragiten du lan kargak.

Mediku gehiago jarrita konpontzen da al gatazka?

Esaten digute lehen arretako medikurik ez dagoela, baina hori ez da egia. Gero, espezialitatea egiteko plazak gutxitzen ari dira, eta lan eskaintza publikoetan ere murriztu dituzte. Hobeto kalkula zezaketen; aspalditik ikusten zen hau etorriko zela. Orain, esaten digute 2023ra arte eutsi beharko diogula horrela. Finantzaketa behar dugu, baina baita guri autonomia handiagoa ematea ere, gu geu antolatzeko.

Burokrazia lan handia egin behar duzuela salatu duzue.

Denbora gehiago ematen dugu ordenagailuan pazienteekin baino. Gauza absurdoak ere eskatzen dizkigute; eta ez gaixoek espresuki: niri bidaia agentzia batek eskatu dit frogagiri bat pertsona batena, egin ditzakeen esfortzu fisikoei buruz; edo ikastetxe batek, eskolara joan ez den haur bati buruz.

Medikuok abiatu dituzue protestak, ez herritarrek.

Ez dago ohiturarik idatzizko kexak jartzeko, eta administrazioak hori esaten digu: ez daudela. Baina jendeak nabari du egun batean mediku batekin daudela, eta hurrengoan, beste batekin, ez dagoela jarraipenik. Gaixo kronikoek sufritzen dute gehien hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.