Gipuzkoako esportazioak %11 handitu dira 2008tik

Jon Fernandez.
Donostia
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Igarotako urteari errepasoa egin eta datorrenaren zantzuak aurreikusterakoan, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak esportazioen aukerak azpimarratu ditu. Gipuzkoako hazkunde ekonomikoa «hoztu» egingo dela ohartarazi zuen atzo, Donostian, Pedro Esnaola ganberako presidenteak,baina hazkundeari eutsiko zaiola, %2,3ko gorakadarekin. Motelaldia, hain zuzen ere, Gipuzkoako esportazioen helmugako herrialdeen pattalaldiak eragingo du—eurogunea %1,6 baino ez da haziko—, eta Esnaolak nabarmendu zuen merkatu berrietara jotzeko unea dela, aukera bila. Asiako eta Afrikako merkatuak aipatu zituen preseski, %6,3 eta %3,9 haziko direlako, hurrenez hurren.

Lurraldeko enpresek azken hamarkadan esportazioen arloan egindako egokitzapena eta hedapena txalotu zuen Esnaolak. 2008tik 2018ra %11 handitu dira lurraldeko esportazioak, eta «nabarmen dibertsifikatu» geografikoki. Iaz 6.952,1 milioi euroren esportazioak egin zituen lurraldeak, 2017an baino %5,4 gehiago. Era berean, %9,8 igo zituen inportazioak —3.769,6 milioi eurokoak—.

Edonola ere, Esnaolak aitortu zuen kezka handia daukatela brexit gogorraren aukerarekin, eragin «ikaragarria» izango lukeelako Gipuzkoako enpresetan, aurrez neurtezina. Edonola ere, enpresak kontigentzia planak prestatzen ari direla azaldu zuen Javier Zubia ganberako idazkari nagusiak, eta harremanetan daudela ganberarekin: «Ez gara gai jakiteko zelako eragina izango lukeen. Espero dugula gauzak zentzuz egitea, brexit-arena ez baita txorakeria bat».

Aurtengo %2,3ko hazkunde aurreikuspena azaltzerakoan, hazkundearen moteltzea, ekonomiaren hoztea eta desazelerazio azeleratua aipatu zituen Esnaolak. «Irudipena daukat adjektiboen gerran sartuko garela... baina, azken batean, gauza bera ari gara deskribatzen». Esnaolaren arabera, «ekonomiaren hozte tekniko bat» da. 2015ean jo zuen goia hazkundearen bizkortasunak (%3,4), eta, harrezkero, apalduz joan da, apurka-apurka: %3,3 2016an, %2,9 2017an, %2,8 2018an, eta %2,3 aurten.

Pasaiako portua, gora

Ganberak inkesta bat egin die lurraldeko enpresei, eta «baikortasun neurtua» jaso dute erantzun gisa. «Merkataritza sektoreak egonkortasuna espero du aurten, etxeko kontsumoaren aurreikuspenekin bat eginez. Zerbitzu arloko enpresen %39k, berriz, fakturazioa hobetzea aurreikusten dute, eta %47k, berdin eustea». Halaber, enpresen %18k espero dute langile gehiago kontratatzea.

Aurten hazkundea iazkoa baino motelagoa izango denez, enplegu sorrera ere moteldu egingo da. «2018an, ia 7.000 enplegu sortu ziren Gipuzkoan; aurten, hazkunde txikiagoarekin, zenbaki horretatik behera ibiliko gara», adierazi zuen Esnaolak.

Bestalde, Ana Ugalde idazkari nagusiaren ondokoak turismoaren datuak azpimarratu zituen: markak hautsi ziren bidaiari kopuruan, %7,1 handitu baitzen (1,17 milioi bidaiari), eta Hondarribiko aireportutik %2,7 bidaiari gehiago igaro baitziren. Halaber, Pasaiako portuaren jarduera %5,5 hazi zen, bi urtez jaitsi eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.