John Hume

Garai ilunetan elkarrizketari lotu zitzaiona

Bakearen Nobel saria jaso zuen SDLP alderdiko buru ohiak, Ipar Irlandako bakearen alde egin zuen lanarengatik. Elkarrizketa sustatu zuen alderdi guztiekin, eta kritika ugari egi zizkioten horregatik.

PAUL VICENTE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun

Ipar Irlandako gatazkaren urterik gordinenetan bake prozesu bat abian jartzeko eta hura bururaino eramateko itxaropenari eutsi zion John Hume politikari irlandarrak. SDLP Alderdi Sozialdemokrata eta Laboristaren buru izandakoak helburu hura posiblea zela babestu zuen une oro, eta horixe gogoratu dute Irlandako eta Erresuma Batuko zenbait politikari ezagunek, haren heriotzaren berri izan dutenean. Egindako lanagatik, Bakearen Nobel saria jaso zuen 1998an, Ostiral Santuko Akordioa hitzartu zen urte berean. Itun horren bultzatzaile nagusietako bat izan zen Hume. Hala ere, bakearen alde egindako lanak ezinegona ere sortu zuen hainbat sektoretan, eta kritika gogorrak egin zizkioten. 83 urte zituela hil zen atzo, Derry jaioterriko zahar etxe batean.

 

«Heroia eta egiazko bakegilea zen», adierazi zuen Micheal Martin Irlandako Errepublikako lehen ministroak. «Adorea erakutsi du bere bizi osoan, eta baita indarra, sormena eta erabateko ziurtasuna ere gizarte moderno bat demokraziak eta giza eskubideek definitu behar dutenaren ustean».

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren hitzetan, berriz, munduak «gizon handi bat» galdu du, «gatazkaren amaiera laguntzeko eta guztiontzako etorkizun hobe bat eraikitzeko lan asko» egin zuena.

Ostiral Santuko Akordioa sinatu zenean, Erresuma Batuko lehen ministro zen Tony Blairrek nabarmendu zuen Hume «politikari erraldoia» izan dela, eta «epikoa» dela hark bakeari egin zion ekarpena. «Posiblea zela errepikatzen zuen, nekaezin jardun zuen, eta amaigabeko sormena erakutsi zuen [bakea] egingarri egiteko bideen bila».

Humerekin batera jaso zuen Bakearen Nobel saria David Trimble UUP Ulsterreko Alderdi Unionistako buru ohiak ere. Humek indarkeriaren kontra jarrera irmoa izan zuela nabarmendu zuen Trimblek, hura gogoratzean. «Indarkeriaren bidez irabaz zezaketela uste zutenek ezin izan zuten gailendu, eta, azkenean, konturatu ziren prozesu politiko batean engaiatu behar zutela, Johnek luzaroan esan bezala».

Solaserako «ausardia»

SDLPko buru ohiak, baina, ez ditu beti hitz politak jaso bake prozesu baten alde egindakoengatik. Humek alderdi guztiekin hitz egin behar zela ohartarazi zuen, eta horrek kontrako erreakzioak eragin zituen Sinn Feini hizketakide izateko zilegitasunik aitortzen ez zioten unionisten artean. IRAren ekintzek elkarrizketa ezinezko egiten zutela uste zuten.

Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohiak solasaren aldeko apustu hura nabarmendu zuen. «Nirekin hitz egiteko establishment-aren kontsentsua apurtzera ausartu zelako, Johnek kritika oso mingarriak eta kanpaina pertsonalizatuak jasan behar izan zituen, horietako asko [Irlanda] hegoaldeko hedabideek zuzenduak». Adamsek gaineratu duenez, batzuk «kondenaren erritual politikoan trabatuta» zeuden artean, Humek «adorea» izan zuen bakearen alde «egiazko arriskua» bere gain hartzeko. Adamsek bakearen aldeko hark egindako ekarpena nabarmendu du, «beste askoren» ahaleginarekin batera.

Unionista ugarik IRAren indarkeria zuritzea leporatu zion SDLPko buru ohiari, nahiz eta hura indarkeriaren aurka agertu zen. Humek ahaleginak egin zituen Sinn Feinek estrategia politiko-militarra alboratu zezan eta bide politiko hutsen aldeko apustua egin zezan.

Halaber, ez zuen uste gatazkaren konponbiderako gakoa Erresuma Batuarekin akordio bat lortzea zenik, Ipar Irlandako protestanteekin lortzean baizik. Alderdi unionistek gizartean zuten babesa ikusita, horiei beto eskubidea zegokiela babestu zuen Humek. Haren iritziz, ezinbestekoa zen Ipar Irlandako errepublikanoak eta unionistak bilduko zituen akordio bat lortzea.

Presioak presio eta kritikak kritika, Humek eta Adamsek bakerako proposamen bat prestatu zuten 1993an, eta Irlandako Errepublikako Gobernuari helarazi zioten, uhartean bake iraunkor bat lortzeko oinarriak izan zitezkeela iritzita. IRAk su-etena iragarri zuen 1994an, Adamsekin izandako elkarrizketen ondorioz.

Ahalegin horrek bultzada jaso zuen 1997an, IRAk su-etena berritu zuenean. Giroak erraztu egin zituen elkarrizketa politikoak, eta 1998an Ostiral Santuko Akordioa sinatu zuten Ipar Irlandako alderdi politikoek —DUP Alderdi Unionista Demokratikoak salbu— eta Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuek. Akordio hark gatazka armatua bukatu eta aldaketa politikoak eragiteko oinarriak jarri zituen.

Aurretik, 1985eko Londresen eta Dublinen arteko akordioa lortzeko sekretupeko negoziazioetan ere hartu zuen parte. Anglo-irlandar Hitzarmena gerora indarrik gabe geratu zen arren, Ipar Irlandako auzietan esku hartzea ahalbidetu zion lehen aldiz Dublini.

Euskal Herriko bake prozesuari ere babesa eman zion Humek. Bruselako Adierazpena sinatu zuten nazioarteko izen handiko pertsonen artean zen bera, Desmond Tutu, Frederik Willem de Klerk, Mary Robinson, Albert Reynolds, Jonathan Powell, Betty Williams eta Nelson Mandela Fundazioarekin batera, besteren artean.

Humek 1960ko hamarkadaren amaieran hasi zuen ibilbide politikoa, eskubide zibilen aldeko mugimenduan. SDLP alderdiaren sorreran parte hartu zuen 1970ean.

Bakearen Nobel sariaz gain, Bakearen Ghandi saria eta Martin Luther King saria ere eskuratu zituen, eta, 2010ean, Irlandaren historiako pertsonarik esanguratsuena hautatu zuten inkesta publiko batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.