Getafe 1 Athletic 1

Puntuarekin konforme

Athleticek berdindu egin du Getafen, eta galdu gabe jarraitzen du. Raul Garciak gola sartu du, baina berehala berdindu du Matak

Yuri Berchiche, Faycal Fajrrekin lehian, atzo, Getafen. FERNANDO VILLAR / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Getafe. David Soria; Damian Suarez, Cabrera, Djene, Raul Carnero (Nyom, 66. min.); Fajr (Portillo, 77. min.), Maksimovic (Markel Bergara, 41. min.), Arambarri, Cucurella; Mata eta Gallego.

Athletic. Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Yeray, Yuri; Dani Garcia, Beñat (Aduriz, 73. min.); De Marcos (Gaizka Larrazabal, 47. min.), Raul Garcia, Muniain (San Jose, 90. min.); eta Williams.

Golak. 0-1. Raul Garciak (6. min.); 1-1. Jaime Matak (12. min.).

Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Getafeko Damian Suarezi eta Markel Bergarari; eta Athleticeko Capari.

Bestelakoak. 10.103 ikusle Getafeko Alfonso Perez koliseoan.

Puntu bat. Sari horrekin itzuli da Athletic Getafetik (Espainia). Bana egin zuen talde zuri-gorriak atzo. Emaitza ona da. Batetik, ez zuen gehiago lortzeko meriturik egin. Bestetik, hasiera onari eusteko balio dio. Ez du galdu, eta horrek konfiantza handia ematen du. Indartsu iritsiko da Realaren aurkako derbira.

Zuri-gorriek ezin hobeto ekin zioten partidari, Getaferen areara arrisku pixka batekin iritsi ziren aurreneko jokaldian gola sartu baitzuten. Capak erdiraketa zehatza egin zuen eskuinetik, eta Raul Garciak sareetara bota zuen baloia, lehen ukituan. Seigarren minutua zen.

Baina apenas izan zuen ospatzeko astirik, azkar berdindu baitzuten etxekoek, 12. minutuan. Zuri-gorriek gola sartu zuten gisan egin zuen Getafek banakoa: Cucurellak erdiratu egin zuen ezkerretik, Jaime Matak Yerayri hartu zion aurre, eta Unai Simonen hanka artetik sartu zuen baloia. Bizi-bizi eta alai zihoan ustez zurruna izan behar zuen partida.

Baina beroak, ura edateko gelditu behar izateak eta atsedenaldira iritsi aurretik Maksimovicek eta De Marcosek min hartu eta zelaia utzi behar izanak neurketaren erritmoa moteldu zuten —jokalari arabarrak lesio larria izan dezake ezker orkatilan—. Gaizka Larrazabalek ordezkatu zuen De Marcos, eta estreinakoa egin zuen lehen taldearekin, Aitor aitaren arrastoa segituz.

Bigarren zatian, Getafe gehiago saiatu zen. Athleticek, ordea, ez zuen arriskatu. Ez zuen nahi aurrera egiteagatik huts bat egin eta aurkariak etekina atera ziezaion. Zuri-gorriek Williams bilatzen zuten etengabe, baina aurrelaria oso bakarrik zegoen. Horregatik, Gaizka Garitanok Aduriz zelairatu zuen 73. minutuan, Beñaten ordez. Baina oraingoan ez zen salbatzailea izan Aduriz. Azken minutuetan Garitanok ontzat eman zuen puntua. Muniain kendu eta San Jose zelairatu izana da horren erakusle. Sari ona zen puntua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.