Siriak erasoei berrekin die Idliben

Ia 60 lagun hil dira erasoen ondorioz, su-etena indarrean zen arren. Alepon gutxienez zortzi zibil hil dituzte islamistek botatako jaurtigailuek

Erreskate lanak, herenegun, Idliben. YAHYA NEMAH / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Turkiaren arabera, urtarrilaren 12an sartu zen indarrean Errusiarekin sinatutako su-etena Idliben, Siria ipar-mendebaldean. Errusia da Siriako Gobernuaren aliatu indartsuena, eta Idlib, berriz, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak duen azken gotorlekua. Herenegun, ordea, ezerezean utzi zuten tregoa hori Baxaral-Assad Siriako presidenteak. Giza Eskubideen Behatoki Siriarrak esan zuenez, 27 matxino etaAl-Assaden 30 soldadu hil ziren erasoen ondorioz.

Azken egunetan erasorik egin gabe zen Siriako Gobernua, baina, ofizialki, ez du inoiz onartu Errusiak eta Turkiak adostutako su-etena. Moskuk, ordea, urtarrilaren 9an iragarri zuen tregoa.

Erasoari erantzunez, talde islamistek jaurtigaiak bota zituzten atzo Alepora —Idlibetik 60 kilometrora dago—, eta zortzi zibil hil zituzten eta beste 25 zauritu, behatokiaren arabera. Siriako Gobernuak kontrolatzen du Alepo.

Azken bi egunetako erasoei esker, Siriak Idlib hego-ekialdeko hiru herriren kontrola hartu du, eta posizioak aurreratzea lortu du hurrengo erasoari ekin aurretik.

Idlib muturreko talde islamista suniten kontrolpean dago 2015etik. Gaur egun HTS izena du talde horrek, eta hura osatzen duten taldeen artean da Al-Nusra Frontea, Al-Qaedak Sirian zuen filiala. Turkiak Al-Assadi aurre egin dioten taldeak babestu ditu duela zortzi urte Siriako gerra hasi zenetik; behaketa postu militarrak mantentzen ditu eskualdean.

2011. urteko martxoan gerra hasi zenetik, bost milioi haurrek baino gehiagok utzi behar izan dute euren etxea, Nazio Batuen Erakundearen Ikerketa Batzordearen arabera. Horietatik 2,6 milioik Siriako beste lekuren batera egin dute ihes, eta 2,5 milioik, berriz, atzerrira.

Giza eskubideen urraketak

NBEk atzo argitaratu zuen txostena, eta haur horiek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak salatu ditu. Paulo Pinheiro aditu taldearen arduradunak atzo adierazi zuenez, «gatazkan parte hartu duten guztiak dira errudun», baina gehitu zuen Al-Assaden gobernuak «ardura berezia» duela haurrak babesteko orduan.

Txostenak 2011ko irailetik 2019ko urria bitartean gertatutako hainbat kasu azaltzen ditu. Besteak beste, hilketa kasuak, mutilazioak, torturak, trauma psikologikoak eta sexu abusuak. Gerran jardun duten armaden ekintza zehatzak ere kritikatzen ditu: barreiatze bonben edo arma kimikoen erabilera, adibidez.

Gerrak ia guztiz suntsitu du Siriako hezkuntza sistema: bi milioi haur baino gehiago ez dira erregularki joaten ikastetxeetara, NBEren agiriak dioenez.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.