BOST URTE ESTRATEGIA DESBERDINEKIN

Xi Jinpingen bigarren agintaldia hasi berri da. Lehen bezala, Txinan ezarrita dauden euskal enpresek aurre egin beharko diote bizkor aldatzen ari den egoera bati. Batzuek porrot egin zuten, eta etxera itzuli ziren, baina beste batzuek arrakasta izan dute, beren inbertsioa errealitate berrira egokitzeko gai izan direlako.

Igorreko Batz kooperatibaren lantegia, Mondragon taldearen poligonoan,Kunshan hirian. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Denbora bizkorrago igarotzen da Txinan beste lekuetan baino. Txinaren bost urte mundu aberatseko hainbat hamarkadaren parekoak dira. Hori diote estatistika sozioekonomikoek, eta hori baieztatzen dute Txinan dauden Euskal Herriko enpresaburuek. Hortaz, Xi Jinping 2012an gidatzen hasi zen Txina horrek ez du zerikusi handirik beste bost urtez gidatu beharko duenarekin. Eta horrek arazoak sortzen ditu.

«Txinan dauden atzerriko enpresentzat erronka handia da hain bizkor gertatzen diren aldaketetara egokitzea», aitortu du Andres Egañak, Grupo Ormazabaleko Txinarako zuzendariak. Xik Alderdi Komunistako buruzagitza —eta ondoren, herrialdeko presidentetza— eskuratu zuenetik, Txina sendotu egin da munduko bigarren potentzia ekonomiko gisa, eta gero eta gertuago ditu AEBak.

Baina hazkunde ekonomikoa puntu eta erdi txikitu da. Ongizatea handitu denez, mota guztietako produktuen kontsumitzaile handi bilakatu da Txina, eta, horren ondorioz, barne merkatu erakargarria da orain. Dagoeneko lortu du Pekinek2012an bere buruari jarri zion helburua, hots, eredu ekonomikoa iraultzea eta barne kontsumoa bilakatzea bere ekonomiaren motor nagusia, esportazioen ordez. Baina arazoak ez dira falta: soldatak produktibitatea baino askoz gehiago ari dira hazten, eta neurriz kanpoko zorpetzeak krisi bat eragingo duen beldurra zabaltzen ari da.

Testuinguru horretan, gorabeheratsua da euskal enpresek Txinan izan duten ibilbidea. Azken bost urteetan, oso enpresa esanguratsuak erori dira, haien artean Mondragon taldeko batzuk. 2015ean, Wingroupen bideari jarraitu, eta itxi egin zuten Orbeak eta Fagor Industrialek, ez zutelako jakin beren estrategia egoera berrietara egokitzen. «Wingroupek, Orbeak eta Fagor Industrialek ez zuten izan espero zuten harrera. Beren estrategia aldatu behar izan dute, ez direlako gai izan Txinako merkatuko giltzekin asmatzeko, edo beren produktua garestiegia zelako», azaldu du Oscar Goitiak, Mondragon Internationaleko arduradunak.

Munduko fabrika, iragana

«Gu 2005an etorri ginen hona,espero genuelako Txinako bizikleta esportatozioei [Europako Batasunean] ezartzen zitzaien %48,5eko muga zerga desagertu egingo zela», esan zuen Jon Fernández Orbeako zuzendariak, Txinako lantegia itxiko zutela iragarri zutenean. «Uste genuen Europara esportatzeko plataforma produktibo ona izango zela, baina oker geunden». Txina dagoeneko ez da merke esportatzeko ekoizten duen munduko fabrika hura. Balioaren katean jauzi handia egin du dagoeneko, eta zenbait esparru teknologikotan liderra da, elektronikatik hasi eta energia berrietaraino.

«Badira urte batzuk amaitu zela Txina esportaziorako plataforma bat zen garai hura», ziurtatu du Miren Madinabeitiak, SPRIko nazioartekotze zuzendariak. «Gaur egun, merkatu erakargarria da geure enpresentzat. Urte hauetan guztietan han geratu diren enpresek balio erantsi handiko produktu batekin eutsi diote, eta barne merkatuari begira». SPRIren eremuko 133 enpresa daude han, eta 222 lantegi dituzte. Txina da, Europako Batasuneko herrialdeetatik kanpo, Euskal Herriko enpresen inbertsio handienak jasotzen dituena.

«Orain ari gara ikusten euskal enpresek etxean egiten dituzten antzeko inbertsio proiektuak egiten dituztela Txinan ere. Produkturik aurreratuenak eramaten dituzte, eta gehiago inbertitzen dute teknologian eta automatizazioan. Proiektu gutxiago egiten dituzte, baina askotarikoak dira orain. Lehen, hornitzaileak bilatzen ziren; orain, berriz, Txinan merkatua zabal dezaketen bazkideen bila aritzen dira», ziurtatu du Madinabeitiak.

Eraldaketa hori ongi azaldu zuen Jokin Arrasatek, Talleres Aguik Txinan duen arduradunak, euskal enpresek Shanghain egindako topaketa batean. «Duela hamar urte iritsi ginenean, ez genekien oso ongi zertara etorri ginen. Orduan, estrategia zen merke erostea Euskadira esportatzeko; han errentagarria izatea zen helburua. Orain, aldiz, kontrakoa gertatzen da. Txinan bilatzen ditugu bezeroak. Zorionez, txikiak izan arren, geure txokoa aurkitu dugu, eta badugu itxaropena hurrengo urteotako emaitzen inguruan».

Bere kooperatibek Txinan duten etorkizunari buruz baikor azaldu da Mondragon taldea ere, nahiz eta itxiera batzuek aldaketa handiak eragin dituzten duela hamar urte Kunshan hirian inauguratutako enpresa parke aitzindarian. «2009an 90 milioi euroren negozioa egin genuen, eta 2016an jada 260 milioira igo da. Milatik behera langile genituen atzerrian 2010an, eta orain 1.500 inguru dira», kontatu du Goitiak. Orotara, Mondragonek hemeretzi lantegi ditu Txinan, eta beste hainbat bulego komertzial. Merkatu handienetan hirugarrena du, Europaren eta AEBen ondoren. «Pisua irabazten ari da, eta beti izango da garrantzitsuenetako bat».

Horren adibide da Batz, bigarren epean Kunshango parkean kokatu zirenetako bat. Igorreko kooperatiba horrek (Bizkaia) Kunshango lantegia zabaldu du, eta beste bi ere ireki ditu, Txina hegoaldean bata eta mendebaldean bestea. «Ez dakigu Txinan zer gertatuko den. Baina urtean 22 milioi ibilgailu saltzen dira han, eta zenbakiek diote hazkundea jarraitua dela; garbi dago hemen egon behar dugula», azaldu zuen Batzeko kudeatzaileak, Bingen Aranzabalek, Kunshango fabrika zabalduaren inaugurazioan. «Etorri ginen pentsatuz bost urtez egongo ginela; jada hamar egin ditugu, eta auskalo zenbat geratuko garen».

Askok jateko tarta bat

Baina dena ez da urre. Egia da Txinako merkatua munduko gozoena dela kosk egiteko, baina gero eta gehiago ari dira tarta jan nahian. «Lehen, lehia atzerriko bost enpresaren artekoa zen, baina jada ehunka gaude, eta gehienak Txinakoak dira. Prezioak jaisten ari dira, eta horrek behartzen gaitu gure kudeaketa eta produktzio sistemak doitzera. Hein batean, txikiak izateak baldintzatzen gaitu, zailagoa baitzaigu talentua erakartzea eta zenbait proiektutara sarbidea izatea». Hala mintzatu da Ormazabaleko Egaña.

Madinabeitia ados dago enpresa txinatarren hobekuntzak gauzak zaildu dizkiela kanpokoei. «Txinatarren lehiatzeko gaitasuna asko handitu da, bere enpresek punta-puntako teknologia eskuratu dutelako, dela joint venture-en bitartez, dela atzerriko lehiakideak erosita. Batez ere autogintzan eta makina-erremintan gertatzen da». Gainera, SPRIko arduradunak azaldu du Txinaren abantailen artean dagoela asko inbertitzen duela I+Gn eta giza kapitalean.

Baina Mikel Mendibek, Guangdong probintzian kokatu den euskal enpresa bateko arduradunak, nabarmendu du eskulanak azken bost urteetan izan duen garestitzea ez datorrela bat langile txinatarren produktibitate handiagoarekin. Haren iritziz, hori da Txinan industriaren arazo nagusietako bat. «Batez ere enpresetako erdiko eta goiko karguetan antzematen da. Esaterako, Txinan bi ingeniari behar dituzu Euskadiko baten lana egiteko. Kualifikazioa eta kudeatzeko gaitasuna askoz txikiagoa da Txinan; eta berdin beren lana aurrera ateratzeko gaitasunari dagokionez».

Ez da uste bat bakarrik. Datuek ere uste hori egiaztatzen dute: McKenzie aholkularitza etxearen txosten batek dio langile txinatarren produktibitatea OCDEko batezbestekoa baino %15-30 txikiagoa dela. The Conference Board-ek, berriz, kalkulatu du langile txinatar batek estatubatuar baten %19 baizik ez duela ekoizten. Eta joerak ez du itxura onik. CEICen arabera, 1953 eta 2016 artean urtero %7,45 hazi da Txinaren produktibitatea, baina badira bost urte aldagai hori zenbaki negatiboetan dagoela. Iazko abenduan, esaterako, urtebete lehenago baino %6,49 txikiagoa izan zen. Industria sektorean, 2007tik ez da batere hazi.

Kontuan hartuta soldatak hazten ari direla —bi digitoetatik gertu gainera—, ihes egiten ari dira balio erantsi gutxiko sektoreetan inbertitu zuten atzerriko enpresetako asko. Gainontzekoek automatizazioaren aldeko apustua egin dute. «Nahitaezkoa da, erabat. Kalitatea hobetzen dute, langileek eskuz egiten dituzten prozesuetan okerrak egin baitaitezke. Eta langile horiek gero eta gehiago kobratzen dute, nahiz eta merkatuak eskatzen digun urtetik urtera prezioak jaistea», esplikatu du Mendibek. Horrexegatik, uste du Txinan gizarte krisi bat sortuko dela. Iaz, munduan saldu ziren hiru robotetik bat erosi zuten txinatarrek, eta Nazioarteko Robotika Federazioak uste du batezbesteko hori %40ra igoko dela 2019rako.

Euskal enpresek beste egoera bati egin behar diote aurre: Xi Jinpingek azken bost urteotan indarren jarri dituen politika batzuek ez dute laguntzen. «Inbertitzeko prozesua askoz sinpleagoa da orain, baina eguneroko lana gero eta zailagoa da», azaldu du Iñigo Mendiburuk, Igeo aholkularitza etxeko bazkideak. «Gaur egun, Europako enpresen %46k dute Txinan negozioa handitzeko asmoa. Asko dirudi, baina duela hiru urte %80tik gora ziren».

Protekzionismoa

Europaren Merkataritza Ganberaren urteko txostenak gogor kritikatu du Pekingo gobernuaren jarrera, ez dituelako behar beste erreforma egiten, eta protekzionismorantz jo duelako. «Gobernu zentralak eta tokian tokikoek ehunka milioi euroko diru laguntzak agindu dituzte enpresa publikoen alde. Politika horiek ez dira komenigarriak. Dagoeneko arazo handiak eragin dituzte, bai Txinako ekonomiari, baita Europako enpresei ere».

Adibide praktiko batzuk jarri ditu Ganberak. «Autogintzan, energia berriei buruzko araudi berriak Europako markak behartzen ditu goi teknologia ematera epe motzean Txinako merkatuan sartzearen truke. Robotikan, berriz, laguntza publikoek eragin dute beheko eta erdiko mailetan ekoizteko gehiegizko gaitasuna egotea. Azkenik, informazioaren teknologietan, gero eta sarbide estuagoa dute Europako enpresek».

Madinabeitia ados dago Xik bere agintaldiaren hasieran egindako promesak ez direla betetzen ari, eta protekzionismoari eutsiko diola. «Dagoeneko nahiko indar du bere arauak inposatzeko. Atzerri politika oso ongi darabil, eta zaila da harengan eragina izatea». Zailtasunak zailtasun, SPRIren Shanghaiko bulegoan Euskal Herrian inbertitu nahi duten enpresa txinatarren bila jarraitzen dute, eta Madinabeitiak aurreratu du hiru proiektu txiki aurrera doazela industria sektorean. Azken finean, azken bost urteetako aldaketa nagusietako bat da Txina atzerriko inbertitzaile gailenetako bat bilakatu dela. Haren yuanak, ordea, ez dira Euskal Herrira iristen ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.