Alavesek bere ahala neurtuko du Atletico Madrilekin, gaur, etxean

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Zirrara handiko azken txanpa eduki behar du Alavesek. Izan ere, datorren sasoian Europan zehar lehiatzea izango du jokoan. Denboraldi oso erregularra ari da osatzen —28 jardunalditatik 23 eman ditu lehen sei sailkatuen artean—, eta orain, denboraldi osoko lan itzelari ginga jartzeko tenorea iritsi zaio. Hasteko, gaur Atletico Madrilen aurka jokatuko du, Mendizorrotzan. Munta handiko lehia da arabarrentzat, zerumuga non duten jakiteko balio baitiezaieke. Irabaziz gero, sendo jarraituko dute Txapeldunen Ligan sartzeko borrokan; galduta, ordea, asko gerturatu ahalko litzaizkieke atzetik dituen aurkari zuzenak; nagusiki, Valentzia eta Betis: lau eta bost puntura ditu orain, hurrenez hurren.

Etxean distira berreskuratzen saiatuko da Alaves. Azkenaldian, asko ari zaio kostatzen Gasteizen irabaztea: bi garaipen lortu ditu bakarrik azken zazpi partidetan. Hori bai, Mendizorrotzan ia menderagaitza da, sasoi osoan neurketa bakarra galdu baitu bertan. Urtarrilean jasandako beheraldian izan zen, Rayoren aurka. Aurrez, hilabeteak zeramatzan etxean galdu gabe; hain justu, iazko apirilean Atletico Madrilek irabazi zionetik. Ez da kasualitatea, Diego Simeoneren taldeak neurria ondo hartua baitio Abelardo Fernandezenari. Lehen Mailara itzuli zirenetik, arabarrek bost aldiz jokatu dute espainiarren aurka, eta datuak argigarriak dira: bi puntu eskas lortu dituzte, eta gol bakarra sartu dute.

Huescaren aurka ez bezala, Abelardok eskuragarri izango du Duarte. Ezker hegaleko atzelariari sendatu zaio izterreko zauria. Aldiz, Maripan ez da jokatzeko moduan izango, min hartu baitu Txileko selekzioarekin jokaturiko neurketa batean. Gainera, zigorra bete beharrean zen. Bada, haren lekua Rodrigo Elyk bete dezake. Atzelari brasildarrak zortzi hilabete daramatza lehiatu gabe, belauneko lesio larri baten erruz, eta gaur itzuli liteke zelaietara.

ALAVES-ATLETICO MADRIL

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Duarte; Pina, Brasanac, Wakaso; Jony, Calleri eta Inui.

Atletico Madril. Oblak; Juanfran, Gimenez, Godín, Filipe; Griezmann, Thomas, Koke, Saul; Diego Costa eta Morata.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 20:45ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.