begona del teso
IRITZIA

Munduko nagusia edo hutsaren hurrengoa

2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Gogoan duzue Charles Dickensen A Tale of Two Cities (Bi hiriren istorioa) nola hasten den? «Bazen garai guztietan onena. Bazen garai guztietan txarrena. Bazen jakinduriaren aroa. Baita eromenarena ere; sinesmenen sasoia, sinesgabetasunarena nola; argiarena, ilunpetakoa. Esperantzaren udaberria eta desesperazioaren negua. Dena genuen, eta ez ginen ezeren jabe. Zerurantz gindoazenean, kontrako bidean galtzen ginen (...). Konparazioetan, onerako nahiz txarrerako ere, superlatibo absolutua baino ezin erabili».

Hitz, esamolde eta sekula erlatiboak izango ez diren konparazio eta superlatibo bertsuak erabil ditzakegu, erabili behar ditugu, Cannesko Zinemaldiaren inguruko mintzoetan edo izkribuetan gabiltzanean.

Euskal Herritik bidalitako aurtengo taldeak (Irati Gorostidi, Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea, Ainhoa Andraka...) flipatu egin zuen bertan ikusitakoarekin, sentitutakoarekin. Eta ez beren estreinako aldia zelako. Eta ez Iratik, kasurako, Leire Apellaniz ekoizlearen eta beste jende finaren konpainian hamabi orduko bidaia egin zuelako kotxez Donostiatik, hurrengo egunean Rue Pasteurreko 35. zenbakian dagoen La Semaine de la Critique-ren egoitzan hain plano desberdinak dituen bere Contadores laburra aurkeztu ahal izateko.

Aipatutako horiek badira zio nahikoak flipean erortzeko. Baina beste ziento bat, beste mila daude Cannesen. Beti. Han sentituko zara, sentiaraziko zaituzte unibertsoaren, multibertsoaren, metabertsoaren jabe. Edo ahuntzaren (gauerdiko) eztularen pare. Adibide bakar bat: nola ez sentitu zure burua in the Matrix (errepaso azkar bat emaiozue zuen gaurko hiztegi urbanoari esamolde hori ez baduzue ezagutzen...) konturatzen zarenean zure laburra Palais Miramarren ondoan ikusgai den egun berean Martin Scorseseren Francesca alabak berak Canneseko merkatu erraldoiaren izkina, txoko, bazter bat baino ez duela lortu bere Fish Out of Water erakusteko? Bai, benetan. Luca Guadagninoren lagun mina den Francescak behin-behineko eraikin baten pantaila baino ez zuen aurkitu aterpe. Izan ere, Canneskoa zinema festarik krudelena, garratzena bilaka daiteke begi kliska batean, batek daki zergatik. Suerte handiagoa izan du Martinen eta Helen Morrisen alabak aita miresten duen hiri batean; batere txarra ez den bere filmari pantaila dotoreagoa eskaini dio New Yorkeko Tribeca jaialdiak, hilabete honetan hasiko den bileran.

Flipatzeko modukoak dira, bai, Cannesen suertatzen diren amodiozko/gorrotozko loturak. Jakin behar, hori bai, norekin zauden batean edo bestean.

Epaimahai ofizialak aintzat hartu ez zuen arren, dir-dir opakua egiten duen Alice Rohrwacherren La chimera harribitxiaren aurka oldartu ziren, anker, Nice-Matin eta Le Figaro egunkarien kritikariak. Le Monde-koak, aldiz, Stendhalen sindromeak hartua idatzi zuen hilobi etruskoetan dauden urrutiko iragan bateko altxorren bila dabiltzanen erretratu honi buruz. Goraipamen berezia egin zion Chloe Harrockek Helene Louvart argazki zuzendariaren artelanari, pelikulari argia, kolorea, testura eman dizkionari. Baita Isabella Rosselliniren agerpenari ere.

Bai, Cannesen muturrekoak izan ohi dira iritziak, sinesmenak. Maite ala hil. Gorroto ala hil. Horrela gertatu zen Nanni Morettirren Il sol dell avvenire-rekin. «Modaz pasatutako nartzisista» deitu zioten hainbatek; «malenkoniak jotako maisu nekatua» beste batzuek. Izan zitezkeen zorionez eta iraultzez (hain zuzen ere, ez genuen lortu ez bata eta ez bestea ere) landutako gogoeta alai-tristatuan zinemak gainezka egiten duela, nork ukatuko? Bada... askok.

Gizakiek, gizaki xumeek ere, elkar gorrotatzen dute Cannesen. Quentin Tarantinok eskola magistral bat eman zuen La Quinzaine des Cinéastes sailaren egoitzan. 800 lagunek izan zuten bertan egoteko parada, beta, aukera. Kalean geratu ziren 200 inguru horiek botatzen zieten begirada hilgarria zen...

Cannesen emozio guztiak bizi-biziak dira. Ez dira ezkutuan gordetzen, ez. Agerian daude beti. Bistan. Arerioak, etsaiak dira bertako Le Festival International du Film eta Veneziako Mostra. Biek zera pentsatzen dute Berlinalez: axola gutxi duen lehiakide jatorra da, errespetua digu, eta guk, aldiz, kariñoa. Gure artean, berriz, bakerik sekula ez. Kenduko dizkizut nik ahalik eta pelikula gehien, eta ederki dakit zuk gauza bera egingo duzula.

Jakina, idatzitako hitz horiek ez dira adierazpen ofizialak. Bai, ordea, zinemaren metabertsoan denek duten susmo benetakoa.

Itsas Alpeetatik eta Italiatik hain hurbil den Cannesen, hain gogoko ez duzun pelikula baten alde jo behar duzu askotan. Makina batek uste dugu abuztuaren 23an Ipar Euskal Herrian estreinatuko den Anatomie d'une chute ez dela Urrezko Palma merezi zuen filma, baina garaikurra jasotzean Justine Triet autoreak eginiko diskurtsoa bide eta aitzakia dela sortu den iskanbilaren aurrean, Justineren alde gara. Beldur agertu zen egile ondradua neoliberalismoak ekar dezakeen kultur gainbeheraz. Frantziako herriak erretiro lege berriaren aurrean eramandako borrokari gobernuak eman zion erantzunari kontra egin zion. Diskurtsoa bukatu orduko, bai Kultura ministroak bai Cannesko alkateak «ume apetatsu esker txarreko» deitu zioten, eta pelikula ikusita ez zuten solaskideak telebista guztietan agertu ziren kexuka eta mehatxuka...

Cannesen, film batek, lasterrean Donostiaratuko (Tabakaleraratuko) den Pedro Costaren As Filhas do Fogo-k, kasurako, 7 minutu iraun dezake, eta, zinemaren ertzak gaindituz, hiru pantaila hartzen dituen instalazio bilakatu. Cannesen, pelikula batek 4 ordu eta 22 minutu iraun ditzake (Steve McQueenen Occupied City-k), han neurriak, formatuak, euskarriak ez baitira oztopo, baizik eta jostailu. Edo arte berri baterako tresna.

Bai, akaso egia da, eta Cannes, ametsa baino gehiago, ameskeria gerta liteke sarritan. Bai, agian horixe da, gure desiraren ispilatze hutsa. Bai, egia esatearren, han eskandalurako bide izan direnak, han maitatutakoak, han gorrotatutakoak, gure etxe ondoko zinema korrienteetara ailegatu orduko, eurian ezabatzen diren malkoak bezalakoak suertatuko ez ote diren beldur gara batzuk. Ez du, ordea, inporta. Cannesen bizitzen duzuna flipatzeko modukoa baita. Han, kamera eskuan izan duzula(ko), munduko nagusia izan zaitezke. Edo hutsaren hurrengoa. Baina horrek ere, igual, ez dio axolarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.