mikel reina
HIRUKOTIK

Trenak eta ordutegiak

2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Estaldura handi eta ugariak. Ostiral edo larunbat gaua, lagunekin zaude, eta, eztabaidatzen ari zarela, etxera bueltatzeko azken trena galdu duzu. Noraezean zaude. Kirolbet Baskonia berdin dago. Gasteizko taldeak ostegunean Euroligako final-laurdenak jokatzeko azken trena izan ahal zena galdu zuen, eta hurrengo geltokiak urrun daude. Ez aurrera, ez atzera. Espainiako Kopan ez sartzea kolpe oso gogorra izan zen Baskoniako zaleentzat, eta laster agur esan beharko diote baita Euroligari ere. ACB ligan egoera ez da askoz hobea, Ivanovicen taldea kanporaketetatik kanpo baitago.

Nahiz eta Baskoniak ezin duen Turkiako edo Errusiako dirutzaren aurka ezer askorik egin, beti izan da aurkari deserosoa eta Buesa Arena bere gotorlekua. Ostegunean, berriz, arabarrek agian azken hatsa bota zuten Zalgirisen aurkako norgehiagokan 60-74 galduz. Hori gutxi balitz bezala, Lituaniako taldea kanporaketetan sartzeko borrokan dagoen taldeetako bat da, eta puntu aldea berreskuratu zuen azken erabaki txarren ondorioz. Taldeak hirugarren laurdenean amore eman zuen 10-21eko partzial erabakigarri batekin, eta jokalari eskasia beste behin, argitara geratu zen. Gaur egungo saskibaloian hirukoak oso garrantzitsuak dira, eta ia ezinezkoa da %25eko portzentaje batekin partida bat irabaztea, esaterako. Staskausek alde egin zuenetik ez dago jaurtitzaile petorik taldean, Janning jada ez baita duela bi urteko jokalari berbera.

Josean Kerejetak beti aurkitu du zulo bakoitzerako estaldura bat merkatuan. Orain, ordea, zuloak handiak ez ezik, ugariak ere badira. Christon izan da azkenaldiko albiste on bakanetariko bat. Estalduraren estaldura da, Sergi Garciak ez duelako ia protagonismorik. Barrualdean ez dago ezer hoberik. Irailetik barneko jokoak ez zeukan itxura onik Ivanovicen hiru pibotak profil antzekoak dituztelako. Zuzendarien esperantza Fall gaztearen garapena zen, baina ez du aurrerapausorik eman. Bere handitasunaren barruan txiki geratu da. Eric aspalditik dago kritika guztien erdian, nahiz eta jarraitzaileek bazekiten profil oso zehatzeko jokalaria zela. Eta orain, zer? Ez dago atzera-bueltarik. Plangintza eskas baten zehar kalteak dira. Zergatik ez hasi hurrengo denboraldiari begira lanean, eta horrela gainontzeko taldeei hiru hilabete atera? Hasteko, ikusi beharra dago Ivanovic den erabateko eraldaketa batekin hasteko entrenatzaile aproposa. Sergi Garciarengatik apustua egin badute antolatzaile lanetan laguntzeko, jokatu egin beharko du. Miguel Gonzalez eta Penava gazteek ez dute inolako aukerarik izan, ezta beren maila erakusteko ere. Trena pasatzen utzi, eta hurrengoa hartu, edo zuzenean sartu. Hori da erabaki beharrekoa.

Orainaldia edo etorkizuna.Unicajak Kopako finala jokatu zuen Madrilen aurka, eta bidean bi jokalari garrantzitsuren lesioak pairatu. Arin mugitu da, eta Bilbora begira jarri da Bouteillen atzetik. Frantziarra ACB ligako izarretako bat bilakatu da bere lehen sasoian, eta Bilbo Basketen denboraldi zoragarriaren errudun nagusietako bat da. Rafa Pueyo kirol zuzendariak hegalekoarengatik apustu sendoa egin zuen udan: Bilbon nahi zuen ezinbestean. Agian, ez zuen berak ere espero Bouteillek hain zenbaki onak lortuko zituenik, eta merke alde egin dezake. Real Madrilek, Valentziak eta Baskoniak ere jarri zituzten begiak frantziarrarengan, baina Unicajak aurrea hartu die denei. Alex Mumbruren taldeak aspaldi egin zituen etxeko lanak, Kopako gainsariarekin. Azken hilabetean kanpoko lerroko bi jokalaririk onenak galdu ditzake Mumbruk: Jaylon Brown luzerako dago min hartuta, eta Bouteille Bilbotik joan daiteke. Unicajak 150.000 euroko eskaintzarekin agertu omen da Bilbao Arenako bulegoetan, eta zalantzak sortu ditu zuzendaritza taldean. Alde batetik, jakina da Bilbo Basketek zorrak dituela, eta diru sarrera hori oso mesedegarria izango litzatekeela. Baina, bestetik, denboraldiari kirol arloan agur esatea izango litzateke, frantziarraren postua beteezina baita. Argi dago Bouteillek orain edo udan ez duela Bilbon jarraituko, talde handiak baititu atzetik. Trenak ordutegi zehatzak ditu igotzeko eta jaisteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.