Levante 0-1 Alaves

Espazioak ondo baliatuz

Alavesek etxetik kanpo irabazi du bigarren aldiz, Levanteren zelaian. Tokia galdu gabe aritu da. Jaitsiera zortzi puntura urrundu du

KAI FÖRSTERLING / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Aleix Vidalek (64. min.).Epailea. Cuadra Fernandez. Txartel horiak:Levanteko Melerori eta Cabacori; eta Alaveseko Elyri, Navarrori, Camarasari eta Duarteri.Bestelakoak. Sarrera ona Ciutat de Valencia zelaian: 17.800 ikusle.

Berez, Alavesek zuen puntuen eta sentipen onen behar handiagoa. Baina etxean jokatzen zuenez, eta zaleak urduritzen ari zirela nabarituta, Levantek jo zuen garaipenaren bila; batik bat, Paco Lopez entrenatzaileak Bardhi erasoko erdilaria zelairatu zuenean 55. minutuan, Melero euskarriaren ordez. Partida desorekatzen hasi zen orduan. Aldapa behera, alai, jokatu zalea da Levante, eta horregatik da, hain zuzen, Espainiako Ligako Lehen Mailan erremate gehien jasotzen dituen taldea. Eta atzo ere jaso zituen; dezente gainera. Gora egin zuenez, desordenatu egin zen taldea, eta hori aprobetxatu zuen Alavesek kontraeraso azkarrak bata bestearen atzetik lotzeko, eta kontrarioaren atzelarien bizkarrean sortutako espazioetan sakontzeko. Jokaldi horietako batean egin zuen gola Aleix Vidalek, 64. minutuan. Oraindik ordu erdi falta zen partida amaitzeko, baina Asier Garitanok entrenatutako taldeak ez zuen gehiegi sufritu. Aurreko minutu guztietan egin bezala, tokia galdu gabe aritu zen. Denboraldion etxetik kanpo lortutako bigarren garaipena da atzokoa. Gaur jokatuko diren partiden faltan, zortzi puntura urrundu ditu jaitsiera postuak.

Eta taldean duen pisua aldarrikatzeko baliatu zuen partida Vidal golegileak. Polemikaren erdigunean egon da, duela bi aste Betisen kontra Mendizorrotzan jokatutako lehian Garitanok egin zituen aldaketak «defentsiboak» iruditu zitzaizkiola adierazi baitzuen neurketaren amaitu berritan. Barkamena eskatu zuen pare bat egun geroago. Garitanori ez zitzaizkion hitz haiek batere gustatu, eta publikoki nabarmendu zuen, gainera. Dena dela, Vidal hamaikakoan mantendu zuen.

Lehen zatian ez zen ezer askorik gertatu. Atzeko lerrotik abiatuta ahalegindu zen Levante jokoa ehuntzen, baina Campañak area kanpotik egindako pare bat jaurtiketa salbu, ezin izan zuen ez Moralesekin sakonean jokatu, ez eta Marti eta Mayoral aurrelarien mugimenduak zukutu ere. Alavesek ondo hartu zuen tokia, eta, ohi bezala, baloiarekin jokoa sortzeari baino gehiago, ondo ordenatuta egoteari eta ez arriskatzeari eman zion garrantzia. Gero gerokoak. Batzuetan gorago presio egin zuen, besteetan zelai erdian. Hori bai, aukera garbiena Lucasek eduki zuen, Camarasak lapurtu eta berehala pasatutako baloia kontrolatu zuenean. Ezkerrarekin area barruan egindako errematea gehiegi gurutzatu zuen, ordea.

Lucasek berak susto galanta eman zion Levanteri, bigarren zatia hasi berritan, korner bateko aldaratzea hartu eta zelaia alderik alde zeharkatu zuenean. Korrikaldiak eragindako nekearen ondorioz, ustela izan zen jaurtiketa. Konfiantza hartu zuen Alavesek. Laguardiak luze jo zuen bere areatik, Lucasek buruz orraztu zuen zelai erdian, Joseluk aterantz jo zuen zuzen, baloia sakonean pasatu zion Vidali, eta, Aitorren aurrean, ez zuen huts egin.

Hernani zelairatu berriak ezker hegaletik emandako gatzari esker, Levante apur bat gehiago hurbildu zen. Halere, Pachecok ez zuen gelditu bakar bat ere egin behar izan. Beste arean, aldiz, Manu Garciaren, Sainzen eta Lucasen erremateak gelditu zituen Aitor arrasatearrak.

Wakaso, Txinara

Wakasok Txinako Jiangsu Suning taldearekin fitxatu duela jakinarazi zuen Alavesek, atzo. 2017ko udaz geroztik 66 partida jokatu ditu Alavesekin erdilari ghanatarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.