Gerra begi onez ikusi ez zuen sortzailea

Kurt Tucholsky eleberrigile eta poeta alemaniarra jaio zela 125 urte bete dira. Antimilitarista sutsua izan zen, eta haren idazkiak bakezaletasunaren ikono gisa erabiltzen dituzte askok gaur egun.
Poesia, kritika literarioa eta kazetaritza landu zituen.
Poesia, kritika literarioa eta kazetaritza landu zituen. BERRIA

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko urtarrilak 10
Lau urtetan, erailketa derrigorrezkoa izan da herrialdearen (Alemania) erdian; beste erdian, debekatuta egon da. Erailketa esan dut? Bai, hala da; izan ere, soldaduak hiltzaileak dira». 1931n idatzi zituen hitzok Kurt Tucholsky idazleak (Berlin, Alemania, 1890), I. Mundu Gerrako miseria gorria gogoan. Erroko antimilitarista izan zen. Erraietako bakezalea. Jarrera horrek makina bat arazo sortu zizkion garaiko statu quo-arekin: epaiketak, prozedurak, eskuin alderdien gorrotoa... Gatazkatik ihesi deserrira jo behar izan zuen; eta gero, suizidiora. Haren jaiotegunaren 125. urteurrena bete zen atzo, eta lagun askok oroitu zuten gerraren kontrako sinbolo bilakatutako sortzailea.

Ignaz Wrobel, Peter Panter, Theobal Tigel edo Kaspar Hauser. Asko izan ziren Tucholskyk idazle jarduna garatu ahal izateko hautatutako ezizenak. Traba adina izenorde izan zituen ia. Ez zen soilik plurala izan jendaurrerako aukeratutako identitatea; estiloa ere askotarikoa izan zuen. Maitasun poesia egin zuen, kazetaritza politikoan aritu zen buru-belarri, literatur kritika ere jo zuen begiz... Moldagarria izan zen.

Eta egokitzeko gaitasun horren erakusle bada, halaber, diktaduratik ihesi hainbat herrialdetan bizitzeko izan zuen gaitasuna. 1924an Frantziara jo zuen, eta geroago Suediara.

Heriotzaraino koherente

Gerra atzean utzi bazuen ere, Hitlerren tropak zabaltzen ari ziren, eta gertutik ezagutu zuen liskarra exilioan zela ere. 1932an, militarren kontra izkiriaturikoak eta gero, auzipetua izan zen, irainengatik, baina kargutik kendu zuten. Dena dela, sistema judizialarekin izandako gorabeherek geroz eta gutxiago sortzera bultzatu zuten. Testuinguruak mugatuta bizi izan zen, eta, hala ere, itxura guztien kontra, lortu zuen idazketan arrakasta izatea.

Ez zen konformatu, ordea, irakurleak izatearekin. Ez zen hori helburu. Haren obrak «ondorioak» izan zitzan nahi zuen, sozialki eragitea. Horixe izan zuen damu nagusia: «ondoriorik gabeko arrakasta» lortzea. Indarrean zegoen erregimenarekiko kritiko, bere buruaz beste egin zuen 1935ean, Suedian.

Idazlearen ustez argitaratutako lanek eragina izan ez bazuten ere, bestelakoa da errealitatea gaur egun. Hamaika gerraren kontra protesta egiteko lelo gisa hartu izan dituzte herritarrek Tucholskyren esanak. Adibidez, 1990ean, Irakeko gerraren kontrako manifestazio batean, pertsona bat auzipetu zuten idazlearen esaldi baten bitartez militarizazioa kritikatzeagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna