Eibar 1-3 Sevilla

Jokoa ez da errenta

Eibarrek galdu egin du Sevillaren aurka, lehen zati ona egin arren. Sevillako hamalau zale arin zauritu dira harmailako hesi bat erorita

Sevillako zaleen harmailako hesia erori zen, atzo, Ipuruako estadioan. G. E. / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: A. Silvak (47. min). 0-2: Banegak (penaltiz, 59. min). 0-3: Banegak (94. min). 1-3: Jordanek (99. min) Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Eibarreko Ramis eta Orellanari; eta Sevillako Banega, Arana eta Vazquezi.Bestelakoak. 5.443 kusle Ipuruan.

Ondo jokatu zuen atzo Eibarrek lehen zatian Sevillaren aurka, eta une batzuetan haren zelaian preso ere eduki zuen, baina 1-3koa izan zen emaitza. Bigarren zatia ez zelako aurrenekoan berdina izan, eta bigarren erdi horren aurreneko minutuan Sevillak sartu zuen golak partida aldatzeko giltza eman ziolako kanpoko taldeari. Handik hamar minutura, bigarrena sartu zuen, eta giltza ez ezik, garaipenaren atea aurkitzeko ere balio izan zion.

Bi zati ezberdin ikusi zituzten Ipuruako zaleek atzo, eta, emaitzarekin soilik geratzen badira, etxeko taldearen argazki zehatza ez dute aterako. Zabaldu egin behar da begirada lehen zatira ere, eta onartu, agian, hor hasi zela galtzen partida Jose Luis Mendilibarren taldea. Egindako joko onari ez ziolako etekinik atera, eta ez golak sartzeko arloan, golak sartzeko aukerak sortzeko lanean baizik. Jokatu bai aurkariaren zelaian, lapurtu baloia mila bider bertan, baina aukerak sortzeko kamuts, eta horrek kezka eragingo dio ziurrenik Mendilibarri. Pentsatuko du ondorengoa ziurrenik: «Ez nau kezkatzen golak ez sartzeak; kezkatzen nauena da aukerak ez garela sortzen ari». Bada, horretan da oraintxe haren taldea.

Baloiaren jabe zela jokatu zuen partidaren lehen erdia Eibarrek. Gehienbat, atzelariak aritu ziren eroso jokoa sortzen, hegaletako biak eta erdiko parea. Sevillak ez zien estutzen. Zain zegoen baloia lapurtu eta bizi ateratzeko kontraerasora, eta haienak izan ziren aukera onenak: Sarabiari buruz burukoa atera zion Dmitrovicek hamabigarren minutuan, eta handik hogei minutura, bi jokalariek egoera bera gauzatu zuten, baina urruneko jaurtiketan. Bitartean, Eibarrek, ez zuen jaurtiketa bat bera ere egin atera, nahiz eta baloia eduki, galdutakoan oso goian lapurtu eta kanpotarren areatik gertu ibili. Garbiena Orellanaren jaurtiketa izan zen, zazpigarren minutuan.

Atera eta sarera bota zuena Andre Silva izan zen, 46. minutuan, Navasen erdiraketak jarritako baloia ukituz lehen zutoinean. Handik zazpi minutura, Enrichek gora bota zuen baloia buruz, eta 59. minutuan, Jose Angelek baloia eskuarekin ukitu area barruan, eta Banegak ez zuen kale egin penaltian. Ospakizunean, Sevillako zaleen harmailako hesia erori, eta hamalau zauritu arin eragin zituen; horietako lau Mendaroko erietxera eraman zituzten. Jokoa berriz abian jarri, eta 94. minutuan, Banegak urrundik hirugarren gola sartu zuen. Jordanek 99.ean sartu zuen etxekoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.