Betis 1-1 Eibar

Sevillan ere, Olentzero

Eibarrek bi puntu utzi ditu Betisen zelaian, bigarren zatian emaitza berdindu arren irabazteko aukera garbiak huts egin baititu
Jose Angel eta Orellana, atsekabe keinuarekin, aukera garbi bat huts egin ondoren, atzoko partidan.
Jose Angel eta Orellana, atsekabe keinuarekin, aukera garbi bat huts egin ondoren, atzoko partidan. JOSE MANUEL VIDAL / EFE

Aitor Manterola -

2018ko abenduak 23
Golak. 1-0: Sanabriak (21. min.). 1-1: Orellanak (penaltiz, 72. min.). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Betiseko Feddal eta Lo Celsori; eta Eibarreko Ramis, Jordan, Escalante eta Oliveirari. Jose Luis Mendilibar aulkitik bota zuen 58. minutuan, marrazainarengana joateagatik protesta egiten. Bestelakoak. 49.426 ikusle Benito Villamarinen.

Eibar puntu dezente ari da oparitzen Ipuruatik kanpo sasoi honetan. Jokoan erakutsitako nagusitasuna ez du baliatzen golak sartzeko. Halako partida multzo gero eta handiagoari beste bat gehitu zion atzo, Betisen zelaian, eta puntu bakarra ekarri zuen.

Pentsa daiteke galtzen joan zelako ez dela emaitza txarra berdinketa, eta, bere horretan, zelai gaizto batean eta bolada onean den aurkari baten aurka puntu bat ateratzea ez da txarra. Beste nat zakuan. Baina Olentzeroz jantzi ziren atzo Enrich eta Kike batez ere, eta gola izan behar luketen bi aukera garbi-garbi harrika bota zituzten, bigarren zatian. Sevillan, Betisen zaleei Bizar Zuriren txapeltxo bana oparitu zieten atzo, berdeak eta zuriak. Atzotik, baina, Olentzero ere badela badakite, urdina eta granatea.

Ondo ekin zion partidari Jose Luis Mendilibarren taldeak, etxeko taldea haren zelaian estutuz. Ez zion uzten baloia jokatuta ateratzen. Orellanak, gainera, aukera ona izan zuen hamargarren minutuan, baina Pau Lopezek ondo itxi zizkion ateko zulo guztiak. Hala ere, nahikoa izan zuen Betisek behin gainditzea eibartarren armiarma sarea, eta, Joaquin zelai erdira jaitsita, txikizioa etorri zen. Erraz gainditu zituzten aurkariak, eta Sanabriak ateko zuloan bultzatu zuen baloia sarera. 21. minutua zen.

Kolpea barneratzeko, hamabost bat minutu behar izan zituen Eibarrek, eta orduan hasi zen berriz ere goian estutzen eta eroso antzean jokatzen. Baloia lapurtu eta zuzenago izatea falta izan zitzaion Betisi min emateko.

Escalantek giharretako arazoak izan zituen, eta Diop atera zen, 49. minutuan. Betisek kontraerasoa zuen arma zital bakarra, eta ia bigarrena sartu zuen 53. minutuan. 58.ean, epaileak Mendilibar harmailetara bidali zuen, marrazainari protesta egiteagatik. Gerora hasi zen taldea nagusi izaten, goian baloia lapurtuz.

Enrichek ateko zuloan aukera latza galdu zuen alferrik, baloia kanpora bota baitzuen 66. minutu horretan. Kikeri Pau Lopezek urrundu zion jaurtiketa 70.ean, eta, hiru geroago, berdinketa etorri zen. Penaltia egin zion Feddalek Ramisi korner batean, eta Orellanak justu-justu sartu zuen. 78. minutuan, Jordanen urruneko jaurtiketa atezainak urrundu zuen, eta, Riesgok Canalesi gelditu ona egin eta gero area txikian, Kikek sekulakoa huts egin zuen, erabaki eskasa hartu eta jaurtiketa eskasagoa eginda. Hor itzali ziren armaginen atzoko suak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna