Zinemaldia fotogramaz fotograma

Inaugurazio galarekin hasita, Zinemaldiaren berri luze eta zabal emango dute hedabideek. BERRIAk '25. Fotograma' saioa ondu du

Beharginak, Kursaaleko inaugurazio ekitaldia prestatzen, atzo. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Bederatzi eguneko jarduna hasiko dute gaur Zinemaldiaren antolatzaileek, eta baita haren berri emango duten komunikabideek ere. Alfonbra gorriaren garaia iritsi da, eta jendearena, eta giroarena, eta bertatik bertarakoarena, edukiera mugatuarekin eta murrizketekin egin baitzen iazko ekitaldia, eta horiek guztiak gabe egingo baita aurtengoa. Bertara joanda ikusi eta bizitzerik ez duenak hainbat komunikabideren bidez gozatu ahal izango du Zinemaldia, gaur iluntzeko inaugurazio galarekin hasita (20:30). ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute, eta La2ek, Zinemaldiaren webguneak eta harenTiktok kontuak ere bai.

Atzo eman zituzten inaugurazio gala horretako xehetasunak: Loreto Mauleon eta Paco Leon aktoreek aurkeztuko dute, eta Santiago Tabernero zinemagileak zuzenduko du. Zinemaldiaren 70. urteurrenari lotutako ikuskizuna iragarri du zuzendariak, eta esan du efemeride horrek markatuko duela ekitaldiaren izaera eta tonua. Aurkezleak «funtsezko osagaia» izango dira horretarako: «Bikote alaia eta ederra da, eta orpoz orpo arituko dira gala ez dadin izan zurrunegia; hala, edukiak komunikatzeaz gainera, ikusleengana komedia ukitu arin batekin iristea lortuko dute. Ospakizun gala bat izango da, hamaika arrazoi baitugu pozik egoteko».

EITB jaialdiari adi

Zinemaldiko kolaboratzaile eta babesle nabarmena izateaz gain, presentzia handia izango du EITBk Donostiako zine jaialdian, eta luze eta zabal emango du haren berri bere hedabideetan. Zuzenean eskainiko ditu inaugurazioa, itxiera eta Donostia sarien banaketak. Eta aurten lehen aldiz, Euskal Zinema Gala antolatu eta eskainiko dute ETB1en. Irailaren 20an izango da hori (22:30), Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola euskal aktoreek aurkeztuko dute, eta ekitaldi horretan banatuko dituzte aurtengo Zinemira saria eta euskal gidoilarien elkartearen sariak ere. Hilaren 21ean, berriz, EITB Gala egingo dute, Viktoria Eugenia antzokian (19:30), eta Kepa Junkerari buruzko Berpiztu dokumentalaren aurrestreinaldia egingo dute bertan —Fermin Aiok zuzendu du—.

EITBk plato berezia izango du estreinakoz Kursaaleko terrazan, eta hainbat saiok zuzenekoak egingo dituzte handik —albistegiek, eta Biba Zuek! eta Hitzokei saioek, besteak beste—. Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean ere Zinemaldiaren informazioa emango dute. Gaztean, esaterako, Twitch bidez emango dute ekitaldi nagusien berri, Ibon Fernandez esatariaren eskutik. Gaztearen Twitch kanalaren estreinaldia izango da, eta zuzeneko hiru saio emango dituzte: irekiera, Euskal Zinemaren Gala eta itxiera ekitaldia. Horietan guztietan hainbat gonbidatu izango ditu Ibon Fernandezek, Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin elkarlanean. Izan ere, laborategian lanean aritzen diren egoiliarrek eta sareetan ezagunak diren eduki digitalen sortzaile gazteek osatutako talde batek Donostia Zinemaldia barrutik erakutsiko du sare sozialen bidez, euskaraz eta formatu eta eduki digital berriak erabiliz. Tiktok, Twitch, Youtube, Instagram eta Twiterren ariko dira #2deotikZinemaldira traolarekin.

BERRIAk ere luze eta zabal jorratuko du Zinemaldiaren 70. ekitaldia. Papereko edizioan, webgunean eta sare sozialetan egingo du ahalegin berezia, eta 25. Fotograma ikus-entzunezkoa ere ondu dute. Saio horretan, Klaketa erreportaje sortan, Zinemaldiaren hasiera, Euskal Zinema Gala eta azken eguneko itxiera gala jasoko dituzte, besteak beste. Fokupean izeneko sailean, berriz, euskal zinemagile eta aktoreak elkarrizketatuko ditu Miren Mujika Telleria kazetariak, Zurriolan bertan zein Kursaalean. Non hago? izeneko atal berezia ere sortu dute, eta, lokalizazioetatik abiatuta, filmak eta horien zuzendariak emango dituzte ezagutzera bertan. Klika izeneko atalean jasoko dituzte eguneko momentu esanguratsuenak, eta Andoni Imazek eta Uxue Arzelusek egindako kritikak ere jasoko dituzte. Bi horienak izango baitira kritikarienzutabeak papereko edizioan—Sail Ofizialeko pelikulen iruzkinak egingo ditu Imazek, eta batera eta bestera ibiliko da Arzelus—. Urtzi Urkizuk Kursaaleko zubitik zutabea sinatuko du, eta Kultura Saileko kazetarien artean elikatuko dute Zinemaldiari buruzko bloga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.