Buruari entzun dio

Javi Salgadok erretiroa hartu du, 39 urte betetzear eta hogei urteko bidea egin eta gero. Teknikari lanetan ariko da orain, Bilbo Basketen

Javi Salgado, atzo, agurreko prentsaurrekoa ematen. LUIS TEJIDO / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Bihotzak jokatzen jarraitzeko eskatzen zidan, baina buruak uzteko garaia zela esaten zidan, baita ingurukoek ere. Pauso hau emateko momentu aproposena da». Hitz horiekin esan zuen atzo Javi Salgadok erretiroa hartu duela, 39 urte betetzear dela. Hala, Bilbo Basketeko kapitainak amaitutzat eman du hogei urteko ibilbidea, horietatik hamalau maila nagusian, ACB ligan. Jokalari ibilbidearen erdia baino gehiago egin du etxean, Bilbo Basketen, eta erretiroa hartuta ere betiko taldeari lotuta segituko du. Izan ere, Alex Mumbru entrenatzailearen eta Rafa Pueyo kirol zuzendariaren laguntzaile izango da.

Santutxuarra ziur da ezin zuela izan amaiera hoberik. «Duela urtebete, LEB ligan jokatzen jarraitzeko erabakia hartu nuen. Egon behar duen tokian egon zedin lagundu nahi nion taldeari. Hori lortzea amaiera ezin hobea da nire kirol ibilbidearentzat. Ginga ederra da Bilbo Basketekin ACB ligara igo izana».

Salgadok Bilboko taldearen garairik gogoangarrienak bizi izan ditu, eta oroitzapen bikaina du. «Handia izan zen 15.000 ikusle sartu izana BECen, baina momentu gogoangarrienak bi igoerak, ACB ligan jokatutako finalerdiak eta finalak eta Eurokopako finala dira».

Esker oneko hitzak izan zituen bere ibilbideko talde guztientzat: Maristas ikastetxea, Leon, Gipuzkoa Basket, Estudiantes eta, guztien gainetik, Bilbo Basketentzat. «Hau da barruan dudan taldea eta gehien sentitzen dudana». Emozionatu egin zen familiari eskerrak emateko orduan, baita entrenatzaile izan dituenak gogoratzean ere. Hala, azpimarratu zuen Txus Bidorreta izan dela «gehien markatu» duen teknikaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.