Levante 2-1 Reala

Matrailekoa eman dio

Realak galdu egin du Levanteren zelaian. Isakek faltaz lortu du partidako lehen gola, baina etxekoek buelta eman diote emaitzari

Levanteko jokalariak, bigarren gola ospatzen, atzo. Realeko jokalariak ageri dira, burumakur. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Isakek (22. min).. 1-1: Rogerrek (27. min.). 2-1: De Frutosek (87. min.). Epailea. Soto Grado. Txartel horiak: Levanteko Rochinari, Vuckevici; eta Realeko Isaki.

Futbolak baditu idatzi gabeko zenbait lege, eta horietako bat da ate aurrean barkatuz gero, garesti ordaintzen dela kamustasun hori. Horixe gertatu zitzaion atzo Realari; donostiarrak nagusi izan ziren lehendabiziko zatian; nahieran menderatu zuten Levante, baina atearen aurrean ez ziren behar bezain eraginkor aritu. Levantek bere momentuak baliatu zituen, eta Realak ez. Hiru puntuak eskuratu zituzten etxekoek, eta esku hutsik itzuli ziren txuri-urdinak. Horretan datza futbola.

Matrailean jo zion Levantek. Kolpe handia izan zen txuri-urdinentzat. Aurrez, Bartzelonaren zelaian galtzetik zetozen, eta bazuten bolada motz bezain eskasari iraulia emateko grina. Irabazteko partida zuten atzo, eta baloiarekin hobeto aritu ziren 80 minutuan zehar, baina kale. Azken metroetan asmatu ezinik ari dira, eta hori bilakatu da haien lasta: egiten dituzten aukerak kontuan hartuta, gol gutxi sartzen dituztela.

Hasi, horri erreparatu gabe hasi zen Reala. Nahi zuen aurrerako urrats bat egin, eta lehen zatia hasi orduko hartu zuen partidaren agintea. Nagusi izan zen zelaian; Levanteren zelaian jokatu zuen une oro, baina Aitor Fernandez atezain arrasatearra gehiegi estutu gabe.

Orain arteko eskematik atera behar zuen Realak; jokaldietan ezin zuen minik egin, eta, onena, geldikako jokaldietan egitea zuen. Baita egin ere: orain artean halakoetan kamuts aritutako Alexander Isakek falta bat jaurti zuen, eta aurretik jarri zuen Reala. Levanteko jokalari batean jo zuen baloiak, baina, bestela ere, sareetarako bidean zen.

Orduantxe hartu zuen trazarik politena norgehiagokak. Markagailuan aurretik jarrita, pixkanaka bere bidea egiteko moduan ziren txuri-urdinak. Ezin, ordea.

Kolpeari, kolpea

Izan ere, 22. minutuan sartu zuen gola Isakek, baina pozak gutxi iraun zion Realari. Bost minutu geroago erasora egin zuen Levantek, eta orduan heldu zen etxekoen lehendabiziko gola. Dani Gomezek jaurtiketa indartsu bat egin zuen, eta Alex Remirok ezin izan zuen hura arearen eskuinaldera urrundu,eta area txikian utzi zuen baloia. Levanteko Roger aurrelariak ez zuen aukera alferrik galdu: nahieran egin zuen errematea, eta banakoa lortu zuen. 27. minutua zen. Hortik aurrera, hustera egin zuen Realak. Ordura arte erakutsitako nagusitasuna urardotu egin zitzaion,eta ezin izan zuen nagusitasunez aritu. Atsedenaldian, banakoa zen emaitza.

Bigarren zatian garaipenaren bila abiatu zen Reala, eta Imanolek zituen erasoko jokalari denak zelairatu zituen. Ez zitzaion baleko izan: aukera bakan batzuk salbu, eskas aritu ziren txuri-urdinak, eta Levantek profitatu zuen 87. minutuan izandako aukera. De Frutosek sartu zuen 1-2koa. Alferrik izan ziren ondorengo ahaleginak: matrailekoa jasota itzuli zen Reala etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.