Rayo 2-0 Alaves

Burumakur berriz ere

Alavesek merezita galdu du Rayoren zelaian. Aurkariaren menpe egon da hasi eta buka. Lehen zatian bi gol jaso, eta etsi egin du

Luis Rioja, etsita, aukera bat huts egin eta gero, atzo, Vallecasen. KIKO HUESCA / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Guardiolak (19. min.). 2-0: Catenak (25. min.). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Rayoko Trejori; eta Alaveseko Duarteri eta Tachiri. Bestelakoak. 7.911 ikusle Vallecasen.

Alavesek ez daki egonkortasuna zer den. Boladaka dabil beti, nahigabearen eta zorionaren artean joan-etorrian. Ahazteko moduko sasoi hasiera izan ondoren, olatuaren puntan izan zen bost jardunaldiz; haatik, urperatu egin da berriro. Kopatik kanpo utzi zuen asteartean bi maila beherago diharduen Linaresek, eta atzo, beste trago mingots bat hartu zuen, Rayoren aurka aitzakiarik gabe galduta. Andoni Iraolaren taldeak guztiz gainditu zuen Javier Callejarena, lehen zatian batez ere: orduan sartu zituzten etxekoek partida erabaki zuten bi golak. Arabarrak gutxiago izan ziren jokoaren alor guztietan, eta gainbeheran direla berretsi zuten: galdu egin dituzte azken lau neurketetatik hiru. Cadizek gaur Real Madrilen zelaian irabazten badio, gasteiztarrek jaitsiera postuetara itzuliko dira.

Atzo golik ez jasotzea zen Alavesen lehentasuna; horregatik, Callejak ondo hornitu zuen zelai erdia, bertan bost jokalari ipinita, eta aurrean bakarrik utzi zuen Joselu. Arabarren asmoaren erakusgarri nagusia, dena den, lerroen kokapena izan zen: beren zelaian ezarri zituen, jokoaren ekimena aurkariaren esku utzita. Rayok aginduz ekin zion, baina lehen aukera garbia Riojarena izan zen, lehen ordu laurdena bete berritan. Alaveseko hegalekoak urrundik astindu zuen baloia, ezkerrez, eta Dimitrievski geldiketa ona egitera behartu.

Zernahi ere, gutxi iraun zien itxaropenak Callejaren mutilei, 19. minutuan 1-0ekoa egin baitzuen Guardiolak. Tachik pase txarra eman zuen jokaldia abiatzerakoan, eta Rayok trantsizio azkar batekin txikitu zuen Alavesen atzeko lerroa. Trejok ezkerrera jokatu zuen, Alvaro Garciarekin, eta haren erdiraketa sareratzeko gai izan zen Guardiola. Alaves sufritzen ari zen etxekoen presioarekin, eta geldikako jokaldietan ere larri zebilen. Bada, kornerrez jaso zuen 2-0ekoa, 25. minutuan. Trejok erdiraketa bikaina ederki baliatu zuen Catenak, burukada indartsu batekin. Partidatik kanpo zeuden gasteiztarrak, eta benetakoa zen astindua jasotzeko arriskua. 39. minutuan, zutoinera jaurti zuen Alvaro Garciak, zelaia minez utzi aurretik.

Tirlearen debuta, aringarri

Atea hutsean uzteko apustuak kale egin zion Callejari, eta, halabeharrez, plana aldatu behar izan zuen. Bi aurrelariko sistema ezarri zuen lehenik, eta aldaketa erasokorrak eginez joan zen minutuen joanean. Besteak beste, Alex Tirlea zelairatu zuen, eta harrobikoaren ligako debuta izan zen bigarren zatiko pizgarri bakarra. Nahi eta ezin aritu zen Alaves, eta Edgarrek zelairatu berritan izan zuen aukera kenduta, ez zion inolako arazorik sortu Rayori. Etxekoek aise eutsi zioten errentari, eta hirugarren gola sartzeko aukerak ere izan zituzten, Fran Garcia, Isi eta Beberen oinetan. Beste maila batean dagoela erakutsi zuen Iraolaren taldeak. Etzi, Vila-realen zelaian ariko da Alaves.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.