Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Aita eta Rag

Casey Affleckek zuzendutako bigarren filma da Light of my Life. BERRIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun

'Light of my life'

Zuzendaria: Casey Affleck. Herrialdea: AEB. Iraupena: 119 minutu.

Aita eta alaba baten istorioa. Munduko emakume gehienak desagerrarazi zituen izurrite baten ondoren, aita eta 11 urteko alaba, Rag, bizirik iraun nahian dabiltza. Kanpadenda gainean daramatela, leku batetik bestera dabiltza, babesleku bila. Topatzen dituzten pertsona bakanen aurrean, Ragek mutila den itxurak egin behar ditu, eta, inorez fio ez direnez, ihesean daramatzate azken hamar urteak.

Aita-alaba batzuen istorioa. Horixe da Cassey Affleckek bere bigarren film luzean kontatu nahi izan diguna. Atzean mundu postapokaliptiko bat duten aita eta alaba dira, baina haien harremana da filmaren funtsa. Ragen eta aitaren arteko harremana, eta nola egiten dioten aurre munduari, bizitzea tokatu zaien horri.

Generotik aldentzen den proposamena da Light of my life. Mundu distopiko bat dugu pantailan, eta, hala ere, kontatu nahi den istorioa kontatzeko aitzakia soila dirudi. Pertsonaiak mugaraino eramateko era bat. Horrela, aita eta alabaren arteko konfiantza eta maitasuna erretratatu dizkigu Affleckek. Ipuin eta imajinazioz beteriko haien mundu txikia sortu dute, eta iluna eta beldurgarria den ingurunea etxe sentitzea lortzen dute.

Zuzendari estatubatuarrak maisuki gidatzen gaitu filmean zehar; une goxo eta intimoak gailentzen diren kontakizunean erne egotera behartzen gaitu, eta lehen eszenatik maitemintzen gaituenharreman polit hori babesteko beharra sentiarazten digu. Mundu postapokaliptiko hauetan kokatzen diren filmen handikeria guztiak alde batera utzi eta istorio samur eta apala sortu du Affleckek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.