Athletic 0-0 Valentzia

Puntua eta zalantzak

Athleticek nahikoa ez den puntu bat irabazi du Valentziaren kontra. Berizzok giharra jarri du kalitatearen gainetik, baina alferrik

Ander Capa, baloiarekin, eta, haren ondoan, Geoffrey Kondogbia eta Raul Garcia, atzo, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Athleticeko Capari eta Yuriri; eta Valentziako Vezori, Carlos Solerri, Batshuayiri, Wassi eta Gayari. Bestelakoak. 39.261 ikusle San Mamesen.

Athleticek hutsean berdindu du San Mamesen Valentziaren kontra. Ez da kezkatzeko moduko emaitza. Txapeldunen Liga jokatzen ari den talde on baten kontra puntu bat irabaztea ez da zertan txarra izan. Ontzat emango luke batek baino gehiagok. Baita etxean jokatuta ere. Baina atzoko partidak kezka sortu du. Emaitzaren atzean ezkutatzen denak ardura sortzen duelako jarraitzaile zuri-gorrien artean.

Eduardo Berizzok bete egin zuen bezperan aurreratutakoa. Baloiarekin dohain gehien duten futbolariak aulkian utzi zituen erritmo handian jokatzeko gaitasuna duten futbolari langileen alde. Hau da, Muniainen, Unai Lopezen eta Williamsen lekuan San Jose, Rico eta Raul Garcia zelairatu zituen. Athletici asko eman dioten eskarmentu handiko futbolariak dira hirurak.Baina Berizzok gustuko duen futbola eman ezin dezaketen jokalariak dira. Ez, behintzat, guztiak batera Dani Garcia lagun dutela hasieratik zelairatuta.

Inork ez daki zein ondorio ekarriko duen entrenatzailearen erabakiak, baina zeresana emango du. Berizzoren sinesgarritasuna ezbaian geratu da batzuentzat. Beste batzuentzat, aldiz, apustu batek emaitza onak ematen ez dituenean beste bide bat hartu behar dela defendatuko dute. Aurkariak ere jokatzen du, gainera. Atzo, Valentziak Athleticen antzeko proposamena egin zuen. Marcelino Garciak futbolari indartsuenekin bete zuen zelai erdia. Hegaletatik sakon jokatzeari uko egin eta lau euskarri zelairatu zituen. Hala ere, Athleticek ondo ekin zion lehiari. Lehen minutuetan Yuri izan zen oldarkorrena. Ezker hegaletik barneraketa onak egin zituen, eta bigarren minuturako Capak bi erremate erreskadan egiteko aukera izan zuen.

Lehen minutuetan zelai erdiko jokoa nagusitu zen. Lehia gogorra zegoen partida kontrolatzeko. Athletic estutasun barik ari zen jokatzen, baina ordu laurdena bete berritan Batshuayik lekuz kanpo harrapatu zuen Yeray. eta bakarrik geratu zen Herrerinen aurrean. Erdiko aurrelariak jaurtiketa txarra egin zuen ezkerrez. Barkatu egin zuen. Hurrengo aukera ere Valentziak izan zuen. Kondogbiak indartsu jo zuen baloia areaz kanpotik, baina zutoin ondotik kanpora joan zen. Lehen zatiak ez zuen gehiagorako eman.

Atsedenaldi osteko lehen minutuak izan ziren zuri-gorrien onenak. Aurrean presio egitea erabaki zuten, eta hartutako arriskuak emaitza ona eman zuen. Valentzia estu hartu zuten, baina aukera garbirik sortu barik. Hala ere, zaleek txaloz eskertu zuten ahalegina. Partidak aurrera egin ahala, indarrak parekatzen joan ziren. Futbolarien nekeak eta aldaketek askatu egin zuten zelai erdiko korapiloa, eta joan-etorriko partidan Valentziak sortu zituen aukerarik onenak. Rodrigok gertu izan zuen gola hamar minutu falta zirela, baina aurrelariak area txikian egindako burukadari bikain erantzun zion Herrerinek, langaz lagunduta. Ondoren, gola sartu zuen Gameirok jokoz kanpo zegoela baliatuz, baina epaileak ez zuen ontzat eman. Raul Garciak izan zuen garaipenaren gola azken jokaldian, baina Netok gelditu egin zion baloia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.