Literatura. Paula Bonet. Margolaria eta idazlea

«Desirarekin lotutakoa gizonen begiradaren bitartez heldu zaigu»

Irudirik gabeko bere lehen liburuan, pintoreak emakume askoren bizipenak islatu ditu, bere baitan arakatuta: mina, abusuak, plazera, artea. Sistemak onartzen dituen indarkeriak argitara atera ditu.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Minez beteak zeuden baina estetikoki ederrak ziren irudiak marrazten zituen egilea «lurperatu» eta urte batzuetara, distantziari esker gauzak izendatzeko modu egokia aurkituta, Paula Bonet margolari eta idazleak (Vila-Real, Herrialde Katalanak, 1980) bere lehen eleberria argitaratu du: La anguila (Anagrama), alde piktorikoa ere baduena. Testu gordina da, mingarria, indarkeriaz betea, baina plazera, pintura eta memoria ere badituena. Lan horri eta beste gai batzuei buruz aritu da Iruñean, Letraheridas jaialdian.

Liburu honetan zure abusu eta indarkeria esperientzien kontakizun gordina egin duzu, baina ahotsa lasaia da, pausatua. Heldutasuna behar izan duzu bizitakoarekin literatura egiteko?

Uste dut artea ona dela deabruak iraultzeko leku gisa, baina ezin da horretara mugatu. Ulertzen dut egin behar dudan bideak nolabaiteko perspektiba behar duela heldu nahi diodanari nahi dudan moduan heldu ahal izateko. Ezin dut minaren epizentrotik lan egin. Aspalditik dakit La Anguila idatzi nahi dudala, eta banekien distantzia eta neurritasuna behar nituela horretarako. Gai larriak jorratzen ditu, eta horiek izendatzen jakin behar nuen, garrantzitsua baitzen jendeak nobela irakurtzea, emakumeek zein gizonek, mina ematen diguten gauza asko islatzen dituelako, geureak bezala ikusi nahi ez ditugunak.

Autobiografikoa da, baina fikzioa ere badu. Fikzioa beharrezkoa zen bizitakoa kontatzeko?

Ezinbestekoa zen. Uste dut fikziozko zatia ez balego istorioa hain gordina izango zela, ez litzatekeela sinesgarria izango. Gainera, fikziorik gabe, niretzat ez litzateke aurkikuntzarik izango, eta ez nuke sentituko sortzaile gisa sentitu dudan askatasuna.

Liburuan Hombrecito, Sinnombre eta Poesia Sari Nazionala ezagutuko ditugu. Hiru erasotzaile oso ezberdinak, erakusten dutenak zein normalizatua dagoen indarkeria matxista, ez?

Bai, La anguila saiatzen da argia jartzen sistemak indarkeria horiek egiteko askatasuna uzten duen lekuetan. Hasieran, gure gorputzen gaineko indarkeria agerikoei buruzko liburu bat idazten ari nintzen: hizkuntzaren bidez, maitasunezko familia nukleoetan edota ginekologo baten kontsultan gertatzen direnei buruzkoa. Baina testua aurreratuta nuenean konturatu nintzen indarkeriei buruz hitz egiten ari banintzen indarkeria horien amaierara iritsi behar nuela. Testuaren bitartez erakutsi behar nuen indarkeria batzuk are agerikoagoak direla, eta biktimak oihuka aritzen direla, entzun ditzagun, sistemak ez dituelako babesten. Horregatik azaltzen dira gizon horiek. Adibidez, Hombrecito unibertsitateko irakaslea da, eta botere posizio horretaz abusatzen du unibertsitate osoaren aurrean. Garrantzitsua da hatza zauri horietan jartzea eta mugitzea, asko baitira generoak, adinak eta katedrak ematen dien botereaz abusatzen dutenen atzaparretan harrapatuta geratu diren ikasleak. Eta Poesia Sari Nazionalak balio dit azaltzeko okerrak direla tratu txarrak egiten dituenaren inguruan izan ohi diren ideiak.

Esan liteke kontatu dituzun indarkeriak ere aingiren gisakoak direla? Mutatzen baitute, eta harrapatzeko zailak dira.

Bai, oso zaila da identifikatzea noiz hasten diren. Bestalde, aingiraren metaforak proiektuaren hasierako ideia azaltzeko ere balio dit; izan ere, egin nahi nuen testu bat izango zena haragi taupakaria, haragi beroa, heldu nahi duzuna baina labaintzen zaizuna. Baina hori aldatuz joan zen, aingira animaliari askoz ere leialagoa zaion metafora batera heldu arte: animalia hotza, gizadiarentzat mendeetan misterio handia izan zena. Izan ere, mutatzen duen animalia da, eta azken mutazioan ugaltze organoak sortzen ditu, hiltzeko jaio zen lekura itzultzean. Jaiotza eta heriotza hain gertu lotzea ere baliagarria izan zait: eleberriaren hasieran abortu bat dago, eta ekintza pizten da.

Min handia dago lanean, baina baita plazera, artea eta memoria ere. Nolakoa izan da zure baitako esparru horietara iristea?

Gauzarik konplexuena izan zen hori: engranajeak ongi koipeztatuta egotea, denak koherentzia izan zezan. Liburu argitsua egin nahi bainuen; indarkeria askorekin, baina argiarekin ere bai. Pintura eskuliburu bat izatea nahi nuen, bizitza eta artea maila berean jarriko zituena. Hala, oihala inprimatzeko eta olioz margotzeko untxi buztana nola prestatu azaltzen duten errezetak daude, amonaren pertsonaiaren anis biribilkarien errezeten ondoan. Artista begirada horretatik hitz egin nahi nuen, elitean kokatu ohi dugulako, eta uste dut ez dela egokia.

Begirada horrek emakumeen esperientzia izendatzeko ariketa ere egiten du: emakumearen mina, haren desira, amorrua...

Uste dut esperientzia horretan esnatze bat izan dela, gure trebakuntza emozional eta intelektual guztia esperientzia maskulinotik datorrela ulertzeraino. Irakurri ditugun liburuak, ikusi ditugun filmak, gizonek idatziak izan direlako, eta desirarekin zerikusia duen guztia haien begiradaren bitartez heldu zaigulako. Geure burua ikusi dugu haien begiradaren bitartez hainbestetan, ezen gure begirada ahaztu dugun. Ez dugulako erreferenterik izan, ez genekielako existitzen zirenik ere.

La anguila-k bi zati ditu: bata, literarioa, eta, bestea, piktorikoa. Nola erlazionatzen dira?

Niretzat oso garrantzitsua zen bi proiektuak bereiztea, urteak baitaramatzat irudia eta hitza duten liburuak argitaratzen, eta horietan bi diziplinetako bat ezabatzen badugu, besteak ez du funtzionatzen. Baina oraingoan, aldiz, hitza eta irudia bereizteak eragin du bi adierazpideek elkarri oso era basatian elikatzea. Eta interesgarria iruditzen zait lehen aldiz ikusleak edo irakurleak beste proiektua nahitaez ezagutu behar ez duenean, orduan bi proiektuek inoiz baino gehiago elikatzea elkarri.

Iragarri duzu atzean utzi duzula ilustratzaile etapa, Paula Bonet hura lurperatuz. Beharrezkoa da etengabe berritzen aritzea?

Aspaldi lurperatu nuen, La Sed-ekin [2015]. Ilustratzeari utzi nion, eta bitxia iruditu zait webgunea itxiko dudala iragarri dudanean sortu den zalaparta. Gainezka egin dit, ate hori itxita zegoela sentitzen bainuen. Eta bai, etengabe aldatzea, beharrezkoa baino gehiago, saihetsezina dela uste dut. Autore bat toki batean gelditzen denean, bilatzen ari zena aurkitu duela pentsatuz, onura ekonomikoa edo txaloak ekartzen dizkiolako, niri horrek ez dit konfiantzarik ematen. Niretzat pintura ezin da kapitalizatu.

Lehengo ilustrazioak estetikoki ederrak ziren, ikuserrazak, baina geruza horren azpian mezua oso gogorra zen orduan ere…

Bai, eta horregatik ikaratu ninduen marrazki horiekin gertatu zenak. Horretaz ere ez naiz fidatzen, bat-batean hainbeste ikusgarritasun duen zerbaitez. Baina marrazki horiek egiten nituen testuinguru batean zeinean Hombrecitok uste zuen egiten ari zena ez zela hain larria. Horregatik aipatzen dut norbere burua berrikustearen garrantzia, eta esaten dut feminismoa berrikuspena dela eta mingarria dela. Marrazki horiek egiten nituen sistemak berak leku horretara eramaten ninduelako; autokonplazentziazko leku batera, leku ahul batera. Marrazki horiek jaio ziren testuinguru batean zeinean marrazkilaria bahitua zuten maitatua izateko nahiak eta begirada horiekin ikusia izateko nahiak. Baina hau ikusten dut esnatzeak eman didan distantziari esker.

Jazartzen zaituen gizona kartzelatu dute. Nola zaude? Bizimodua aldatu behar izan baituzu.

Bi urte eta erdiz nire bizitza guzti-guztia aldatu behar izan dut; ez bakarrik espazio publikoarekin lotutakoa, baita nire lantokiarekin edo nire etxearekin lotutakoa ere. Etxea salgai jarri behar izan dut, tailerra lekuz aldatu, alarma sistemetan inbertitu... oso desatsegina da, eta oso prozesu motela da. Eta nik pribilegiotik hitz egiten dut, aldaketak egin ahal izan baititut. Asko kostatu zait hau publiko egitea, baina une batean nire bizitza arriskuan ikusi nuen.

Carla Vall abokatua duzu aldamenean, eta genero ikuspegiaren premia nabarmendu duzu.

Oso garrantzitsua da genero ikuspegia honelako prozesuetan; askotan, ikuspegi hori gabe, nirearen moduko kasuetan erasotzailearen aldeko epaia ematen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.