Zenbat aldatu diren erakusteko, aukeran

Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final laurdena, Errenterian. Aurreko txapelketatik gaur egun arte zenbat aldatu den erakutsi nahi izan du bertsolariak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Errenteria
2015eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gaur Oreretan elkartu gera/ erakusteko, aukeran/ munduak berdin jarraitu arren/ gu zenbat aldatu geran», kantatu zuen Beñat Gaztelumendik hasierako agurrean. Herenegun kantatu zuen hori, Errenterian irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan. Azken Gipuzkoako txapelketatik munduan aldatu ez diren egoeren zerrenda luze samarra egin zuen, azken puntu horietara iritsi aurretik. Berari dagokionez, garbi du lau urteotan aldatu dena zer izan den: posizioa. «Orain dela lau urte zer esan nahi nuen edo gaien aurrean zein zen nire posizioa ez neukan oso garbi. Orain, uste dut posizioak nahiko garbi dauzkadala, nahiko garbi daukadala zer egin nahi dudan», azaldu zuen hasierako agurrean kantatutakoa oholtzatik jaitsitakoan.

Posizioak ofizioetan burua blokeatu zion sei puntuko motzean jarduterakoan. Amaia Iturriotzekin jardun zuen orduan. Ordura arteko bi ofizioetan fin ibili zen Iturriotz. Ariketa horretatik aurrera hasi zen beherantz egiten. Blokeoaren erruduna gaiak ezarritako jarrera izan zuen Gaztelumendik. Imanol Artolak jarritako gaiari jarraikiz, bikote izan ziren biak. Behin abortatu eta gero, haurra izan nahiko zuen Gaztelumendik, eta haurrik ez zuen nahiko Iturriotzek. «Gaia entzun eta blokeatu naiz banekielako gaiarekiko zein zen nire posizioa, eta ez nuen ikuspuntu hori hartu nahi. Badakit batzuetan traba egiten duela, baina pozten nau posizio hori edukitzeak. Uste dut bertsolariok hori dela emateko daukaguna: begirada propio bat», zioen Gaztelumendik.

Kartzelan erakutsi zuen begirada propio hori gehien. Horretan, azken lau urteetan ez da aldatu. Normalean, bakarkakoetan nabarmendu izan da, eta Errenteriako Agustina Otaola Erraketista Profesionala pilotalekuan ere bakarkakoan nabarmendu zen. «Agian, arraroa izan da erdi umoretik edo arin samarretik hartzea», ebatzi zuen. «Zure izena bozgorailuetatik esaten ari dira behin eta berriz», izan zuten gaia. «'Bozgorailuetatik' entzun dudanean hondartza bat ikusi dut eta ume bat galduta», zioen Gaztelumendik. Hiru bertsoen amaiera hasieratik pentsatuta, 590 bertsozaleen txaloak isildu orduko hasi zituen bertsoak: «Atmosfera bat sortzen baduzu, bertsotik bertsora pentsatzeko tartea hartzeak uste dut publikoa hoztu egiten duela. Segidan kantatzeak laguntzen du istorioa sinesgarriago egiten».

Bete-betean asmatu zuen sortu nahi izan zuen atmosfera sortzen, hondartzan galduriko lau urteko haurraren begiradatik. Era honetara kokatu zuen lehen bertsoan egoera: «Gaztelutxoa hondarrarekin/ egitea hain da erraza/ hartu pala ta hartu eskuak/ hemen nabil nere kasa/ baina zergatik iruditzen zait/ bukatu dela jolasa?». Mundua zein handia den eta zein txiki sentitzen zen kantatu zuen bigarrenean. Hirugarren bertsoarekin biribildu zuen lana: «Zergatik daude nere ondoko/ guztiak neri begira?/ Amona batek zergatik egin/ besoetatik tira?/ Zergatik goaz gurutze gorri/ haundi bat daukan tokira?/ Dirudienez altabozetik/ agintzen zena hori da./ Nik jolastea beste gauzarik/ ez bainuen desira/ ta bukatu da nere jolasa/ nere begien distira./ Sokorristari hala esan diot/ aurpegitik aurpegira:/ e' naizela ni galdu naizena/ gurasoak izan dira».

Norberarengandik nahi

Saioko irabazleak aipatutako begirada propio hori gehiago erakusteko gogoz geratu zen Jon Martin. Saioa bukatuta aitortu zuenez, urduritasunak eta kanpoan geratzeko beldurrak bertsotan ongi egitea eragotzi zion laino moduko bat sortu zioten. Kartzelan, beretik kantatzeko aukera handiena izan zuenean, eskuratu zituen puntu gehien. «Gaur izan naiz ordenagailu konpontzaile bat, selektibitatea egin duen ikaslea, bere inguruarekin moztu duen presoa, txirrindularia —kirola gorroto dut—… Gaiekin kantatzeak garenetik oso urruti kantatzea dakar, eta gustatuko litzaidake nire iritziak eta gogoetak emateko aukera izatea», egin zuen hausnarketa saioaren ondoren.

Iñaki Gurrutxagak txapelketaren erritmotik pixka bat kanpo zeukan burua, eta irizten zion igarri zela saioan. «Fresko kantatu nahi nuen. Jendea sumatzen nuen erantzuten ari zela umorezko ateraldiei. Kartzelakoan ere oso garbi jo dut umoretik hori ikusita», azaldu zuen umorerako hautua. Bertsozaleengana heltzeko eta puntuak biltzeko bietarako balio izan zion hautuak.

Ane Labaka ere bi esparruetan ibili zen txukun, puntuetan pixka bat beherago sailkatu arren. Iñigo Mantzizidor Mantxi -k ofizioetan lortu zuen entzuleengana iristea, baina birritan geratu zen saioan ez aurrera ez atzera, eta epaileen ebazpenean horiek islatu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.