Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Ostarte bila

Fantasia eta umorea uztartu ditu Makoto Shinkaik. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Weathering with you'

Zuzendaria: Makoto Shinkai. Herrialdea: Japonia.Iraupena: 114 minutu.

Hodaka 16 urteko gaztea Tokiora joan da bizitzera, etxetik ihes eginda. Bertan, lana topatu ezinik dabilela, ezagutuko du Hina, gosez amorratzen dagoela lagunduko duen neska alaia. Berarekin elkartu eta negozio bitxi bezain errentagarria sortuko dute: eguraldi ona eta eguzkia erakarriko dituzte diruaren truke. Izan ere, Hinak dohain bat du; otoitz eginez Tokio jasaten ari den etengabeko euria atertu dadin lor dezake, ostarteak sortu eta eguzkia ikustera iritsi arte. Hodaka eta Hinak eguraldi onaren beharra duten pertsona ugari ezagutuko dituzte haien enpresa txikiarekin, eta pixkanaka elkarren arteko laguntasuna haziz joango da. Baina eguraldia aldatzeak baditu bere ondorioak, eta bikote gazteak haiei aurre egin beharko diete.

2016an estreinatu eta ospe handia lortu zuen Your name filmaren egilearen anime berria da Weathering with you. Mota honetako filmek dituzten kodeei jarraitzen ditu Makoto Shinkairen lanak: fantasia du, abenturak eta amaierako irakaspen bat. Umore uneak ere baditu, eta, beharbada, ikustera ohituta ez gaudena edo arrotz samarra egiten zaiguna hitzekin azaldu beharra ere sentitu du zuzendariak. Izan ere, protagonistak bakarrizketa eran edo off-eko ahotsa erabiliz burutik pasatzen zaizkion pentsamendu eta gogoeta guztiak partekatzen ditu.

Gustura ikus daitekeen filma sortu du zuzendari japoniarrak; atsegina da eta erritmo polita du. Istorioak mami gehiago eduki zezakeen eta lotu gabeko hari dezente gelditzen dira, baina irribarre bat edo beste eragingo du ikusleengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.