Koronabirusa

Aurreko astean baino %19 positibo gehiago atzeman dituzte Hegoaldean

COVID-19a zuten 24 gaixo hil dira astebetean. Ostiraleko probetan, 2.962 herritarrek eman zuten positibo, aurreneko olatutik daturik txarrena

Irati Urdalleta Lete.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
COVID-19a hedatu eta hedatu ari da oraindik. Hego Euskal Herrian, abenduaren 6tik 12rako astean, 15.323 positibo atzeman zituzten, azaroaren 29tik abenduaren 5erakoan baino %19 gehiago. Markak hautsi dituzte azken asteko positibo kopuruek. Larunbatean jakinarazitako datua izan zen guztietan txarrena: ostiralean gaitza atzemateko egindako probetan, 2.962 lagunek eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Pandemia osoan sekula ez dituzte hainbeste positibo atzeman egun bakarrean, nahiz eta kontuan hartu behar den 2020ko martxoan-eta proba gutxiago egiten zituztela eta, beraz, ziurrenik jende gehiagok izango zuela gaitza pandemiaren hasiera hartan.

Positiboen ehunekoak ere argi erakusten du birusa harrotuta dabilela eta hura kontrolpean izateko zailtasunak daudela. Esaterako, herenegun eginiko 14.508 probetatik 1.884k positibo eman zuten; hau da, %13k. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko muga dauka ezarrita pandemia bat kontrolpean izaten hasteko.

Gipuzkoan dago egoera okerren. Bertan erregistratu dituzte azken asteko kasuen %35, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia metatuta 1.435 kasukoa da. Nafarroan ere zaila da egoera: bertan atzeman dituzte kasuen %28, eta intzidentzia 1.151 positibokoa da. Araban, positiboen %11 atzeman dituzte, eta 985 kasuko intzidentzia dute. Azkenik, Bizkaikoak dira azken asteko kasuen %25, eta 605 positibokoa da intzidentzia.

Positiboak areagotu ahala, ospitaleetako egoera ere okerrera egiten ari da. 556 gaixo daude COVID-19ak jota Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan, daturik txarrena maiatzaren 13tik. Konparazio bat egitearren: duela astebete baino %25 gaixo gehiago daude erietxeetan, eta duela bi aste baino %63 gehiago. ZIUetan ere, goranzko joera: orotara, 113 eri daude larri, duela astebete baino %31 gehiago, eta duela bi aste baino %88 gehiago. Fermin Labaien Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) ZIUaren arduradunak esan du 11 gaixo dituztela, eta «alerta laranjan» daudela, espero baitute hurrengo egunetan paziente gehiago iristea. Ohartarazpena egin du Radio Euskadin: «Okerrena iristeko dago». Heriotzei dagokienez, astebetean 24 gaixo hil dira COVID-19ak jota.

Ikasgelak ixten

Birusa umeei ari zaie erasaten, batez ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, 2.522 kasukoa da intzidentzia 6-12 urteko haurren artean. Horrek zuzenean eragiten du eskoletan. Guztira, Hego Euskal Herriko 418 ikasgela daude itxita —ostiralean baino hamazazpi gehiago—, 205 ikastetxetan. Nafarroako Gobernuak ere jakinarazi du zenbat ikasle dauden itxialdian: 1.903 daude konfinatuta.

Iragarritako moduan, bihar hasiko da 5 eta 11 urte artekoen txertaketa Hegoaldean. Atzo jaso zituzten horretarako lehen txertoak: 60.000 Eusko Jaurlaritzak, eta 18.000 Nafarroako Gobernuak.

Ikastetxeetara ez ezik, zahar etxeetara ere sartu da birusa. Gipuzkoan, hiru egoiliar hil dira gaitzak jota, eta beste bost kutsatu dira. Denera, 30 egoiliar daude COVID-19arekin. Bizkaian, Getxoko Jesusen Bihotza egoitzako bost egoiliarrek positibo eman dute.

Txertaketa, apalduta

Datuak goraka badoaz ere, egoera ez da aurreko olatuetan bezain larria. Azken hamalau egunetan batez beste 2.000 kasutik gora ari dira atzematen egunero. Aurreneko olatutik erregistratutako daturik okerrena da. Esate baterako, azken olatuan —kontuan hartu behar da orduan gaixotu zirenak gazteak izan zirela, batez ere—, uztailaren 29an jo zuen goia batezbestekoak: egunean1.782 positibo atzematen zituzten batez beste. Orduan, batez beste 55 gaixo ospitaleratzen zituzten egunero; orain, 51. Joan den urteko azaroan, oraindik jendea txertatzen hasi gabe zeudenean, azaroaren 7an jo zuen goia positiboen batezbestekoak, eta egunero 1.720 positibo atzematen zituzten. Ordu hartako ospitaleratze datuei erreparatuta, batez beste egunero 93 gaixo erietxeratu behar izaten zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.