Israel. Parlamenturako hauteskundeak

PAE: «Israeldarrek apartheida gotortu eta zabaltzea onartu dute»

Palestina Askatzeko Erakundea etsita agertu da hauteskundeen emaitzekin. Nazioartean aliantzak egiten saiatuko dira ordezkariak

Israelgo soldadu bat palestinar bati jazartzen, Hebronen. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Palestinarrentzat ez da ezuste bat izan Israelgo hauteskundeen emaitza, baina, hala ere, haien ordezkariak etsituta agertu dira. «Guztiz eskuinekoa, xenofoboa eta palestinarren aurkakoa den parlamentu bat aukeratu dute haiek ordezkatzeko», adierazi zuen atzo Hanan Axrawi PAE Palestina Askatzeko Erakundeko batzorde exekutiboko kideak. «Israeldarrek apartheida gotortu eta zabaltzea onartu dute». Axrawik adierazi zuen PAE aliantzak egiten saiatuko dela «antzeko pentsaera duten nazioarteko eragile arduratsuekin», Israelen «agenda arriskutsu eta arduragabeari kontrapisua egiteko».

Israeldarren eta palestinarren arteko gatazka guztiz trabatuta dago. 2014an hautsi zen Tel Aviven eta PAEren arteko azken elkarrizketa prozesua. Gaza guztiz blokeatuta du Israelek, eta anitzetan eraso egin dio, handik suziriak jaurti izan dituztela argudiatuta. Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean, berriz, ekintza bururatuen politika bat aplikatu du lurralde horien okupazioa betikotzeko. «Netanyahuren agenda estremista eta militarista Trumpen administrazioaren [AEBetako presidentearen] politika arduragabe eta itsuek hauspotu dute», salatu du Axrawik. Herenegun arratsean, zundaketen berri jakin bezain laster, Saeb Erekat PAEren idazkari nagusiak ere etsipena agertu zuen. «Israelgo Parlamentuan aukeratu dituzten 120 diputatuetatik hamalauk bakarrik onartzen dute bi estatuen irtenbidea».

Airbnb, kolonien alde

Okupazioa da palestinarrentzat estatu bat sortzeko arazorik handiena. PAEk eta bertze eragile batzuek kolonia horiei nazioarteko boikota egiteko eskatzen dute, bertzeak bertze nazioarteko legedia urratzen dutelako. Airbnb etxe eta logelen alokairurako plataformak iaz erabaki zuen kolonietan erretiratzea, baina herenegun erabaki hori bertan behera utzi, eta horietan jarraitzea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.