Suteak Nafarroan

Suteek piztuta segitzen dute Galipentzun eta Erreniegan, eta beste bi piztu dira

Esako urtegi inguruan sute berri bat piztu da, eta Lodosan, beste bat. Kaltetutako inguruak larrialdi eremu izendatzeko izapideak hasi dituzte

Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ari dira gutxitzen fokuak, eta mendean hartuak dituzte azken egunetan piztutako zenbait sute. Ez denak, ordea, eta, gainera, berriak piztu dira, beroak eta hegoaldeko haizeak lagunduta.

Atzo iluntzean oraindik ere lurrak kiskali eta kiskali ari zen sua Erreniega eta Galipentzu inguruan. Horiek itzaltzen jarri zuten indar gehien suhiltzaileek, eta kezka iturri nagusia zirela baieztatu zuen Nafarroako Gobernuak ere. Bi suteok «bereziki aktibo» zeudela jakinarazi zuen Remirezek goizean, eta, horregatik, egoera «delikatua» zela onartu. Iluntzean Barne Departamenduko zuzendariAmparo Lopezek esan zuen Galipentzukoa zela suterik handiena, eta herria hustu egin zutela badaezpada ere.

Lehendik piztuta zeuden suteekin nahikoa ez, eta arratsaldean gehiago sortu ziren. Leireko monasterioaren eta Esako urtegiaren artean piztu zen bat, lehenik. Suteak Zaragozako (Espainia) lurrei ere eragiten diela jakinarazi zuen Aragoiko Gobernuak. Edonola ere, haizearen noranzkoa zein den aintzat harturik, suak Leirerako bidea hartzeko arriskua dagoela iragarri zuten larrialdi zerbitzuek. Sutearen ondorioz, itxi egin zuten Pirinioetako Autobidea—A-21a—. Lodosan ere piztu zen beste sute bat, baso batean, baina larrialdi zerbitzuek mendean zeukatela zabaldu zuten.

Kontrolpean dituzte, bestalde, Arroitzen, Arguedasen eta Ezkaban izandako suteak, batez ere igandean hedatu zirenak. Herri horietara itzuli ahal izan zuten ebakuatutako herritarrek. Denera, 13 herri hustu dituzte larrialdi zerbitzuek larunbatetik, eta 900 herritar inguru ebakuatu, Remirezek baieztatu zuenez. Atzo goizean egindako agerraldian ez zuen agertu herri gehiagotan neurri berbera hartzeko asmorik, baina ohartarazi zuen aurreikuspenak alda daitezkeela, suaren bilakaeraren arabera.

Kalte pertsonalik ez

Remirezek positibotzat jo zuen suteek oraingoz kalte pertsonalik eragin ez izana, eta erantsi zuen hori dela «lehentasuna» esku hartzeetan. Kalte materialak, baina, egundokoak izaten ari dira. Nafarroako Gobernuak ez du oraingoz horiei buruzko argibiderik eman. Atzo arratsaldean, gobernua Nafarroako talde parlamentario guztietako bozeramaileekin bildu zen. «Krisi egoeraren kudeaketaz» eta «epe motzeko perspektibaz» azalpenak eman zizkien, Remirezek aurreratu zuenez.Atzo ilunabarrean Aragoiko hedabideek (Espainia) jakinarazi zuten Guardia Zibilak pertsona bat atxilotu zuela Esa inguruko sutearekin lotuta.

Horrez gain, esan zuen behin «larrialdi egoera gainditutakoan» legebiltzarrean agerraldia egingo dutela, «gardentasun osoz» alderdiei eta herritarrei gertatutakoaren berri emateko. Suteen arrazoiez ere aritu zen Nafarroako Gobernukoe eleduna. «Hainbat arrazoi» daudela ziurtatu zuen, eta ez zuen baztertu laborantzarako makineriaren erabilera horietako bat izatea.Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak Radio Euskadin azaldu zuen bere departamentua lanean ari dela foru agindu bat argitaratzeko, muturreko baldintza meteorologikoetan halako makineria erabiltzea galarazteko.

Maria Txibite Nafarroako presidenteak, berriz, prozedura hasi du suak erasandako inguruak larrialdi eremu izendatzeko. Hala izan dadin, Espainiako Ministroen Kontseiluak onespena eman behar dio izendapenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.