Koronabirusa

Jaurlaritzak orain arteko neurriei eutsiko die, datuak hobetu badira ere

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du behera egin dutela intzidentzia tasak, PCRetako positiboen ehunekoak eta ospitaleratuen kopuruak, baina «zuhurtziaz» jokatu behar dela

joxerra senar
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ez ditu neurriak gogortuko, ezta leunduko ere. Jaurlaritzak erabaki du orain arte erkidegoan ezarritako neurriei eustea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak bilera izan zuen atzo, eta, pandemiak azken asteetan izandako bilakaera aztertu ondotik, erabaki zuen bere horretan uztea oraingoz neurriak. Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak komunikabideei azaldu zienez, aurreko hamalau egunetan pilatutako positiboen intzidentzia tasa beherantz doa azken asteetan; egindako PCR probetan atzematen diren positiboen ehunekoa ere behera doa, eta ospitaleratzeak gero eta gutxiago dira.

Horrekin batera, beste datu gehigarri bat eman zien kazetariei Sagarduik: batez beste kutsatzeen abiadura neurtzen duen adierazlea (R0) ere jaitsi egin da azken hilabete eta erdian. «Irailak balio izan du ikusteko zer bilakaera izan duen COVID-19ak behin ikasturtea hasita eta, oporren ostean, lanera itzulita». Sagarduiren arabera, ez dute beharrezkotzat jo egungo neurriak gogortzea, ezta horiek bertan behera uztea ere, «momentuz behintzat». «Prebentzio neurriekin zorrotz jokatzen dugun bitartean, birusarekin bizi gaitezke modu egokian», gaineratu zuen.

Abuztuaren 28an izan zuen aurreko bilera babes zibileko aholku batzordeak. Atzokoan, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria buru zuela, bertan izan ziren gobernuko osasun eta hezkuntza arloko arduradunak, hiru aldundietako diputatu nagusiak eta hiriburuetako alkateak. Bilera osteko agerraldian, Sagarduik azpimarratu zuen gertutik erreparatzen ari zaiola pandemiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen bilakaerari, baita hortik kanpokoari ere: «Beste leku batzuetan zer gertatzen ari den erne gaude, guri ere gerta dakigukeelako».

Azken asteetako aurkikuntzen artean, berritasunetako bat antigeno testak dira. PCR probek koronabirusaren geneak atzematen dituzten bezala, antigenoek haren proteinak detektatzen dituzte; baina, PCRek ez bezala, oso denbora gutxian esan dezakete kutsatua den. Sagarduik aipatu zuen euren asmoa dela diagnostikoan eta prebentzioan lagun dezakeen erreminta oro erabiltzea, eta egun aztertzen ari direla modu egokian erabiltzeko kopuruei, moduei eta protokoloei buruz. Sagarduik gogorarazi zuen orain «nahikoa» PCR egiten direla.

Aurtengo txertoaren kanpaina urriaren 13an hasiko da. Datorren ostiralean emango dute xehetasunen berri. Dena den, etzi jada txertoak jarriko dizkiete zahar etxeetako egoiliarrei, eta gauza bera egingo dute osasun arloko profesionalekin. Osakidetzak gomendatuko die aurtengoan jartzeko, baina langileen erabakia «borondatezkoa» izango da.

Kazetariek Gasteizko edo Urnietako egoerari buruz kezkarik ba ote duten galdetuta, Sagarduik ukatu egin zuen. «Ez dago egoera berezirik, baina, behar izanez gero, neurriak hartuko ditugu».

Txibiteren ohartarazpena

Hegoaldeko beste hiru lurraldeen aldean, egoera okerragoa du Nafarroak. Herenegun, saltoki eta ostatuetako edukierei buruzko neurriak astebetez luzatzea erabaki zuen gobernuak. Egunotan, Azkoien, Faltzes, Funes eta San Adrian bakartu dituzte. Atzo, Maria Txibite gobernuko lehendakariak ohartarazi zuen beste hainbat herritako datuak gertutik zaintzen ari direla, egoera «laranja kolorekoa» delako eta antzeko neurriak har ditzaketelako. «Nahiago dut zer herri diren ez esan, positiboak jaitsiz gero ez delako konfinamendurik egongo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.