Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Orain

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Aurrez ikustekoa zenez, Espainiako Auzitegi Gorenak bere epaia astelehen goizean goiz ezagutarazi izanak erabat aldatu du Kataluniako panorama politiko eta soziala.

Izugarrizkoa izan da mobilizazioa: hasi Prat aireportuaren geldiarazte arrakastatsuarekin eta buka ostiraleko greba orokor historikoarekin. Greba hori Askatasunaren Aldeko Martxek sendotu dute, hiru eguneko epopeia itzela, herrialdearen historian betikotua geratuko dena. Eta ez dirudi hau hurrengo asteetan amaituko denik. Hasiera itxaropentsua da.

Egiatan, harrigarria izan da irmotasuna. Barrikada eta suen gauak, ez bakarrik Katalunian, bai eta Printzerri osoan ere. Baina bi ohartarazpen egin behar dira. Bata: istiluak Poliziak hasi dituela, modu sistematikoan. Poliziarik agertu ez den tokian ez da sortu inolako arazorik.

Bestea: hasia da sortzen gazteen belaunaldi berri bat, gogor eusten diona eta Poliziaren indarkeriari aurpegi ematen diona, Katalunian orain artean sekula ikusi gabeko moduan. Belaunaldi gazte horrek hainbat umiliazio eta bidegabekeria jasan ditu bi urtean, baina jada ez dago prest besterik jasateko, eta irabazi egin nahi du.

Horren guztiaren erdian, Kataluniako Gobernua noraezean dabil, eta alderdi politikoak gero eta txikiago bihurtzen ari dira, giza marearen handiak gainez egin baitie. Bestelako zirkunstantzia batzuetan, oso kezkagarria izango litzateke, baina oraintxeko zirkunstantzietan ez zait iruditzen hain kezkagarria. Espainiako Estatua inguratuta dago, negoziatzeari uko egitean itxia, eta, beraz, errepresioan hondoratu baino ez da egingo. Duela bi urte, Mariano Rajoyk eta Pedro Sanchezek Europako Batasunari hitzeman zioten gai zirela egoera kontrolatzeko, eta hau guztiau presio handi bat eragiten hasi zaie. Amore eman behar izatea egokitzen zaienean, ez die balioko erantzun apalagorik: ezpada errepublika, independentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.