Jordi Guixe Coromines. EUROM Europako Memoriaren Behatokiko zuzendaria

«Europan erreferente izanen den oroimen gune bat sor daiteke Iruñean»

Erorien Monumentua «desakralizatu eta eraldatzeko» proposamena egin du historialariak, Iruñeko Udalak antolatutako jardunaldietan.
BERRIA

Ion Orzaiz -

2018ko martxoak 13
Bartzelonako Unibertsitatean irakasle da Jordi Guixe historialari eta ikerlaria (Bartzelona, 1970). 2012. urteaz geroztik, gainera, Europako Memoriaren Behatokiko zuzendaria da. Iruñean izan da asteburu honetan, udalak gonbidatuta, Erorien Monumentuari buruzko jardunaldietan.

Monumentuari buruzko txosten bat aurkeztu berri duzu. Zeintzuk dira zure analisiaren ildo nagusiak?

Alde batetik, Europako beste esparru batzuekin alderatu dut Iruñeko Erorien Monumentua; besteak beste, Heinrich Himmlerren SSen egoitza izandako Wewelsburgeko gazteluarekin [Alemania], kontzentrazio esparruekin, kartzelekin... Nazismoaren kultu eta erromesaldi gune izandako horietan zer egin den, zeintzuk diren planteatutako irtenbideak, nola eraldatu dituzten... Bestalde, Nafarroako hainbat eragilerekin ere batzartu naiz, txostenean haien iritzia sartzeko: elkarte memorialistak, biktimak, alderdi politikoak...

Zer ondorioztatu duzu?

Bada, hasieran uste nuena baino handiagoa dela eragileen arteko kontsentsua. Oro har, bi aukera nagusi antzeman ditut: alde batetik, monumentua eraistea; eta bestetik, eraikina birplanteatzea, memoria historikoaren parametroetatik abiatuta. Bi aukerak islatu ditut txostenean.

Zein lehenetsiko zenuke zuk?

Zilegi eta logiko iruditzen zaizkit biak, baina nik, pertsonalki, bigarren bidetik joko nuke: eraldatzetik. Normala da pertsona askok monumentua eraitsi nahi izatea, faxismoak inposatutako ikurra den heinean. Niri ere bat-batean datorkidan lehen erreakzioa horixe da: bota dezagun. Baina burua hotz mantenduta, uste dut interesgarriagoa dela historiaren pasarte beltz hori mantentzea (zati bat, bederen), belaunaldi berriei azaldu ahal izateko zer gertatu zen hemen. Aukera horri helduz gero, Iruñean eta Nafarroan soilik ez: Europa osoan erreferente izanen den oroimen gune bat sor daiteke hemen. Kostatuko da, baina, aurrera aterako balitz, aukera ederra izanen litzateke.

Zer da, zehazki, proposatzen duzuna?

Goiz da oraindik proposamen arkitektoniko zehatzak emateko, ez baitakigu zein izanen den udalak aukeratuko duen proiektua, baina eraikinaren izaera goitik behera aldatzea planteatzen dut. Gaur egun, Erorien Monumentua, hiriaren paisaiaren parte izateaz gain, mitologiaren parte ere bada. Argi esanen dut: irain bat da, bai biktimentzat, baita demokratikoa den edozein gizarterentzat ere. Hortaz, lehenbizi eraikina desakralizatu eta desmitifikatu egin behar da. Eta horren gainean, memoriaren kultura erakutsiko duen eraikin garaikide bat eraiki. Teknikoki, formula horrek aukera asko eskaintzen ditu: erdiko nabea gorde eta gainontzekoa bota, Alemaniako Reichstagen egin zenaren gisako performance artistiko bat egin...

Zailtasun ugari ditu halako proposamen batek...

Inertzia zaharrak gainditu behar dira, eta ezinbestekoak izanen dira ausardia politikoa eta pedagogia. Inbertsio handia ere beharko da; Europan, gisa horretako espazioak garestiak dira. Ez da urte batetik bestera egin daitekeen zerbait: hamar bat urteko lanaz ari gara. Baina merezi du. Gure seme-alabek eskertuko dute.

Eskuineko talde batek monumentua bere horretan utzi eta erabilera berri bat ematea proposatu du. Arte garaikideko edota arkitekturako museo bat ere planteatu dute. Zer deritzozu planteamendu horiei buruz?

Gobernu ahul eta herabe batentzat, onargarria izan daiteke memoria historikoari iskin egin eta eraikinean adabakiak jartzea, baina, nire uste apalean, ez da nahikoa. Ausartak izan behar dugu, eta oroimenari aipamen zuzena egin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna