Euskara eta generoa ikergai hiru bekaren bidez

Berdintzen programaren lehen edizioko beken berri eman dute. Hitanoa, euskararen diskurtsoak eta Tene Mujika ikertuko dituzte

Donostian aurkeztu zituzten, atzo, Berdintzen ekimeneko bekak. IREKIA.
Erredakzioa
Donostia
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Euskara suspertu eta biziberritzeko prozesuetan generoaren aldagaiak izan duen eraginaz jabetuta, Eusko Jaurlaritzak Berdintzen programa jarri du martxan. Hiru beka eman dituzte, gai horretan sakontzeko. Ikergaiak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Miren Dobaran sailburuordeak aurkeztu dituzte, beken irabazleekin batera, Donostian. Zupiriak esan du euskararen suspertzean eta biziberritzean emakumeek egindako lanari ikusgarritasuna ematea dela beka horien helburuetako bat. Dobaranek gehitu du aitortza bat egiteaz gain, gizonak biziberritze prozesuetara erakartzeko bide berriak ere aztertu nahiko lituzketela, eta, bestetik, «hizkuntza politika eraginkorragoak egin».

Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak hitanoa ikertuko dute jaso duten bekaren bidez. Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko baliabidea izena eman diote ikergaiari. Bestetik, Onintza Legorburuk euskararen diskurtsoei buruzko ikerketa bat egingo du: 1960. urtetik hona euskalgintzak eta erakundeek egin dituzten kanpainetan erabili dituzten leloak eta irudiak ikertuko ditu, genero ikuspegia txertatuta. Nekane Goikoetxeak, berriz, Tene Mujika idazle eta politikariaren biografian sakonduko du, hezkuntza biziberritzeko emakumeek egindako ekarpena ikertzeko. Uste du 1960ko hamarkadako euskararen aldeko mugimendua oso baldintzatuta egon zela «gerra baten zauriagatik». Horregatik, gerra aurretik, XX. mende hasierako balioak nolakoak ziren, zer aldagai zeuden eta abar ikertuko du, Tene Mujikaren figuran oinarrituta.

Ikerketa bakoitzak 15.000 euroko beka jasoko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.