Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

'Smartphone'-ak, diabetikoen aliatuak

2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Munduko Osasun Erakundearen arabera, gaur egun 422 milioi pertsonak pairatzen dute diabetesa. Gaixo horiek hormona bat ekoizteko arazoak dituzte, intsulina hain zuzen ere, odoleko glukosa hartu eta gorputzeko zeluletara bideratzeaz arduratzen dena. Ondorioz, tratamendurik ezean, diabetikoen odoleko glukosa-mailak behar baino altuagoak (hipergluzemia) izaten dira. Hori dela eta, diabetesak jota dauden pertsonek beren gorputzetan intsulina injektatu behar izaten dute, egunean edo astean hainbat alditan. Duela urtebete eskas, ordea, txinatar ikertzaile talde batek smartphone gailuen bidez kontrolaturiko tresna iraultzaile bat asmatu zuen. Aparatu horri esker, etorkizunean, diabetikoek orratzekiko duten mendekotasuna desager liteke.

Diabetikoen bizi-kalitatea nabarmen hobetu dezakeen tresna txanpon baten tamainako hidrogelezko kapsula bat da. Kapsularen barruan bi osagai nagusi daude. Alde batetik, LED argiak; bestetik, ingeniaritza genetiko bidez eraldatutako zelulak, argi infragorriarekin kitzikatuz gero intsulina jariatzen dutenak.

Momentuz, aparatu hori diabetesak jotako saguen larruazalaren azpian ezarri dute eta emaitza positiboak lortu dituzte. Saguen odoleko azukre-mailak gora egiten duenean, nahikoa da smartphone-ko app berezi bateko botoi bat sakatu, eta kapsula barruko LED argiak pizten dira. Horri esker, genetikoki eraldatutako zelulek intsulina jariatzen dute, eta ondorioz, sagu diabetikoen odoleko glukosa-mailak behera egiten du. Gainera, posible da prozesu hori guztia are gehiago automatizatzea. Glukosa neurtzeko tresnari, hots, glukometroari, bluetooth igorle bat atxikiz gero, horrek zuzenean smartphone-ari jakinarazten dio odoleko glukosa-mailak noiz diren behar baino altuagoak. Kasu horietan, smartphone-ak berak automatikoki aktiba ditzake kapsula barruko zelulak horiek modu kontrolatuan intsulina aska dezaten.

Lehendabizi telefono mugikor arruntek, eta urte batzuk geroago smartphone-ek, erabat aldatu dute XXI. mendeko gizakion bizimodua. Egungo telefonoen funtzioa komunikaziotik haratago doala. Telefonoek gero eta aplikazio gehiago dituzte gure eguneroko bizitza erraztea helburu dutenak. Horren adibide bat besterik ez da, hain justu, arestian aipatutakoa, diabetikoendako hain lagungarria izan daitekeena. Guk gure aldetik betebehar bakar bat daukagu, ziurtatzea smartphone-a ez dela bateriarik gabe gelditzen… bestela, akabo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.