Baliabideak edo gaitasunak

2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Etorri da zirt edo zart egiteko unea. Bada garaia medikuok euskaraz lan egiteko, gure oharrak euskaraz idazteko. Inori baimenik eskatu gabe. Badira urte batzuk historia klinikoa euskaraz eskatu genuela. Legearen arabera, eta ez dakienarentzat, historia klinikoa deitzen zaio paziente batek jasotzen dituen osasun-laguntzako prozesu guztien datuak, jasotako arreta klinikoa argi eta labur azaltzen duten dokumentu eta erregistro informatikoen multzoari. Azken batean, osasun arretaren gorabehera guztiak, medikuon lan-tresna. Osasungintzan euskaraz lan egitea hori baita: ez soilik langileen artean euskaraz egitea, dokumentazio klinikoa ere euskaraz lantzea baizik. Ez da osasun sistema euskaldunduko historia klinikoa erdaraz idazten dugun bitartean.

Hori kontuan izanda, euskararen ibilbideak edo zirkuituak eskatu zitzaizkion Osakidetzari,noiz eta 2013an: Ā«Alde batetik, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko, eta bestetik, pazienteen hizkuntza eskubideak bermatzeko, kasu honetan eta eurek horrela nahi izanez gero historia klinikoa euskaraz izan dezatenĀ». Baliabideak ere aipatu ziren: lanean darabiltzagun aplikazio informatikoak euskaraz edukitzea, alegia.

Osakidetzako zuzendaritzak ez du historia klinikoa euskaraz nahi. OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, aldiz, ez dago aurka, baina itzulpena lehenetsi du bitarteko gisa. Langile elebidun nahikorik ez dagoenez, euskaraz idatzitakoa itzuliko duen programa informatikoa, alegia, profesionalen arteko hizkuntza-mugak saihesteko. Zuen segurtasunerako, badaezpada, eta soka ez astintzearren. Ur handitan ibiltzea omen da euskaraz idaztea. Behar denean, edozein laguntza eskertzekoa izaten da. Izan ere, baliabideak ezinbestekoak dira: galtza nasaiak ahal direnean, estuak besterik ezean.

Baina OEEk bete-betean hanka sartu du, oinarrian huts egin, kontzeptuak nahastuz. Gauza bat dira baliabideak eta bestea gaitasunak. Hasteko, hizkuntza-justizia oinarrizkoa da: norberak, edo giza talde batek, bere ama-hizkuntza edo borondatezkoa hitz egiteko aukera librea, euskaraz bizitzeko gutxieneko baldintzak. Legeak edozer gauza esan dezake, edozein eskubide onartu, baina baliabiderik ez badago, funtsean, ez dago euskaraz bizitzerik. Gaur egun hemen gertatzen dena. Baina baliabideak nahikoak al dira? Ezta pentsatu ere, indarrean dauden gizarte-arauek jendearen gaitasunak, nahiak eta grinak itotzen badituzte. Erabiltzaile eta profesionalen arteko harremanak, hala nola langileen artekoak, idatzi gabeko arauek baldintzatzen dituzte, gizarteak edo inguruneak onarturikoak. Gurean, gazteleraz egitea da berez eta oharkabean inposatzen dena, normala bailitzan. Itzulpen-zerbitzua, azken batean, horixe litzateke: mendeko hizkuntzaren erabilera ahalbidetzeko xedearekin euskaraz idazteko baimena ematen duen baliabidea, baina mendekotasuna eta hierarkiak onartuz. Galtza estuak gero, estutasunean, baimena eskatu behar izatea. Horrek ez du adoretuko euskaraz egitera eta ez da, hortaz, eraginkorra izango. Gazteleraz lan egiteko joera ez baitu apurtzen.

Euskararen ibilbideen asmoa oso bestelakoa zen: langileak eta erabiltzaileak antolatzea, euskaraz egitera adoretzea, jakinda ondoren etorriko zen erizaina, edo medikua, euskalduna izango zela. Langileak engaiatu, gaitu. Euskaraz lan egin, historia klinikoa euskaraz idatziz. Eta baten batek ez baleki, behintzat bagarela agerian utzi, euren oniritzirik gabe ere. Hizkuntza-mugei aurre egiteko, Osakidetzak behar dituen bitartekoak (teknikoak zein giza baliabideak) gara zitzala, erakundea baita arduraduna.

Ibilbideak ez dira espero genuen bezala garatu, eta euskara, berriro ere, ahozko harremanetara mugatzea erabaki du zuzendaritzak. OEEk itzulpen-zerbitzuak lehenetsi ditu, zoritxarrez. Batetik, urteak beharko dira horretarako. Bestetik, gizarte-arauak bere hartan geldituko dira, harresi gaindiezina. Euskara bigarren mailako hizkuntza izango da, hautazkoa, baina inondik inora ez beharrezkoa. Gaztelera, ordea, guztiona, derrigorrezkoa, gure segurtasunagatik, langile elebakarren lasaitasunerako. Baliabide bat gehiago, baina gaitasunik ez. Euskaraldian egongo dira, belarria prest, aho bizi, baina idatzi ezean, besomotz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.