Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

DNA, patogenoak arrantzatzeko sarea

2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
DNA molekulaz zerbait irakurtzen edo entzuten dugunean, ziur nago ia gehienoi gene edo genoma gisako kontzeptuak datozkigula burura. Izan ere, badakigu DNA mezu genetikoaren eramailea dela. Baina hori al da DNAren betebehar bakarra? Orain gutxi arte, baietz uste zen. Halere, beste behin, zelulen biologiak sorpresa bat zeukan gordeta guztia dakigula uste dugunontzat.

DNAk informazio genetikoa gordetzeaz gain, gure gorputza inbaditzen duten patogenoei eraso egiteko ahalmena dauka. Immunitate-sistemako zelula batzuek, neutrofiloek, guretzako kaltegarriak izan daitezkeen bakterio, birus edo onddoak atzematen dituztenean, nukleoko DNA eta proteina antimikrobianoak kanporatzen dituzte, eta hil egiten dira. Datuen arabera, batez beste, gure zelula bakoitzeko nukleoan bi metro DNA daukagu. Beraz, behin kanporatuta, sare-itxura duen DNA erraldoiak agente patogenoak korapilatzen ditu, eta proteina antimikrobianoak, berriz, horiek suntsitzeaz arduratzen dira. Fenomeno hori aurkitu zuten zientzialariek esan zuten bezala, neutrofiloek eztanda bidez beren buruaz beste egiten duten terroristen antzera jarduten dute, betiere organismoaren mesedetan. Baina neutrofiloak ez dira DNA defentsa mekanismo gisa erabiltzen duten zelula bakarrak.

Immunitate-sistemako B-zelulek ere elementu arrotzen aurrean DNA kanporatzen dutela behatu dute. Neutrofiloek ez bezala, B-zelulek mitokondrietan gordeta daukaten DNA (mtDNA) kanporatzen dute, eta ez dira hiltzen DNA puska txikietan desegiten dutenean. mtDNA.k ere agente patogenoak korapilatzen ditu. Baina, goiko kasuan ez bezala, B-zelulek abiatutako erasoaldia ez da gai elementu arrotza suntsitzeko. Aitzitik, mtDNA.ren kanporatzeak seinale gisa funtzionatzen du, immunitate-sistemako beste zelula batzuk infekzio gunera erakartzeko, eta patogenoa deuseztatzeko. Oraindik mekanismo horren xehetasunak ezezagunak dira; beraz, zientziak badauka beste erronka bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.