Kataluniako erreferenduma. Euskal Herria. IRITZIA

Glasgow, Bartzelona... Bilbo?

Igor Calzada - Oxfordeko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea

2017ko urriak 1
BERRIAko lagunek konparazioa egiteko eskatu badigute ere, iruditzen zait paralelismoak ekidin behar ditugula, estrategietan bederen. Gurea eta Kataluniakoa (Eskoziakoa ere esango nuke) arras ezberdinak baitira. Katalunia: (bat) gizarte zibilaren duintasuna berreskuratzeko bulkadaren isla da orain, (bi) alderdikeriaz haratago jokatu dutela esan liteke (oro har), (hiru) estatut/kontzertu ekonomiko/itun fiskal baten ukazioa izan zelarik abiapuntua. Horri guztiari, aurreikus zitekeen moduan, Estatuaren erantzun errepresiboa gehitu zaio. Desobedientzia zibila legalitate autoritarioaren erantzun zuzena izaten ari da.

Urriaren 1etik aurrera, erabakitze-eskubideari, eskubide zibil, politiko eta hiritarra gehituko zaio. Habermas, Thoreau, Lefebvre, Harvey eta Castellsek aurreikusi bezala, hirietan gertatzen ari baita Estatuaren berregituraketaren eraldaketa. Konfrontazioa —borroka armatuaren logika erratua aspaldi gaindituz— hirietan gertatzen (ari) da. Eraldaketa politikoak, eraldaketa urbanoaz anplikatuz efektua. Bartzelona, Glasgow izan zen moduan Eskozian, gakoa izanen da egunotan. Gure Esku Dago-ri kartografia berria maneiatzen hastea aspaldi gomendatu diot; esan bezala, uste baitut eraldaketa urbanoek anplifikatzen dutela erabakitze-eskubidearen praktika, independentziarako bidea eraikiz.

Hala ere, gure abiapuntua ezberdina da, eta hor gradualismoa ez dugu lortzen gure artean modu eraginkorrean kudeatzen. Esaterako, kontzertu ekonomikoa eta erabakitze-eskubidea uztartu beharko lituzkeen aukera bat eskaini behar zaigu euskal hiritarroi, bozkatuz. Ezin da estatus berri bat planteatu «hain ondo bizi garenean» eta gizartea debate politikoaz aspaldi off dagoenean. Baina, bestalde, esan behar da Estatu egituraketaren eztabaida mahai gainean jarri duela Kataluniako ahalduntze hiritarra izan den procés-ak, Estatu osora zabalduz. Eta nazioartera ere iritsi da. Gu kalera aterako ginateke, gure duintasun hiritar/identitarioa behar materialekin txertatuko balitz. Bozkatzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, ba al da proiektu independentista programatikorik gurean?

Hala ere, nazioartetik, oso garbi geratzen ari da Estatu espainolean ezin dela independentismoa proiektu politiko gisa mahai gainean jarri. Izugarria da estatu baten egituraren eztabaida bera mehatxu gisa ulertzea Estatuko iritzi publikoaren gehiengo zabal baten partetik. Onartezina. Horrek tristatzen nau gehien, eta dena esaten du egoeraz. Erantzun errepresiboa hausturaren isla da.

Bestalde, badago 78ko trantsizio garaitik PSOE eta ezker tradizionaletik nolabaiteko nostalgia, egoera aldakor berriaren aurrean erresistentzia moduko bat: prozeduraren kalitatea dudan jarriz, eskubidea bera ukatzen duena. Harrigarria, Europako sozialdemokrazia federalistatik oso urrun, esan behar baita.

Eragina gurean? Baliteke, baldin eta EH Bildu, EAJ eta Podemos, (agian PSE-EEko zenbait sektore ere bai), Estatu-krisi eta erantzun errepresiboak, eskubide hiritarrak duda-mudan jarri dituela onartuko balitz aho batez. Edukietan debate sakon bat eginez ( Eskozian ikusi genuena bezala, Katalunian debatea ez baita sakona/gardena izan edukietan), baiezko edo ezezko bozkatzeko aukeraz haratago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna