Aulki mugikorra. Ainhoa Iñigez. Zuzendari teknikoa

«Klubek ez dute ezer egiten egoera hobetzeko»

Duela urtebetetik da Euskal Federazioko zuzendari teknikoa, eta onartu du aulki mugikorra ez dagoela osasuntsu. Uste du euskal selekzioa lagungarri izango litzatekeela.

Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Matematikaria eta arraunlari ohia da Ainhoa Iñigez (Donostia, 1985), eta iazko abuztutik, Euskal Federazioko zuzendari teknikoa. «Lanpostuari baino denbora gehiago ematen diot honi», esan du, aulki mugikorrak Euskal Herrian duen egoerari argazkia ateratzen hasi aurretik.

Zein da egoera?

Azken hamar urteetan edo lehenagotik beherakada nabarmena izan da. Seniorretan emakumezko gehiago daude, baina mutiletan ez du gora egin aulki mugikorreko arraunlarien kopuruak. Klubek ez dute ezer egiten aulki mugikorra hobetzeko.

Zergatik?

Klubek uste dutelako ez diela laguntzen traineruan maila ona ematen. Ez dute sinesten aulki mugikorrean arituta hobeto ibiliko direnik traineruan, baina, urte asko ez dela, horrela egiten zuten. Tostako arraunak indar handia hartu du, eta beste modu batera dauzka egutegiak. Lan gehiago eskatzen du aulki mugikorreko taldeak edukitzeak, eta ez da egiten ez delako egin nahi. Orion dira estropada gehienak, Legutioko urtegian [Araba] gutxi batzuk, eta hor ez da ezer aldatu. Gezurretan ezin dugu geure burua konbentzitu: ez dugu ezer egin.

Federazioak zerbait egiteko asmoa du klubetan eragiteko?

Federazioa klubak dira, eta egin ditzake proposamenak gauzak aldatzeko, baina, kluben ikuspuntuarekin bat ez badator, alferrik da. Gainera, Federazioak ez dauka egitura bat horrelako zerbait egiteko. Egutegia aurrera ateratzeko sekulako zailtasunak dauzkagu bi modalitateen artean. Zerbait ezberdina asmatu behar dugu, baina, agian, klubek ez dute gehiago nahi. Elkartu izan dira klubak beren kabuz gauzak aldatzeko, baina ez da ezer egin.

Zertan da Legutioko pista?

Kexak daude haraino joan behar delako. Leku egokiagorik ez daukagu. Pentsatu beharrean gora iristen diren arraunlarientzat mesedegarria dela aulki mugikorrean jarraitzea, edo bi modalitateak uztartu daitezkeela, erdiko bidean geratzen dira. Arraunlari pila bat galdu dira. Arraunak badu erakargarritasuna, klubek lan ona egin dute, baina aulki mugikorraren osasuna ez da ona. Estropadetan, ontzi gutxi dabiltza.

Nola aldatu daiteke joera?

Estropadak egiteko modua aldatu beharko genuke. Zergatik sartzen ditugu estropada guztietan modalitate guztiak? Batzuetan, bi ontzi bakarrik aritzen dira. Lehia handiagoa sortu beharko genuke, azkenean horrek hobetzen baitu maila. Baina errazena da ez aldatzea, edozein aldaketak lan gehiago dakarkielako klubei.

Desagertzeko arriskuan dago aulki mugikorra Euskal Herrian?

Ez, ez delako lehen baino askoz gutxiago egiten. Seniorretan galtzen ari da, eta ez dakit hobetuko den. Klubek ez badute nahi, ez da aldatuko. Ulertzen dut klubei dirua traineruak ematen diela, eta hori aldatu ezean... Ontziak badaude lehian, baina kalitatea den bezalakoa da. Ematen du Hondarribia eta Orio ez badoaz ez dagoela ezer, eta Raspas ere beste bi horien alboan jartzeko bidean doa. Begira Zarautzi: lan zoragarria ari da egiten mugikorrean, eta zerbaitegatik erabaki du hori lantzea. Agian, ikusi du mesedegarri zaiola trainerurako.

Euskal selekzioak lagun dezake sustapenean?

Lagungarri izan behar duela garbi daukat. Baina selekzioak ezin du parte hartu estropada ofizialetan, eta arazoa dago arraunlariak edukitzeko. Beti da garai txarra. Estropadetan ematen dugun maila ez da benetakoa. Ez dugu nahikoa baliabide gora iristen diren arraunlariek aukera izan dezaten gorago segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.