Athletic gora begira jarriko da hazita dagoen Valentzia menderatuz gero

Marcelinoren taldea Kopako finalerako sailkatu berri da, baina talde zuri-gorria ere konfiantza handiz ari da azken asteotan

haritz gallastegi
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Athleticek hazten jarraitu gura du Mestallan. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak denbora gutxian lortu du luzerako kontua izango zela zirudiena: jaitsierako postuetatik ihes egitea. Horrenbestez, ligaren azken txanpan beste urrats bat egin gura du. Amildegiari begirik kendu barik, txapelketa amaieran sei onenen artean sartzeko borrokan egotea du xede. Europa aintzat hartzeko helburua den argitzeko edo egungo Athleticentzat urrun dagoen xedea den jakiteko, mugarri izan daiteke Valentziaren kontrako gaurko neurketa.

Bi taldeek orain arte egin duten ibilbideak antzekotasun handiak ditu. Hasteko, bai Valentzia eta bai Athletic sasoiko boladarik gozoenean daude. Marcelinoren taldeak Txapeldunen Ligaren exijentzia ordaindu zuen liga hasieran, eta kosta egin zaio emaitza onak kateatzea. Athletic ere behetik gorako bidea egiten ari da. Bestalde, bi taldeak lehiakorrak dira oso. Ondo antolatuta daude, eta ez dira gainditzen errazak, baina, era berean, asko kostatzen zaie garaipenak eskuratzea.

Valentziak etxean jokatzearen abantaila izango du, eta Athleticentzat zelai zaila izan da beti. Bide batez, Kopako finalerako sailkatu berritan esne mamitan egongo da Marcelinok zuzentzen duen taldea. Ahalmen ekonomiko handiko kluba izan arren, 11 urte pasatu dira azken finala jokatu zuenetik. Hain zuzen ere, azken egunotan izan duten poza eta jai giroa baliatzen ahaleginduko da Athletic etxera hiru puntuekin bueltatzeko.

Garitanok hegalak antolatzeko orduan izan ohi du zalantza gehien, eta gaur ere ez da salbuespena izango. Capak min hartu zuen osteguneko lan saioan, hortaz, De Marcos itzuliko da atzera. Zelai erdian, Susaeta edo Ibai aukeratu beharko du. Kapitainak aukera handiagoa du jokatzeko. Ezker hegalean, berriz, Berchichek eta Muniainek dute jokatzeko aukera handiena, baina Balentziagaren parte hartzea ezin daiteke baztertu

VALENTZIA-ATHLETIC

Valentzia. Piccini, Gabriel Paulista, Roncaglia, Gaya; Soler, Kondogbia, Parejo, Txerisev; Rodrigo eta Santi Mina.

Athletic. Herrerin; De Marcos, Yeray, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Beñat, Susaeta, Raul Garcia, Muniain; eta Williams.

Epailea. Medie Jimenez.

Lekua. Mestalla (55.000 ikusle).

Ordua. 20:45 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.