Elixabet Etxandi.
IRITZIA

Ezinbertzean

2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun

Mende bat aurten Xalbador sortu zela. Bere biziak zein heriotzak bertsolaria eta gizona mitifikatu dituzte gaur egun arte. Gibelera begiratuz, ulergarria da: guti dira mundu honetan haien omenaldi egunean zendu direnak, edo publikoaren txistualdiak jasan ondotik oraindik taula gainean kantatzera menturatzen direnak. Niri ere bitxi egiten zait orduz geroztik mende bat pasatu dela pentsatzea, beti gugandik hurbil sentitu dugulako istorioa; kasik gurea. Denborak bere lana egin du, eta dudarik ez da bertsolariaren figura eta oro har bertsogintza bera anitz aldatu direla. Anakronismo hutsa litzateke Xalbador bat aurtengo Xilaban kantatzen entzutea, adibidez, bere kantaerak zein ideiek talka eginen bailukete gaurko panoramarekin. Bertsolaritza mundu honen joera segituz aitzinarazi dugulako urte luzetan, hiritartuz eta unifikatuz. Alta, uste dut oraindik anitz badugula ikasteko Xalbador bezalako bertsolari batengandik. Artistaren eta gizonaren arteko bereizketa eztabaidagai den honetan, artistari erreparatu nahi diot, gizonarekin eta den subjektu politikoarekin ditudan desadostasunak alde batera utzita. Gizonak bere alde ilunak izanen zituen, baina bertsolariak altxor bat utzi digu esku artean.

 

Oraindik badira kolegio batean edo zikiro batean kantatutako kantu bateko protagonista bezala ikusten dutenak Xalbador. Baina, noizbait entzun dudan bertso batek dion gisara, errua ez da haiena: guri datorkigu Xalbadorrek utzi ekarpenaren berri ematea. Izana eta izena. Pertsonalki, hein batean bi hauek zor dizkiot. Odolaren mintzoa irakurriz, ebidentea egin zitzaidan bertsoa ez zela bakarrik liburu zahar bateko orri horituetan utziko nuen zaharkeria bat. Oro har, nire baxenabartar eta artzain alaba gisa eman didan ereduaz gain, uste dut balio digula bertsolaritza hegemonikotik haratago kokatu daitezkeen bertsolari desberdin guzien birbaloratzeko. Oroitarazteko oholtzako bertsolariez gain oraindik badirela euskara batua guti erabiliz eta modernizazioak ekarri formaltasunetik kanpo kantuz ari direnak. Edo alderantziz: taula gainean ere gehiago ikusi beharko liratekeela kanonetatik at diren bertsolariak.

Ez da beti erraza gehiengotik kanpo kokatzea. Xalbadorrek berak pairatu zituen, txistuekin, horren ondorioak. Mende bat geroago, garaian txistukatuko gintuztenok kantuan gabiltza gure hegoaldeko arreba-anaiekin. Tristea da, baina Xalbadorrek jasan umiliazioa ikusi behar izan dugu bestearen diferentzia linguistikoa aberastasun gisa ulertzeko. Ehun urte ez dira aski izan zazpi minutuko txistualdiaren oihartzuna estaltzeko.

Mendeak mende, Xalbador zenak gure aroa eraldatzeko ezinbesteko giltza batzuk ematen dizkigu. Nahiz bere ideiak arkaikotzat jo daitezkeen gaur egun, bere garaiarekin koherentzia osoan ziren. Gu ere ohitu gara gure garaian erosoa eta gure publikoak entzun nahi duen hori kantatzera. Ideiak aldatu dira, baina ohiturak ez. Orain, egiaren minaren beharra dugu bertsotan ere, gure errealitatea tratatzeko eta eraldatzeko, ezin bertzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.