Jaiak Gasteizen

Plaza hutsalaren zentzurik eza

Zezenketarik gabeko hirugarren urtea du aurten Iradier Arena zezen plazak. Egunero bigantxak egoten badira ere, jaietako eremu nagusi izateari utzi dio azken urteetan. Blusa eta nesken joan-etorrien usadio zaharrak ere bazter utzi du dagoeneko.

Plaza hutsalaren zentzurik eza.
aitor biain
Gasteiz
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Blusa eta nesken kuadrillak Posta Kalean elkartu dira, arratsalderobezala. Joan-etorria edo kalejira egingo dute erdiguneko kaleetan zehar, usadioak agindu bezala, festa giroan. Dato kalea zeharkatuko dute aurrena, eta Florida kalea ondoren, inora ez iristeko. Tira, Berpizkundearen plaza izaten dute helmuga, teorian, Iradier Arena zezen plaza dagoen plaza; bertan amaitzen baita joaneko ibilia, eta bertan hasi itzulerakoa. Praktikan, ordea, plaza hutsala da jaietan: ezerezaren plaza.

Izan ere, hiriaren erdigunea eta zezen plaza lotzea izaten zuten helburu joan-etorriek hasiera batean, baina gaur egun hori ere ez dute egiten: aurten ere ez baita zezenketarik jaietan. Ondorioz, blusak eta neskak ez dira eraikineraino iristen, hori irudikatzen badute ere. Metro batzuk lehenago dagoen zabalgunean geratzen dira, bertan ezer ez egiteko. Batzuek kale edanerako baliatzen dute tarte hori; beste batzuk, aldiz, inguruko tabernetara joaten dira itzulerarako ordua iritsi arte.

Ez dira garai onenak Gasteizko zezen plazarentzat, ez baitu ia erabilerarik jaietan. 2016an izan ziren azken aldiz zezenketak, udalak diru publikoz laguntzea baztertu ondoren. Ez daude debekatuta, hala ere: azkeneko urteetako ikusle kopuru eskasak ekarri du egitarautik desagertzea. Izan ere, udal ordenantzak Santiago eguneko asto lasterketak debekatu bazituen ere, ez du aipamenik egiten zezenketen inguruan.

Hain zuzen ere, horri esker da oraindik jaietako ekintza gutxi batzuen gune: bigantxak izaten baitira goizero. Errekortariek ikuskizuna eskaintzen dute aurrena, eta, ondoren, publiko zabalarentzako tartea izaten da, 16 urte baino gehiagokoentzat. Urtetik urtera, hala ere, gero eta ikusle gutxiago dituzte bigantxek ere. Atzo bertan, esaterako, ez zuten mila ikusleko langa gainditu, kontuan izanik Iradier Arenak zazpi mila ikuslerentzako tokia duela.

Joan-etorrien zentzua

Unai Ibañez izan zen zezen plazara joandako bat. Lehen aldiz joan zen bigantxak ikustera. «Batez ere, seme txikiari zezenak eta behiak gustatzen zaizkiolako etorri gara, zuzenean ikustera». Inoiz ez du plazara joateko ohiturarik izan, hala ere. Hemeretzi urte egin ditu blusa moduan, Basatiak kuadrillako kide izan da tarte horretan, eta behin bakarrik ikusi ditu zezenketak plazan. «Orain urte batzuk kuadrillarekin etortzen ginenean plazaraino etortzen ginen, baina ez ginen barrura sartzen, kanpoan geratzen ginen. Elkarrekin egoteko tarte bat izaten zen guretzat».

Azken urteetan gertatu da ohitura aldaketa hori, oinarrian, gaur egungo kalejirak ez baitu zerikusirik iraganekoarekin. Adituen esanetan, XIX. mendean gazte batzuk blusak janzten hasi ziren zezenketetara joaten zirenean, ospakizun egunetako arropa dotorea zikindu ez zedin. Erdiguneko kaleak zeharkatzen zituzten, jakak soinean zituztela. Ohitura hura orokortu, eta, ibilian-ibilian, gaur egunera arte iritsi da.

Zezen plaza ez erabili arren eta helmugak zentzurik izan ez arren, kalejirari eustearen alde agertu da Ibañez. Iritzi bera dute Paula Fernandezek eta Koral Fernandezek ere. Zortzi urte daramatzate neska moduan, eta inoiz ez dira plazara sartu: «Zezenketak desagertu dira, baina ez da ezer gertatzen. Aurrera egin dugu, besterik gabe. Ez dugu haien falta sumatzen», adierazi dute, joaneko ibilbidea amaitu ostean. Ibañezek, ordea, ñabardura bat egin du: «Joan-etorrien ikuspuntua aldatu behar da. Egun, prozesioak dira, eta, kanpotik ikusita, mozkor irudia ematen dugu. Hori ez da gure ikuspuntua; ez da nik bizi izan nuena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.