Osasuna eta Eibar aurrez aurre gaur Sadarren, premia handiko derbian

Nafarrak jaisteko postuetan daude, eta puntu bakarrera dituzte gipuzkoarrak. Ramalho eta Dmitrovic, deialdietako berritasun nagusiak

Eibar-Osasuna lehen itzuliko partidako jokaldi bat, Ipuruan. JON URBE / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Tentsio handiko partida jokatuko dute gaur Osasunak eta Eibarrek Iruñean. Presioa beharraren araberakoa izaten da, eta, oraintxe, bi taldeek dute premia gorria, bete-betean daudelako sartuta mailari eusteko borrokan. Osasunak jaisteko postuetan jokatuko du lehia, Alavesek herenegun irabazi ondotik, eta Eibarren lepotik arnasa apur hartzen saiatuko da. Hemeretzi puntu dituzte nafarrek, eta soilik bat gehiago gipuzkoarrek. Bada, gaur lau puntu izango dituzte jokoan, bien arteko golen aldea ere erabakiko baita —hutsean berdindu zuten Ipuruan—.

Munta handiko partida da bi taldeentzat, baina Jagoba Arrasatek ez du uste final gisa jo daitekeenik. «Finalen ostean, ez da beste ezer gelditzen. Eibarri irabazita ere, oraindik puntu asko beharko ditugu; eta galduz gero, salbazioa lortzeko aukerak izaten jarraituko dugu». Eibar bisitari gisa txukun ari dela goratu du teknikari gorritxoak, eta adierazi «azken lehian baino eraginkorragoak» izan beharko dutela Jose Luis Mendilibarren taldeari irabazteko.

Arrasatek deialdian sartu ditu Budimir, Torro eta Aridane, arazo fisikoak gaindituta. Bestalde, Jonas Ramalhok debuta egin lezake Osasunako jokalari gisa.

Eibarrek aurrenekoz irabazi nahi dio Iruñeko taldeari Lehen Mailan. Bost aldiz jokatu du gorritxoen kontra, eta behin ere ez ditu garaitu —bi porrot eta hiru berdinketa—. Bada, Mendilibarren ustez, «gutxienez aurkariaren bizitasun bera» izan beharko dute gaur Sadarren punturen bat bildu nahi badute. Osasunaren inguruan, esan du Eibarren antzeko estiloa duela. «Aurkariaren zelaian jokatu eta hegaletatik sartzea gustatzen zaio, eta presio egiten oldarkorra da». Uste du Dmitrovic jokatzeko moduan izango dela; deialdian sartu du.

OSASUNA-EIBAR
Osasuna. Herrera; Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Manu; Oier, Moncayola, Javi Martinez, Barja, Ruben Garcia; eta Calleri.
Eibar. Dmitrovic; Pozo, Bigas, Oliveira, Arbilla; Inui Diop, Exposito, Bryan Gil; Kike Garcia eta Muto.
Epailea. Figueroa Vazquez.
Lekua. Sadar.
Ordua. 18:30ean (Movistar Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.